"Badakigu oihu batek blokeatu egiten duela, irabazteko presioak oztopatu, irain batek zauritu, eta konparaketak barregarri utzi". Nafarroako Kirol eta Kultura sailburu Rebeca Esnaolaren hitzak dira. Mila bider entzun dugu gauza bera, baina beste mila bider esango baligute ere, seme-alabek partida bat dutenean oihu egingo dugu, irabazteko presioaren zama euren gainera bota, hura ez bada epailea edo beste norbait iraindu, eta taldekide edo aurkariekin alderatu.
"Ezin ditugu harmaila, zelai edota pistetan egunero ikusi eta entzuten ditugun egoerak onartu, ezin dugu pasiboak izaten jarraitu, mezu eta jarrera horiek ez baitatoz bat jokoarekin eta haren esentziarekin". Inork gutxik jarriko ditu zalantzan sailburuak esandakoak, eta, hala ere, beharrezkoak dira astelehenean Tafallan aurkeztu duten Nirekin batera joka ezazu, ez nire kontra kanpainaren modukoak, INDAF Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak bultzatutakoa, jokalarien guraso edota entrenatzaileak ohartarazi eta jarrera aldatzera bultzatzea helburu duena. Lortuko ote den, hein batean agian bai, batez ere ohartarazpen horiek etengabeak eta serioak baldin badira eta, hala dagokionean, bestelako neurri –zigor– batzuk ekartzen badituzte.
Haurren lekuan jartzeko eskatu du Esnaolak, eta galdetzeko zein mezu ez zaizkien lagungarri eta zein entzun nahiko lituzketen: "Erantzuna argia da: haiek nahi dute senideak eta entrenatzaileak beren ondoan egotea, ez aurka jokatzea". Familiei ez ezik, kirol-eragileei ere badago zuzendurik kanpaina hau: entrenatzaileei, epaileei, hezitzaileei, federazioei, klub eta ikastetxeei, baita kirolarekin eta haurren eskubideen gainean interesa duten herritar orori ere.
Beste hainbat kanpainatan erabilia izan den iruditeriari jarraituta, mezuak txartel gorri eta berdeetan idatzi dituzte. Alde batean, epaileari oihuak, harmailetatik agintzea, etengabe presionatzea edota soilik irabaztea axola izatea. Bestean, animatzea, konfiantza izatea, errespetuz tratatzea edota umeen entrenatzaileak babestea.