“Hezkuntza-aditu titulua ematen zaie ikasgelan oina inoiz jarri ez dutenei”

  • "Ustezko adituen" pedagogismoaz, berrikuntzaren "amuaz", irakasleen esperientzia gutxiesteaz, “kasualitatea ez den” egungo biraketa emozionalaz mintzo da Tere Maldonado, kaleratu duen liburua aitzakia hartuta: Pedagogismoaren gezurtapen bat.

Tere Maldonadok utzia

2025eko urriaren 22an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Asteazken goiz honetan aurkeztuko du Tere Maldonado irakasle eta ARGIAko iritzigileak hezkuntzaren inguruko saiakera: Pedagogismoaren gezurtapen bat (Elkar).

Liburura ekarri duzu bai zuk bai beste hainbat irakaslek maiz arbuiatu duzuen berrikuntzaren diskurtsoa. Zer esango zenieke eskola zaharrean eroso mantendu nahia leporatzen dizuetenei?

Hezkuntza sistemak arazo asko ditu eta horien guztien ondorioz gero eta gutxiago betetzen du bere zeregin nagusia: irakastea. Gauzak ez dira konponduko berrikuntza gehiagoren bidez, berrikuntzarekiko gurtza izan delako, hain zuzen ere, arazo horiek ekarri dituen faktore nagusietakoa. Nire ustez, gauzak hobetzen hasteko, hezkuntzaren kudeatzaileen eta ustezko adituen artean ezarritako dogma batzuk zalantzan jarri behar ditugu, esaterako, eskolak kokatuta dagoen gizartera egokitu behar duela.

Eskola zaharrean eroso? Hori leporatzen digutenek ezin dute hezkuntza tradizional zaharraren mamua astintzen jarraitu, zigorrak edo memoria gisakoak oinarri hartuta, eskola hori, zorionez, duela hamarkadak desagertu baitzen. Gaur egun dugun hezkuntza sistema gero eta gertuago dago neoliberalismoaren amets guztietatik, berrikuntzaren amua irentsi duten pertsona aurrerakoi eta ezkertiar askoren onespenarekin, gainera. Guk ez dugu zaharkitua den hori kontserbatu nahi, lapurtu digutena berreskuratu nahi dugu, ikasteko eskubidea, alegia.

"Ez dugu eskola tradizional zaharra kontserbatu nahi, lapurtu digutena berreskuratu nahi dugu: ikasteko eskubidea"

Irakaskuntzan daukazun urte askotako esperientziaren fruitu ere bada liburua. Esperientziari nahikoa balio ematen zaio ala urtetako inertzietan kateatuta egotearen sinonimotzat hartzen da hainbatetan?

Oso deigarria iruditzen zait lankide askoren hamarkadetako esperientzia gutxietsi eta mespretxatu egiten dela, eta aldi berean, sarri hezkuntza-aditu titulua ematen zaiela ikasgela batean oina jarri ez dutenei, edo are, ikasgelatik ihes egin dutenei. Agintari eta hezkuntza-burokraten aldetik, gureganako mezua beti bera da: “Ez zaudete eguneratuta, ez zarete ari ongi egiten”. Jakina, edozein lanbidetan bezala, profesional hobeak eta okerragoak daude, eta denok ditugu egun onak eta txarragoak, baina ezin da ulertu hainbeste ‘hegaldi-ordu’ dituzten irakasleen esperientzia alferrik galtzea.

Atzera ere bota duzu begirada, 1968ko maiatzeraino. Aurrera egiteko, iraganean egindakoa gehiago begiratzea komeni al zaigu?

Iraganean egindakoa ezagutu behar dugu, bai. Saiatu naiz liburuan azaltzen aipatu ditudan ustezko adituentzat nolabait eguneroko jaunartze bihurtu diren iritzi batzuen jatorria. Gauzak nola sortu ziren eta zeri erantzun zioten jakiteak gaur egun zer diren ulertzen laguntzen digulako. Zentzu horretan, 68ko maiatzeko ikasle matxinadari begirada bota nahi izan diot, gaur egun hezkuntzan zabaldu diren iritzi askok hor baitute jatorria, edo gutxienez mugarria. Eta kontua da, ezkerraren zati handi batentzat 68ko maiatzak izaera ikonikoa duela, baina ikuspegi ezkertiar batetik begiratuta usain txarra botatzen duten platerak ere izan ziren, eta batzuk eta besteak bereizi beharko genituzke.

"Ezin da ulertu hainbeste 'hegaldi-ordu' dituzten irakasleen esperientzia alferrik galtzea"

"Biraketa emozionalaz" jardun duzu liburuan.

Argi dago, eta ez soilik hezkuntzan, gizartean orokorrean baizik, azkenaldian mundu emozionalaren birbalorazio moduko bat ikusi dugula. Kontua da birbalorazio horrek eraman gaituela gehiegizko balorazio batera, eta honetan ere ez genuke inozo jokatu behar: emozioen protagonismo berri honen eta kapitalismo globalaren arteko lotura agerikoak seinalatu ditu autore askok; zuzenean, kapitalismo emozionalaz hitz egiten dute. Biraketa emozional hau ez da kasualitatea, ikertzeko kontua da.

Eraikitzaile jar gaitezen. Zer nolako eskola, zer nolako hezkuntza sistema, duzu ipar?

Buruan dudan eskola da doako eta derrigorrezko hezkuntza publikoaren sistema asmatu zuten iraultzaileek pentsatu zuten horretatik gertu dagoena. Merkatuaren beharren zerbitzura ez dagoen eskola, ezagutzari balioa ematen diona eta ezagutzaren arlo guztietan gauza asko irakasten dituena. Nahiko nuke hezkuntza sistema bat lehenesten duena ikasleei gauza zoragarri asko irakastea. Irakatsi, erakutsi zentzuan ere ulertuta, bestela inoiz ezagutuko ez lituzketen gauza asko irakatsita, bereziki langile familietako seme-alaben kasuan, irakatsitako horiek ez dituztelako ikasiko sare sozialetan edo berdinen arteko taldeetan.

"Emozioen protagonismo berri honen eta kapitalismo globalaren arteko lotura agerikoak seinalatu ditu autore askok"

Zergatik irakurri beharko genuke zure liburua?

Ziur naiz liburua irakurri aurretik zituzten uste asko birpentsaraziko dizkieten iradokizunak aurkituko dituztela liburuan irakurleek. Agian gehiegikeria dirudi, baina benetan hala uste dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eguneraketa berriak daude