Zelan jaten dute gure haurrek?


2025eko urriaren 24an - 12:33
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Azken urte hauetan eskola jangelak hizpide izaten ari dira tarteka, menuen kalitatea hobetzearren administrazio zein ikastetxeek hartu beharreko neurriak direla eta (janarian agertutako xomorroak, tokiko produktuak…). Ez da nire asmoa adostasuna lortu duen eta beharrezkoa den diskurtso hori zalantzan jartzea, gauza handia baita jatekoaz arduratzea eta balizko irtenbidea denon onurarako izatea. Baina, nire ustetan, diskurtso hau ez da guztiz zintzoa izaten ari, fokua sukaldeetan soilik jarri delako eta hain espazio garrantzitsua diren jangeletan ez.

Sarritan, administrazioa eta “Hezkuntza Komunitatea” deritzonaren parte handi bat jangelaz eta bertako langileez ari direnean, “sukalde” terminoa erabiltzen dute. Baina gure haurrek ikastetxean zer jaten duten galderari erantzun nahi badiogu, kontua ez litzateke zer jaten duten soilik, baizik eta zer eta zelan jaten duten.

Menuak eta sukaldariek prestatutako jaki gozo eta osasuntsu horiek guztiak oso garrantzitsuak dira, dudarik gabe, baina jangelan ez badute lasaitasunez, motibazioz eta gustuz jaten, maiz gertatzen den bezala, zaborrean bukatu dezakete.

Hezkuntzaz ari bagara, kontuan izan beharko dugu haur horiek irakasleekin ematen duten denbora eta jangela-hezitzaileekin ematen dutena parekatu daitezkeela

Errealitateak esaten digu gero eta familia gehiagok jangela zerbitzua erabiltzen dutela (kantitatea), beraz, haurrek bertan ematen duten orduen kudeaketaren beharra inposatzen da (kalitatea). Hezkuntzaz ari bagara, kontuan izan beharko dugu haur horiek irakasleekin ematen duten denbora eta jangela-hezitzaileekin ematen dutena parekatu daitezkeela (kalitatea). Izan ere, behar afektiboak dituzte berdin, gatazkak izango dituzte berdin (edo gehiago), ikasgelatik jangelara pasatzeagatik heziketa prozesuan diren pertsonak izateari ez diote uzten, ez dira transformatzen, haur berak izango dira eta, ondorioz, arlo pedagogikoak garrantzia izango du gune horietan ere.

Jangelak, gaur egun, hezkuntzak dituen ildo eta korapilo berdintsuek zeharkatuta daude: elkarbizitza, feminismoa, segregazioa, berdintasuna, euskara... Ez dezagun ahaztu, eta are gutxiago partxeak ipini eta beste aldera begiratu.

Ikasleentzat oso garrantzitsua da jangelak eraldatzea: harreman on eta gizalegezkoak mahai zein jolastokietan (euren artean eta hezitzaileekin), zalaparta gutxitu, pilaketarik gabe, patxada, txikitatik gauzak dastatzeko motibazioa landu, presioa eta estresa ahal den neurrian desagerrarazi eta, oro har, jangelak ikastetxeetako espazio hezitzaile bat gehiago bihurtu. Euskararen erabilgarritasunari begira, jangelek eta zerbitzu horri lotutako aisialdiak berebiziko garrantzia dute, ikasgeletako diziplinatik at, umeak bestelako eta lagunarteko giroan, gure hizkuntzaren esparru naturala berreskuratzeko beharrezkoak direnak.

Puntu honetara helduta, agerikoa da jangela-hezitzaileok funtsezkoak garela, nork bestela gauzatu beharko luke eraldaketa? Fokua jangeletan eta bertan lan egiten dugunongan jarri, baliabidez, formakuntzaz eta antolaketarako autonomiaz, gurekin bat eginez. Horretaz guztiaz hausnartu, eta ezinbestekoak diren ikastolako hainbat arduradunen bultzada eta babesaz, egun bagara eraldaketa martxan jarri dugun gutxi batzuk, dudarik ez, ilusioz ari garela erronka honetan.

Egoera bestelakoa baita jangela askotan oraindik: aitortzarik ez, hezkuntza komunitatean txertatu gabe, estres handiko lanaldi eskasak, negozioa egiteko asmoz soilik dabiltzan enpresa pribatuek kontratatuak -hori bai pribatizazioa Hezkuntza Sailaren eskutik-.

Jangelak eraldatu behar dira eta horretarako ezinbestekoa da bertako langileak aintzat hartzea eta aitortza ematea, gure parte hartzerik gabe aldaketa ez delako posible izango. Gure haurrek zer jaten duten jakiteko zelan jaten duten ere begiratu behar dugulako, jaki goxo eta osasuntsu horiek platerean gera ez daitezen.

Marta Pikaza Garaigorta, Laudio Ikastolako zerbitzuetako langilea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude