Lagun eta jolas artean bizipenetatik ikasten

  • Udako lehen eguzki printzekin batera, gaztetxoak atzean utzi du etxeko atea. Maleta eskuan, udalekuak ditu helmuga. Bi astez lagun zaharrekin elkartuko da, jolastu eta gustuko ekintzak gauzatzeko. Oraindik ez daki epe horretan uste baino gehiago ikasiko duela.

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Iaz ezagututako lagunekin elkartzear den gaztetxoarentzat udalekua aisialdi gunea besterik ez da. Eta bat dator Harluxet hiztegiak egindako definizioarekin: “Aisialdia zereginik gabeko denbora da, atsedenezko, erosotasunezko egoera (...) nahi den eran bete daitekeena”. Ongi pasatzeko denbora, alegia. Udalekuen antolakuntzaz arduratzen diren askok eta askok badakite, ordea, gehiago dela: aisialdia hezitzailea izan daiteke, eta udalekuak udaz gozatzeko guneak izateaz gain, sasoi horretan ere gauza ugari ikas daitezke.

Hori da Gipuzkoako Urtxintxa Eskolaren ikuspegia eta Izaro Susperregi kidearen iritziz, aisialdiko heziketan hiru zutabe garrantzitsu daude: denbora librean gauzatutakoa izatea, askatasunez aukeratutako denbora izatea eta burutzen diren ekintzek plazera eragitea. Urtxintxak 6 eta 13 urte bitartekoentzako udaleku itxiak nahiz irekiak kudeatzen ditu eta Susperregiren kide den Xabier Ormazabalek dioenez, bai batean bai bestean elkarbizitza sortzen da. Etxetik urrun eraikitzen den elkarbizitza horren oinarria taldea da eta denek lan egiteko eta bizitzeko arau berriak onartu behar dituzte, talde horretako kide bakoitzaren erritmoak errespetatuz. “Herri txiki bat hasieratik eraikitzea bezala da”, dio.

Egunerokoan ikasia

Udaleku itxiek 24 orduz elkarbizitzeko eta egunerokotasuneko gauza ugari mahaigaineratzeko parada ematen dute. Parte hartzen duten haur eta gazteek gauzak zaintzen eta antolatzen ikasten dute, eta autonomia pertsonala lortzen dute udalekuetan. “Aste guztian beraien motxila maneiatu behar dute eta bertan duten arropatik zein jantzi erabaki behar dute, ez dute atzetik heldurik hori esateko”, azaldu du Susperregik.

Baina balioak ez dira modu indibidualean bakarrik lantzen udalekuetan. Jarduera jakinei lotutako udalekuak antolatzen dituen Ikastolen Elkartean ere lantzen da autonomia, Arantzan egin ohi diren 12 eta 18 urte artekoentzako Gazte Egonaldietan, esaterako. Ikus-entzunezkoak dira egonaldi horietako amua eta parte-hartzaileek film labur bat sortu behar dute. Nagore Amondarain Ikastolen Elkarteko udalekuen arduradunaren esanetan, gazteei dagokie lanketa osoa: “Gidoi teknikoa egiten hasten dira eta eurek banatzen dituzte ardurak, bat zuzendari-lanetan jartzen da, bestea kameralari, beste bat audio-arduradun... Haiek dira protagonistak hasieratik amaierara, begiraleak kasik behatzaile lana egitera baino ez dira joaten”. Autonomia ez ezik, sormena ere lantzen dute aste horretan.

Elkarlana da egonaldietako beste ardatzetako bat. Badakite hori Euskal Udalekuetan. Abaigarko, Bernedoko eta Goñiko etxeek bakoitzak bere antolaketa izan arren, guztiek irizpide berdin batzuk dituzte. Horietako bat da elkarlana jolas kooperatibo eta ez lehiakorren bitartez lantzea. Zer diren jolas kooperatiboak? Kide guztiek hasi eta amaitzen dituzten jolasak, hau da, jarduerak aurrera egin ahala inor kanporatzen ez dutenak, galtzailerik gabeak. Parte-hartzaileek gozatze hutsagatik jolasten dute eta talde-lanean aritzen dira, bakoitzaren trebetasunek bat egiten dute helburu jakin bat lortzeko.

Urtxintxa Eskolak antolatutako udalekuetan ere hala egiten dute lan eta adibidez Matxinsaltoa jolasean aritzen dira. Ume andana jausgailuaren inguruan kokatu, erdi-erdian baloia edo globoa (matxinsaltoa) jarri eta denen artean lortu behar dute matxinsaltoa ez dadin jausi.

Parte-hartzaile guztiak dira berdinak udalekuetan eta parekidetasun hori lantzen dute egunerokotasunean. Horretarako eredu izatea bezalakorik ez, eta Euskal Udalekuetan, esaterako, izen-emate garaian dauden plazak gainditzen badira, hautatzeko zozketa beharrean bestelako irizpideak erabiltzen dituzte, tartean nesken eta mutilen arteko parekidetasuna mantentzea. Gainera, egonaldiak iraun bitartean sexu aukera guztiak normaltasunez adierazten saiatzen dira.

Natura inguruneekin estu lotutako jolasak eta mendi ibilaldiak egiteko ere aprobetxatzen dira udalekuak, ingurumenarekiko errespetua eta interesa sustatuz. Ildo horretan, kontsumismoa gutxitzearen eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin dute eta Euskal Udalekuetan, adibidez, gazteek ez dute dirurik erabiltzeko aukerarik. Horren ordez, berrerabilpena eta birziklapena bultzatzen dituzte.

Euskara eta euskal kultura

Aipaturiko hiru ereduek euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa dute ardatz. Hiruetan, euskara da erabiltzen den hizkuntza bakarra –Ikastolen Elkarteak antolatutako ingeles udalekuetan salbu–. Urtxintxako Susperregiren hitzetan, aisialdia hizkuntza normalizatu beharreko esparru bat gehiago da eta garrantzi handiagoa izan dezake, eremu formaletik kanpo ateratzen delako eta beste maila bateko harremanak sortzen direlako. “Ulertarazi nahi diegu euskara ez dela gauza ofizialetarako, lau hormen artean erabiltzeko. Ez, euskaraz jolastu, ondo pasa eta lagunak egin, euskaraz bizi gaitezkeela konturaraztea da asmoa”.

Horretarako motibazioa eta erabilera sustatzen dituzte Urtxintxaren udalekuetan. Hezitzaileak bi esparru horietan trebatuta daude eta taldeak osatu bezain pronto talde bakoitzaren azterketa egiten dute. Ondoren, talde bakoitzari egokitutako hizkuntza plangintza garatzen dute. Begiraleen egitekoa da eman daitezkeen egoerei aurrea hartzea. “Demagun, udalekuen lehen egunean bi haur euskaldun gaztelaniaz egiteko ohitura duten beste birekin topatzen direla. Beraien lehen kontaktua gaztelaniaz bada, lau pertsona horiek gaztelera erabiliko dute udaleku guztian. Begiralearen zeregina da hasierako unea atzeman eta sotilki egoera bideratzea. Lehen harremana euskaraz izatea lortzen badu, errazagoa izango da pertsona horiek udalekuetan hizkuntza mantentzea”.

Urtean zehar ikasgelan egindako lana udan mantentzeko, gai ugariko udalekuak antolatzen ditu Ikastolen Elkarteak. Eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak kontaktuan ipini eta bakoitzak bere tokiaren eta errealitatearen araberako ekarpenak egitea dute helburu udalekuok. Horretarako bizikletan ibiltzeko, surfa praktikatzeko, ikus-entzunezkoak grabatzeko, pilotan jokatzeko eta oinez ibiltzeko aukera ematen diete gazteei ekainean eta uztailean.

Euskarari zuzendutako udaleku zehatza ere antolatzen du: Eusk(h)ara mugara. Aurten lau txanda izango dira ekainaren 29tik uztailaren 27ra bitartean, Lapuebla de Labarcan. Lehen Hezkuntzako haurrek hartzen dute parte udaleku horretan eta Amondarainek azaldu duenez, “Euskal Herri osotik heldutako umeak herri txiki horretako plazara eraman eta herriko gazteekin kontaktuan jartzen ditugu”. Ikastola bera erabiltzen dute aterpetxe, eta herriko ikastetxe bakarra hori izateak –ez dago ikastetxe publikorik– asko errazten die herrian gauzatu behar dituzten ekintzak ezagutzera ematea. Besteak beste, garai batean ikastolatik pasatako ikasleen upategietara egiten dute bisita, “haurrek ikus dezaten ikastolatik pasatako eta eremu erdaldun batean bizi direnek zer egiten duten eta ohar daitezen euskaraz bizi den jendea ere badela”.

Euskal Herriko bizimoduaren erakusle da baita ere Euskal Udalekuetako Abaigarreko etxean egiten duten Mitologia Eguna. Euskal dantzen eta akelarrearen bitartez gure aurrekoen bizitza islatzen saiatzen dira. Bertso-afariak ere ez dira falta, ezta herri-kiroletan aritzeko aukera ere. Duela gutxi hainbat eta hainbat herritako kaleak zeharkatu dituen Korrika ere egiten dute Euskal Udalekuetan.

Hizkuntzek hainbesteko pisua duten garaiotan, ordea, udalekuak ez dira euskara hutsera mugatzen eta Ikastolen Elkarteak ingelesezko zenbait egonaldi eskaintzen ditu. Gazteak lau astez joan daitezke Irlandara uztailean, edo ingeles udalekuetan parte hartu ekainean eta uztailean Ondarroan, Bermeon, Zarautzen eta Sopelan. Enjoy English udaleku irekietan parte hartzen dutenek, berriz, jatorrizko ingeles hiztunekin ikas dezakete hizkuntza.

Udaleku irekiak

Etxetik gehiegi aldendu gabe, udaleku irekiak ere badaude. Txikienentzako eskaintza izan ohi da, goizero ordu batzuez beste haur batzuekin jolastu eta gauza berriak bereganatzeko aukera ematen duena. Ordutegia murritzagoa izanik, ez dute egunerokotasuneko hainbat ekintza burutzeko aukerarik ematen, otorduak, oheratzea eta dutxatzea esaterako, baina hauetan ere bizi dituzte elkarbizitzan ohiko diren parte-hartzea, gatazkak eta desadostasunak, pozak eta haserreak. Urtxintxak Gipuzkoako hainbat udalen udaleku irekiak kudeatzen ditu eta itxiekin alderatuta, intentsitatea aldatzen dela dio Ormazabalek.

Ikastolen Elkarteak ere badu udaleku irekien eskaintza, baina kasu honetan ikastola bakoitzaren esku geratzen da antolatzea. Haur Hezkuntzako ikasleentzat dira, ekainaren amaieratik uztailaren amaierara. Jolasen, tailerren, kantuen eta kirolen bitartez pentsatzen zein komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten ikastea dute xede.

Begirale eskolak

Ikastetxeetan irakasleak eta etxean gurasoak ume eta gazteen erreferente diren gisan, udalekuetan begiraleek hartzen dute rol hori. Susperregiren ustez, “hezitzaileak jolasa edo ekintza ludikoa ditu tresna garrantzitsu, baina azkenean tresna nagusia norbera da, eredua emanez transmititzen ditugu gure balioak”. Horregatik, begiraleak prestatzen dituzte Urtxintxa Eskolan eta udalekuetan praktikak egiteko aukera eskaintzen zaie.

Ikastolen Elkarteak ere badu begirale eskola. Amondarainek azaldu duenez, azkenaldian gazte askok Espainian ateratzen du titulua, horretarako erraztasunak ematen ari direlako. Egoera ikusita, ohikoaz gain, ikastaro trinkoa eskaintzen hasi dira eta udan atera daiteke titulua, bi hilabetetan. “Garrantzitsua da, bestela eremu erdaldun bateko gazte batek 18 urterekin euskararekiko kontaktu guztia galdu egingo du, seguruenik”. Euren udalekuetako begiraleak –oso beteranoak salbu– beraien eskolan hezitakoak dira, batxilergoa amaitzean titulua ateratzeko aukera eskaintzen baitzaie. Ziurtagiria eskuratuta, udalekuetan hasten dira.

Hurbiltasun bera sentitzen dute Euskal Udalekuetako begiraleek Goñiko, Abaigarko eta Bernedoko udalekuekiko. Umetan bertan egondakoak dira asko eta egun boluntario gisa aritzen dira, hurrengo belaunaldiei garai batean beraiek jaso zutena eman asmoz.

Norberaren interesekoak, udaleku tematikoak

Batzuek ohiko udalekuen hautua egiten dute, baina asko dira uda gai jakin batean murgiltzeko baliatzen dutenak, eta udaleku tematikoetan hartzen dute parte. Elhuyar Fundazioak Zientzia udalekuak antolatzen ditu urtero, gazteen artean zientziarekiko jakin-mina pizteko helburuarekin. 12 eta 14 urte bitarteko gazteek har dezakete parte uztaileko lehen hamabostaldian Oiartzungo Arritxulo aterpetxean egingo dituzten bi txandetako batean. Euskaraz ongi pasa eta zientziarekin gozatzeaz gain, berdintasun balioak landuko dituzte eta emakumeek zientziari egindako ekarpenak izango dituzte hizpide. Bertso Udalekuak berriz, uztailean eta abuztuan izango dira Zuhatzan, Bidarrain, Arrazolan, Orion, Barrian eta Irañetan. Bertsotan aritzeko aukera izango dute 9 eta 18 urte arteko gazteek. Euren artean ez ezik, plazako bertsolariekin aritzeko parada izango dute. Natura nahiago dutenek Gautegiz-Arteagan dagoen Baratze Baserri Eskolara jo dezakete. Baserriko bizimodua erakusteko asmoz eman zioten hasiera egitasmoari eta ikasturteko programez gain, udalekuetako bost txanda antolatu dituzte, horietako bi euskaraz. Ekaina amaieran hasiko da lehen txanda eta iraila hasieran egingo da azkena –abuztuan ez da udalekurik egingo–. Jarduera ugari egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek: behiak jetzi, perretxikoak desberdindu, erleen mundua ezagutu, baratzean ongarria bota, artilearekin ibili, kandelak egin, arrantza portuak ezagutu…

Udalekuak oraindik udaleku ez zirenean

Andoni Egaña bertsolariak esana ei da udaleku izena asmatu aurretik egiten zituela udalekuak Imanol Urbietak. 1970. urte inguruan hasi ziren Zarauzko ikastolan udako egonaldiak antolatzen. Guraso talde batek, tartean Urbieta, seme-alabentzat mendi irteerak prestatu eta naturaz gozatzeko taldea sortu zuen. Arantzazun kanpin dendekin egindako irteera baten ostean, egonaldi luzeagoak egin ahal izateko Goiatzen (egun Bidegoian auzoa) zegoen Mikelandegi Zaharra baserria erosi eta beharrezko konponketak egin zituzten. “Artean Franco bizi zen eta, agian, politikoki pentsamendu desberdinekoak izango ginen guraso talde hartakoak, baina bagenituen gauza komun batzuk: gure seme-alaben heziketa, natura maitatzea eta, nola ez, euskara”, azaldu du Urbietak.

Familia euskaldun eta euskaltzaleetako 9-12 urte bitarteko neska-mutiko zarauztarrak joaten ziren Goiatzera, 30 haurreko bi txandatan. Jolasean eta kantuan aritzea, kirola egitea, herritik kanpo eta gurasoen babesik gabe elkarbizitza indartzea, naturarekiko harreman estuagoa sortzea, baserri giroa ezagutzea eta ongi pasatzea zuten helburu. Egañak Imanol Urbieta, luzea da bidea liburuan dioenez, “Zarauzko kaleko ume batzuentzat ez zen aldaketa hoberik. Nivea usaina gainetik kendu, eta garo eta simaurrenak apreziatzen hasi ginen”.

Gerora, egun bateko irteerak heldu ziren: Errioxara, Nafarroara eta Bizkaira. Ikasteko modurik egokiena bizitzea dela sinetsita, urtero gauza berriak egin eta urrunago bidaiatzen hasi ziren: Kantabriara, Galiziara, Madrilera... Eta 1975eko udan Europara. Besteak beste, Paris, Suitza, Monako, Italia eta Bartzelona ezagutu zituzten, 14 urteko gazteekin. Bidaiak autobusez egiten zituzten eta kanpinetan edo fraide eta mojen komentuetan egiten zuten lo. Jakiak Zarauzko hainbat dendari eta ostalarik ematen zizkieten, baita gerora lehendakari izango zen Carlos Garaikoetxearen familiak ere –semeak egonaldietan izanak ziren eta harreman ona zuten–. Gurasoek zerbait ordaintzen bazuten ere, bidaietarako dirua urtean zehar egindako kantu grabazioetatik ateratzen zuten nagusiki. Gainera, begiraleak boluntarioak ziren.

Udalekuok oroitzeko garaian, haur haien gurasoek Urbietarengan zuten konfiantza dute gogoan Urbietak eta Kontxi Aizarnak: “Inoiz oztoporik ez zuten jarri eta lasai gelditzen ziren beren seme-alabak gurekin Goiatzera bidalita. Inoiz paper bat sinatu gabe, hitzezkoa izaten zen baimena”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?

Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]


2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Begoña Pedrosa
“Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du”

Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]


Lanbide Heziketa Duala inplementatzeko modua “anabasa” eta “alegala” izaten ari dela salatu du hainbat irakaslek

“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu... [+]


“Momenturen batean lortuko dugu antiespezismoa ofizialki hezkuntzako curriculumean txertatzea”

Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


Ikastetxeek sukalde propioa izatetik harago, funtsa eskola-jantokien kudeaketa eredua dela adierazi du EHIGEk

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera aztertzea eta bestelako kudeaketa bat bultzatzea dela... [+]


Gipuzkoako Eskola Txikiek “bizirik eta indartsu” daudela erakutsi dute Ezkio-Itsasoko festan

Ehunka pertsona joan dira jaialdira, haien artean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, 60 milioi euroko inbertsioa iragarri duena Eskola Txikientzat.


2025-06-09 | ARGIA
Ordizian eskola segregazioa saihesteko neurri zuzentzaile nahikorik ez hartzea egotzi dio Arartekoak Jaurlaritzari

EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun”... [+]


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


Eguneraketa berriak daude