Estereotipoen eskolara!

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Azkenean iraila bukatu da! Udako lasaitasunak eskolara itzultzeari tokia utzi zion. Beharbada, tripan bola erraldoi bat eta esteetan korapilo meta sentitu dituzu umezaroko traumei pentsatuz. Beharbada, zure haurrak jasaten duen estresarekin bat egiten duzu. Edo, beharbada, ikasle edo irakaslea zara eta gaizki izate hori bizitzen duzu.

Zergatik sentitzen ote dugu hainbestek ikastegira itzultzeko frustrazioa? Farnientea eta eguzkia utzi behar ditugulako erritmo zorrotz bat errespetatzeko eta zentzugabekeriak barnatzeko, kapitalismoa elikatzeko?

Dudarik gabe. Denok dakigu eskola politikaren zerbitzurako eraikia dela eta helburua horren balioak ahal bezain goizik barnaraztea dela. Gure sistemak desoreka sozialak inposatzen dituenez, heziketak ezberdintasunak ahalbideratzen ote ditu? Ez litzateke posible izanen! Alta, jadanik 1960ko hamarkadan, Bourdieu eta Passeron soziologoek gure klase sozialak etorkizunarekiko baldintzatzen gintuela erakutsi zuten. Gaur, gainera, frantses lurraldeko edota Europar Batasuneko emaitzak ikusiz, neska eta mutikoak ikastegietan desberdinki tratatuak direla eta sexismoa integratzen ikasten dutela agertzen da.

Denok dakigu eskola politikaren zerbitzurako eraikia dela eta helburua horren balioak ahal bezain goizik barnaraztea dela

Has gaitezen orientazioekin: arta eta ikasketa sozialetan %85 neskak dira, ingeniaritzan, %83 mutilak. Ondotik, zigorrak jasotzen dituztenen %85 mutikoak dira. Segitzeko, irakasleek heren bat aldiz gehiago mutikoekin trukatzen dute neskekin baino. Haur eta gazte literaturako pertsonaia femenino nagusien proportzioa %38koa da. Bukatzeko, Europa mailan LGBTQIA+ ikasleen %54 baino gehiagok jazarpena bizi izan dute.

Zer suposatzen dute zenbaki horiek? Eskola, neutraltasunik ez ukaiteaz gain, injustizien lantegia dela. Desoreka horiek helduaroan baieztatzen dira: lehenik, langile pobreen %70 emazteak dira. Gero, mutikoek hainbeste zigor jasotzen dituzte, ikasgelan –gure jendartearen kopia– haien gizontasun toxikoa eta bortizkeria erabiltzen ikasten dutelako. Alderantziz, neskek pasiboak izaten barnatzen dute. Lan hori oharkabe egiten da. Alta, konponbideak badira: kultura ereduak eta irakaslearen jarrera oinarrizkoak dira norberaren pertzepzioarentzat eta besteen errespetuarentzat, baina hori, nola ikasten dugu? Zein tresna ditugu hezitzaile eta kultura eragile onak izateko?

Ikusten duzu, azkenean, ez da harritu behar agorrila bukaeran, kaierak, zorroak edo agendak saltegietan ikusten dituzularik hotzikarak baldin badituzu. Eskola zure nortasuna eta izaera zapaltzeko eraikia den fabrika sexista delako.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude