Seaskak 6.000 metro koadro ukanen ditu bigarren lizeoa eraikitzeko Donapaleun

  • Baziren 27 urte Donapaleuko VVF opor herriaren gunea hutsik zela. Hurrengo hilabeteetan dena deseginen dute, proiektu orokor baten sortzeko. Seaskaren lizeoak, aisialdi zentro batek, eta harrera gune batek dute proiektua osatzen.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2025eko urriaren 24an - 07:00
Azken eguneraketa: 09:35
Bernat Etxepare lizeoaren ondotik, Seaskak bere bigarrne lizeoa Donapaleun eraikiko du. Euskal Irratiak
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Joan den ostegunean bildu da Donapaleuko herriko etxeko kontseilua, urriaren 16an, aipagai franko bazituzten, besteak beste, Seaskaren bigarren lizeoaren kokagunea. Seaskaren lizeoa proiektu orokor batean kokatzen da, eta proiektu hori izan da aipagai Donapaleuko herriko etxean.

Baziren 27 urte Donapaleuko VVF opor herriaren gunea hutsik zela. 1998an zerratu zuten, amiantoaz betea zelako, eta ez zelako gehiago normetan. Orain arte ez zen akordiorik izan guneari bizi berri baten emateko, baina azken finean, hurrengo hilabeteetan dena deseginen dute, proiektu orokor baten sortzeko.

Proiektu horretan sartzen da Seaskaren bigarren lizeoa, 6 000 m² baliatuko dituena. Lizeo berriaz gain, aisialdi zentro bat eraikitzeko asmoa dute, guneko 5 200m² baliatuz, baita « SOS village enfance » harrera gunea ere. Justiziak haurrak kentzen dizkielarik familiei, anaia arrebak elkarrekin egotea posibilitatea ukan dezaten, haurrideak ez elkarrengandik bereizteko gisan. Fundazio horrek herri ttipi bat sortuko du, 45 haurren errezibitzeko : hamar bat etxe ttipi eta etxe handi bat familien biltzeko. Orokorki 9 300m²ko gunea baliatuko ditu proiektuak.

Proiektu horiei esker, Donapaleuko kontseiluak 60 bat lanpostu berriren sortzea espero du. Seaskari dagokionez, 30 langile izan beharko lirateke egituran. Opor herri hori jadanik Amikuzeko ikastola, Errecart ikastetxea eta Amikuzeko kolegiotik hurbil kokatzen bada ere, 700m²ko autobus geltoki bat sortuko dute, baita 1600m²ko aparkaleku bat ere. Horrez gain, kirol egituretatik hurbiltasunak eta egitura berri batzuen eraikitzeko xedeek gune horren indarra azkartzen dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
Eguneraketa berriak daude