“Teknologia pedagogiara egokitu beharrean, pedagogia teknologiara egokitzeko bidea egin da eskolan”

  • Eskoletako digitalizazioak izan duen inpaktuaz eta eragin akademikoaz, etxerako lanak ordenagailu eramangarrian egiteaz, ikasleak motibatzeko teknologiara jotzeaz eta klaustro gero eta gehiagotan digitalizazioaz egiten ari diren gogoetez mintzatu gara Altxa Buruako kide Telmo Lazkanorekin. Parte hartu du Izarkomek argitaratu duen eta ARGIAk datorren asteko aldizkariarekin batera banatuko duen Doitu. Ebidentzietan oinarritutako hezkuntzaren digitalizazio osasuntsua eta librea gidan.

Telmo Lazkano Muga. ARGAZKILARIA: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamahiru laguneko aditu taldeak txosten mardula osatu du eta txostena, ondoren, gida labur eta praktiko bilakatu du Izarkom telekomunikazio kooperatibak. Hamahiru aditu horietako bat da Telmo Lazkano Muga, hezkuntzaren eta osasun digitalaren arloan aholkulari eta ikertzaile aplikatua: “Gida hau hausnarketarako oinarri izan daiteke ikastetxeetako klaustroetan”.

Aurreko gida, 2023an Altxa Buruaren laguntzaz Izarkomek kaleratua, gurasoei bideratuta zegoen: mugikorra seme-alabei noiz eta nola eman. Oraingo hau eskolari zuzendua da. Baina irakasle batzuei entzun izan diegu eskolan hain justu oso kontrolatuta dutela teknologiaren erabilera, arazoa “kanpoan” dagoela.

Eta neurri batean arrazoia dute. Digitalizazioa arlo sozialean eta digitalizazioa hezkuntzan bi arlo oso ezberdin dira, erabiltzen diren produktu digitaletatik hasita. Ongi ezberdindu behar dugu gure zerbitzura dagoen teknologiaren eta bere zerbitzura nahi gaituen teknologiaren artean. Sarri, arlo sozialean darabilgun teknologia digitala, batez ere haur eta nerabeen artean, bere zerbitzura nahi gaituen teknologia da (loot box-ak edo saritze-sistemak dituzten bideo-jokoak, sare sozial jakin batzuk, pornografia plataformak). Eta gainera, psikologia, psikiatria eta pediatria elkarteek, Osakidetzako profesionalek eta abar luzeak adierazia du esparru sozialean nagusiki erabiltzen diren produktu digital horiek zuzeneko eragina dutela osasunean.

"Eskolan dauden bitartean, EAEko ikasleen %46ak egunean gutxienez lau ordu ematen ditu pantaila baten aurrean; bada zer hausnartu eta zer murriztu"

Baina fokua eskoletan erabiltzen den teknologia digitalean jartzen du gidak.

Bai, Altxa Burua nagusiki aipaturiko arlo sozial horretan fokalizatuta dagoen arren, hezkuntzan erabiltzen den teknologia ere kezka iturri handia da familien artean, eta datuetara joz gero, argi ikusten da egiten ari garen digitalizazioa arrazionalizatu behar dela.

2000. urte inguruan hasi zen eskoletako digitalizazio prozesua EAEn. Teknologia digitalarekiko kritikotasuna eta kontzientzia zabaldu ahala, zentzuz eta zuhurtziaz jokatzera jo da eskoletan, ala areagotu egin da sukar teknologikoa?

Europa guztia sartu zenean digitalizazioaren olatuan, ez zen hain erraza ahotsa altxatzea, “kontuz, agian hau ez da horrela egin behar” esatea, baina urte askoren ostean, eta datuak mahai gainean, bestelakoa da egoera. Kontuak kontu, oinarritzat izan beharko genuke hezkuntzan hain masiboki zerbait sartzen delarik, bi froga egin behar direla: batetik, bermatu behar da ez duela kalterik ekartzen; bestetik, kasu honetan, ikasketa analogikoari balio erantsia ekartzen diola frogatu behar da, ebidentzia zientifiko sendoetan oinarrituta. Nabarmendu nahi dut hori ez dagokiola irakasleari edo ikasleen familiari, baizik eta gailu digital hauek hezkuntzan sartzeko grina duten agenteei. Ez zen halakorik egin, eta horrek ere azaltzen du gaur egun dugun egoera.

Baina olatu hori apaldu da ala ez? 2023-24ko EAEko digitalizazio planaren arabera, teknologia digitalaren erabilera orokortzea helburu, 160.000 ordenagailu eta panel interaktibo sartu dituzte ikastetxeetan.

Eskola 2.0 programak gailu teknologiko pila bat ekarri zuen eskoletara, ikuspegi oso instrumentala zuen, eta gero hasi dira irakasleak gailu horietarako prestatzen. Alegia, teknologia pedagogiara egokitu beharrean, pedagogia teknologiara egokitzeko bidea egin du. Gaur egun, gauzak aldatzen ari dira eta hausnarketaren beharra oso zabalduta dago. Tsunamiaren osteko erresakaren arriskua dago, pendulu efektua, teknologiaz josita egotetik teknologia oro arbuiatzera, baina oreka aurkitu behar da, ikuspegi kritiko eta eraikitzailearen bidez. Egindako akatsak jaso, ikasi eta nahi dugun etorkizuna elkarrekin eraiki.

"Goitik teknologia digitalaren bultzada handia ikusten dut, akritikoegia, eta ikastetxeetan, aldiz, neurrigabeko digitalizazioari neurria hartzeko nahia"

Digitalizazioaren gaineko hausnarketa zabalduta dagoela diozu. Azken urteetako digitalizazio prozesuaren inpaktua neurtu eta berraztertzea Eusko Jaurlaritzaren buruan dagoela uste duzu?

Esan dezakedana da ikastetxeetako klaustro eta zuzendaritza asko eta askorekin elkartuta ikusi dudana: hausnarketa prozesuan dira hezkuntza komunitatean. Are, hausnarketatik harago ekintzetara igaro dira ikastetxeetan. Gida hau, gainera, hausnarketarako oinarri izan daiteke ikastetxeetako klaustroetan. Beste esfera batzuetan (Eusko Jaurlaritzari egiten diozu erreferentzia), arrakala nabaritzen dut hezkuntza komunitatean ikusten dudanaren eta goitik etortzen denaren artean. Goitik teknologia digitalaren bultzada handia ikusten dut, akritikoegia nire iritziz, eta ikastetxeetan aldiz, neurrigabeko digitalizazioari neurria hartzeko nahia.

Gidaren arabera, hezkuntzan azken urteetan eginiko “digitalizazio sutsuak” eragina izan du azken hamarkadan bizitako errendimendu akademikoaren “beherakada handian”.

Hori da, baina faktoreetako bat izango zen, ez bakarra, noski. 2012tik aurrerako PISA txostenetan horren inguruko gogoeta jasotzen da, eta adierazten da teknologia digitala ez dela zerbait negatiboa bere horretan, baina errendimendua hobetzeko gaitasun mugatua duela, eta puntu batetik aurrera kaltea ekarri dezakeela. IKTen erabilera mugatua den testuinguruan errendimendu akademikoa hobea dela eta gehiegizko erabilerak errendimendu askoz okerragoa dakarrela ondorioztatua dute baita ere, esaterako, ISEAK ikerketek eta Karolinska institutuak. Neurozientzian dagoen munduko instituzio puntakoena da Karolinska suediarra. Herrialde hartako gobernuarentzat hezkuntzaren digitalizazioaz azterketa oso garrantzitsua egin zuen, eta gero lerroburu pila bat atera ziren, Suediak hezkuntzatik pantailak ateratzen zituela esanaz, baina errealitatea da garai hartan Suedian One For One eredua zegoela, ikasleentzako ordenagailu bana, inongo liburu eta koadernorik gabe; txostenaren ostean berriro ere liburu eta koadernoak eskoletara bueltatu eta pantailak horien osagarri bihurtu zituzten.

Errendimendu akademikora bueltatuta, digitalki ikasteak, alegia gailu digitalen erabilerak, ez ditu espero ziren hobekuntzak ekarri, eta kasurik okerrenean, kalteak eragin ditu. Beraz, aztertu behar da zertarako, noiz eta norekin erabili nahi ditugun gailu digitalak, onurak baino kalte gehiago eragin ditzakete-eta.

"Digitalki ikasteak ez ditu espero ziren hobekuntzak ekarri, eta kasurik okerrenean, kalteak eragin ditu"

Teknologia, noiz eta zertarako?

Ikerketak aztertu ditugularik, konturatu gara liburu digitalek ez dutela balio erantsirik ekartzen, eskuz idaztea eta paperean irakurtzea ikasketaren funtsezko aldagai askotan askoz hobea delako, ulermen gaitasunean, pentsamendu abstraktuan, memorian, arretan, eta abar luzea. Noiz ikusi dugu baliabide digitalek balio erantsia ekar dezaketela? Papera iristen ez den tokietan: situazio simulazioak, hiru dimentsioak lortzeko, aniztasunari erantzuteko… Horri guztiari neurria hartzeko garaian, ildo garbia ikusten dugu: analogikoak izan behar du oinarria eta digitalak osagarri.

Aldiz, ikasgai eta arlo gehienak jan ditu teknologia digitalak eskolan?

Digitalki ikastetik igaro behar genuke mundu digitala zer den irakastera, azken hori jorratzeko ikasgai propioa sortzera, ikasleei laguntzeko konpetentzia digitaletik ahalduntze digitalera igarotzen. Baina horren ordez, digitalki ikastea bihurtu da ikasgai guztiak bustitzeko arriskua duen zehar-lerroa, eta kurioski, oso azaleko ezagutza digitala eskuratzen dute ikasleek, ahalduntze digitala gehien behar den uneotan.

Altxa Buruak eskolara mugikorra eramatea debekatzeko eskatu ostean, beste norabidean jarri duzue arreta gidan: eskolatik bidalitako lanek ez dezatela suposatu ordenagailu eramangarria erabili behar izatea etxean.

Hemen ebidentzia ez da horren zabala, baina bai Karolinska institutuak, bai Kanadako Osasun Institutu Nazionalak egindako ikerketek diote ordenagailu eramangarria etxera eramateak ez duela zertan hobekuntzarik ekarri errendimendu akademikoan, eta kasu batzuetan, justu kontrakoa, ezin izan delako begiratu eta kontrolatu ikasleak zein edukitan sartu diren etxean. Gainera, bizikidetza kontua ere bada, eta hor ebidentzia oso sendoa da: smartphoneak eskolara eramateak bizikidetza arazo larriak sortu ditu (argazkiak komunetan, bideoak irakasleei, ziber-jazarpena, pribatutasun urratze larriak…); bada, ordenagailu eramangarriak etxeko bizikidetzan ere eragin du toki askotan, hala helarazi digute Altxa Buruan: umeak behar ez diren edukietan sartzea, Polizia lana egin beharra, etxean dagoen elkarbizitzaren eta deskonexio digitalerako eskubidearen urraketa…

"Eskolako ordenagailu eramangarria etxera eramateak sarri ekarri du umeak behar ez diren edukietan sartzea, eta eragina izan du etxeko bizikidetzan"

Hezkuntzaren bueltako diskurtsoek aipagai dute ikaslearen motibazioa, ikasketaren gako garrantzitsu gisa. Motibazioaz gogoeta interesgarria egiten da gidan.

Klaustro askotan errepikatu izan didate: “Ez badugu bitarteko digitalik erabiltzen, ezin dut ikasleen arreta eskuratu”, eta ziurrenik egia da kasu ugaritan, baina horren aurrean, honako hausnarketa egin daiteke: gain-estimulatu behar ditugu gure ikasleak ez dutelako arretarik jartzen, ala ez dute arretarik jartzen gain-estimulatuta daudelako? Eta erantzuna bigarrena bada, ikaslea gain-estimulatzen jarraitzea da bidea?

Gainera, zein estimulu bilatzen dugun ere gakoa da. Gidan azaltzen dugu hiru motibazio mota daudela: intrinsekoa, estrinsekoa eta transzendentala, eta hezkuntzaren erronka handi bat, beharbada handiena, dela ikasleak bere burua ulertzetik hasi eta mundua ulertzeko ibilbide bat jorratzea, motibazio intrinseko eta traszendentala aurkitzen saiatzea. Ordea, baliabide digitalen bidez sarri sustatzen dugu kanpoko estimulu edo erantzun bat (berehalakotasuna, saritze-sistema…) aurkitzeko nahiak jokabide bat baldintzatzea, eta horrek ondorioak dituela badakigu: ez du zertan errendimendu akademikoa hobetu eta hori estimulatzeak dakar beste biak (motibazio intrinseko eta transzendentala) itzaltzeko joera.

Adimen Artifizialak iraultza ekarriko omen du…

Oinarria arestian aipaturiko bera da: egiaztatu ez duela kalterik ekartzen; ekartzen badu, ze markotan ekartzen duen; eta ikusi ea balio erantsirik dakarren. Berau txertatu nahi dutenen bizkar dago horiek aztertu ostean erabakia hartzea, ebidentziarik gabe esperimentatu eta erabaki beharrean.

Software askearen aldeko apustua egiten duzue. EAEko Hezkuntza Legeak ere hala jasotzen du, baina Microsoft eta Google dira jaun eta jabe gure eskoletan. Zaila da korronte nagusiari aurre egitea?

Zaila izan, bada, eta hainbat konpromiso eta interes dago tartean. Galdera da: noiz arte jarraituko dugu horrela? Izan ere, Hezkuntza Legea urratzen du, Googlerekin egindako hitzarmenak datu-urraketa larria ekarri du, eta gainera, badugu alternatiba. Adibidez, Eusko Jaurlaritzatik abiaturiko Iradi proiektua.

"Gain-estimulatu behar ditugu gure ikasleak ez dutelako arretarik jartzen, ala ez dute arretarik jartzen gain-estimulatuta daudelako?"

Bai eskola, bai etxea aintzat hartuta, adituek gomendaturiko pantaila kontsumoa jartzen duzue ipar: 0-6 urte artean, zero ordu; 6-12 urte artean, egunean gehienez ordubete; 12 urtetik aurrera, egunean gehienez bi ordu. Helburu horietatik oso urrun gauden honetan, nondik hasi?

Espainiako Estatuan, eskolan pantaila gehien erabiltzen duten ikasleak Euskal Autonomia Erkidegokoak direla diote ikerketek: eskolan dauden bitartean, gure ikasleen %46ak egunean gutxienez lau ordu ematen ditu pantaila baten aurrean (Espainiako Estatuan, batez beste, %17ak). Beraz, bada zer hausnartu eta nondik murriztu. Halere, batez ere etxean egiten den pantailen erabilera da haur eta nerabeen garapenean eta ongizatean gehien eragiten duena (lehen aipatu moduan, aisialdirako orokortu diren produktu digital jakin batzuengatik), eta familiak, eskolak, komunitateak horri erantzun behar dio, baina benetako aldaketa estrukturalerako multinazional horiek legez erregulatu behar dira. Australia izan da sare sozialak adingabeentzat debekatzen lehena, eta Europan ere bide horretan ari dira. Berez, ez zaie nerabeei ezer debekatzen, debekatzen zaie enpresa jakin batzuei beren produktu potentzialki kaltegarriak nerabeengana iristea. Erantzukizuna haiena da eta nerabeek lortzen badute sartzea, kontuak plataforma horiei eskatu behar zaizkie. Bitartean, bestelako alternatiba etikoagoak jorratu daitezke, Mastodon sare soziala kasu.

Bestalde, Altxa Burua olatu handi bilakatu da. Zein lorpen azpimarratuko zenuke? Seme-alabei lehen mugikorra emateko adina atzeratzeari lotuta, adibidez, badira garaipenak.

Bai, olatu handia da, eta zintzo jokatuta, uste genuena baina handiagoa, 20.000 lagunek egin zuten bat iaz aurrera eraman genuen egitasmoan. Ez da erraza lorpen bakarra aukeratzea, gauza asko egin dira, baina pertsonalki, bi kontu nabarmenduko nituzke: batetik, kristau eskola, ikastola eta eskola publikoek bat egitea honetan; dagoeneko ia 100 ikastetxe atxikitu dira mugimendura. Bestetik, profilez eta pentsamenduz oso ezberdinak diren pertsonek ere honen guztiaren inguruan elkarrekin borondatez lan egitea erabaki izana, helburu bakarrarekin: gure txikien ongizatea hobetzea.

ARGIAk 2.938 zenbakidun datorren asteko aldizkariarekin batera banatuko du 'Doitu. Ebidentzietan oinarritutako hezkuntzaren digitalizazio osasuntsua eta librea' gida..

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eguneraketa berriak daude