Literaturak idazle handiei ere jaten ematen ez dienean

Ernest Hemingway Gurutze Gorriko anbulantzia batean, Italian, 1918an. Hainbat idazlek jardun zuen joan den mendean anbulantzia gidari lanetan, diru beharrak baino gehiago gerrak bultzatuta.
Ernest Hemingway Gurutze Gorriko anbulantzia batean, Italian, 1918an. Hainbat idazlek jardun zuen joan den mendean anbulantzia gidari lanetan, diru beharrak baino gehiago gerrak bultzatuta.Ernest Hemingway Photograph Collection
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

San Francisco (AEB), 1889. Hamahiru urte besterik ez zituela Jack London idazlea (1876-1916) Hickmott ontziratze fabrikan lanean hasi zen. Egunero hamabi eta hamazortzi ordu bitartean ematen zituen lantokian, eta baldintza gogor horiekin nazkatuta, legez kanpoko ostra-bilketan hasi zen. Alderrai ere ibili zen, kartzelatik pasa zen eta urrearen sukarrak harrapatu zuen. Mende berria  estreinatzearekin bat, London inprenta teknika berritzaileak erabiltzen hasi zen bere idazlanak merke argitaratzeko eta, hala, 25 urte zituela, literatura bizibide izatea lortu zuen.

Wallace Stevens (1879-1955) abokatu lanetan aritu zen poeta arrakastatsua izan baino lehen, baina Londonek ez bezala, zuzenbideari eutsi zion arrakasta lortu ondoren ere. Henry David Thoreau familiaren arkatz fabrikako langile izan zen –idazteko materialean aurrezteko aukera izan zuen behintzat–; Charles Dickens betun fabrika batean aritu zen; Arthur Conan Doyle oftalmologoa zen; eta Richard Wright, postaria.

Zenbaiti lanbide alternatiboak karrera literarioan lagundu zion. Langston Hughes-i (1902-1967), jatetxe baten zerbitzari ari zela, Vachel Lindsay poetaren mahaia zerbitzatzea egokitu zitzaion. Zoparekin batera berak idatzitako olerki sorta  eman zion Lindsayri, eta bere bizimodua goitik behera aldatu zen handik aurrera.

Beste zenbaitentzat inspirazio iturri izan ziren halabeharrezko lan horiek. Ostra, urre edo arazo bila ibiltzeak eragin handia izan zuen Jack Londonen obran. Eta gasolindegi batean lan egitea ziur aski lagungarri izan zen Jack Kerouacentzat On The Road errepide-nobela idazteko.

Idazleen “beste” lanbideetan ohikoenetakoa, harrigarria badirudi ere, anbulantzia gidari izatea izan zen joan den mendean. Ernest Hemingway, Dashiell Hammett, E. E. Cummings, W. Somerset Maughan, John Dos Passos eta Archibald MacLeish zaurituak garraiatzen aritu ziren, Lehen nahiz Bigarren Mundu Gerretan. Beraz, diru faltak edo inspirazio beharrak baino gehiago, gerrak eraman zituen anbulantziak gidatzera.

Aipatutako idazle guztien artean emakumerik ez dago, ez idaztea denbora osoko jarduna  izateko zortea izan zutelako, soldata eta aitorpenik gabeko lanetan jardun ohi zutelako baizik. Eta sarritan idazle izateko aukera ere ukatzen zitzaien, Brontë ahizpei bezala. Emilyk eta Annek gizonezko izenordeak asmatu zituzten lanak argitaratu ahal izateko, eta Charlottek zuritzen zituen pataten artean ezkutatu behar izaten zituen Jane Eyre maisulanaren eskuizkribuak.


Irakurri gehiago: Historia Esklabotza Kolonialismoa
Historia kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...