Trebiñu Konderriko haur eskola Gaztela eta Leongo Juntaren sarean sartzeko hitzarmena onartu berri du Trebiñuko Udalak. Sorreratik euskaraz eta gaztelaniaz jardun du, baina hitzarmen berrian ez dute euskararen presentziari eusteko inolako bermerik jaso.
Sorreratik euskaraz eta gaztelaniaz jardun duen Trebiñuko Konderriko haur eskola Gaztela eta Leongo sarean sartzea erabaki du udalak. Irailean sinatu zuten hitzarmenak, orain udalak berretsi duena, lau urteko iraupena izango du, eta beste lau urterako luzatu ahal izango da bi aldeek hala adostuz gero. Akordioa osteguneko udal osoko bilkuran onartu zuten, Trebiñuko Konderriko udal gobernu taldearen aldeko botoekin (3 Treviño Día a Día taldea eta 2 PP). EH Bilduko zinegotziak eta AICTko zinegotzi batek hitzarmen berriaren kontra bozkatu zuten, eta AICTko beste zinegotzi bat abstenitu egin zen.
Arabako Aleak argitara eman duenez, Gaztela eta Leongo hezkuntzako lehen zikloari dagozkion irakaskuntzak ezarriko dituzte Trebiñuko haur eskolan, eta erkidego horren haur hezkuntzaren antolamendua eta curriculuma. Udal gobernuak ziurtatu du hemendik aurrera Trebiñuko haur eskola Gaztela eta Leongo Juntaren menpe egon arren, euskarak komunikazio hizkuntza izaten jarraituko duela zentroan. Gaztela eta Leondik euskara haur eskolatik kentzeko arriskua dagoenik ukatu du udal gobernuak, eta hala gertatuz gero kontra egingo dutela ziurtatu dute. Halere, aitortu du ez dutela jaso euskararen presentziari eusteko inolako bermerik.
EH Bilduk arbuioa eta “beldurra” adierazi ditu neurri berriaren aurrean. "Herritarren eskubideetan beste atzerapauso bat bezala ikusten dugu aldaketa, gure lurraldean euskararentzat atzerapauso berri bat bezala, eta zoritxarrez azkena izango ez den beldur gara", esan du Ritxar Astegieta koalizio abertzalearen zinegotziak. Gaineratu du akordioa "kezkagarria" eta "arriskutsua" dela, "euskarak gure seme-alaben hezkuntzan jarraitzea nahi dugulako".