Eskola jardun jarraitua egiteko eskubidea aitortu dio Nafarroako Auzitegi Gorenak Berriozarko ikastetxe bati

  • Eskola jardun zatitua egitera behartu zuen Nafarroako Gobernuak Berriozarko Mendialdea I ikastetxea, eskola-garraioa ondoko ikastetxearekin partekatzeko. Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak, baina, eskolari eman dio arrazoia eta haien aukera lehenetsi du: jardun jarraitua.

Mendialdea I ikastetxeko hezkuntza komunitatea, jardun jarraituaren aldeko protesta batean.

2025eko urriaren 22an - 10:40
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eskola jardun jarraitua vs zatitua, ika-mika iturri izan da Nafarroan azken urteotan. Hainbat eztabaida eta azterketaren ostean, ikastetxe guztiei jardun zatitua aplikatzea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, eta aldatu nahi zuen ikastetxeak bozketa prozesu bat gainditu behar zuen. Protestak eragin zituen erabakiak, baina aurrera egin zuen. Emaitza: Nafarroako eskola publikoen hamarretik zortzik eskolaldi jarraitua aukeratu zuten.

Kontua da gobernuaren araudiak baldintza bat duela: eskola-garraioa partekatzen duten ikastetxeak behartzen ditu jardunaldi bera izatera. Mendialdea I ikastetxeak jarraituaren alde egin zuen –familien botoen kasik %90 lortuta– eta Mendialdea II ikastetxeak ez zuen nahikoa quorum lortu, zatitutik jarraitura egiteko. Horren aurrean, Hezkuntza Departamentuak erabaki zuen biei jardunaldi zatitua ezartzea.

Sindikatuak eskatu du beste ikastetxe batzuetako kasuak aztertzeko, bozketetan gehiengoa lortu arren ez zitzaielako baimendu jardun jarraitua ezartzea

Orain, auzitegiak dio, batez ere ikastetxeen autonomia oinarri hartuta, jardunaldi jarraitua egin dezakeela Mendialdea I eskolak. Gobernuari gogoratu dio bi ikastetxeek urteak daramatzatela ordutegi ezberdinak erabiltzen, eta horrek ez duela inoiz gatazkarik ekarri. Nafarroako Arartekoa ere Mendialdea I zentroak jardunaldi jarraitua egiteko eskubidearen alde agertu zen.

Epaia beste ikastetxe batzuentzat aurrekari izan daitekeela iritzita, Nafarroako irakasleen artean gehiengoa duen ANPE sindikatutik Hezkuntza Departamentuari eskatu diote beste ikastetxe batzuetako kasuak berriz azter ditzala, bozketetan gehiengoa lortu arren ez zitzaielako baimendu jardun jarraitua ezartzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eguneraketa berriak daude