Jaurlaritzak ez ditu bete Ordizian eskola segregazioa saihesteko gomendatutako neurriak, Arartekoaren arabera

  • Arartekoak, beste behin, ebazpen gogorra kaleratu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Ordiziako bi ikastetxeen arteko eskola segregazioa saihesteko daraman politikaren inguruan. Begoña Pedrosa buru duen sailari egotzi dio bere gomendioak ez onartzea, eta Eusko Legebiltzarrean horren berri emango duela jakinarazi du.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren agerraldia Ordizian, eskola-segregazioa saihesteko Jaurlaritzaren politikak salatzeko. Euskal Eskola Publikoaz Harro

2025eko urriaren 22an - 12:33
Azken eguneraketa: 16:03
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ordizian, Urdaneta ikastetxe publikoan eta Jakintza Ikastolan ikasleen matrikulazioetan dauden desorekak konpontzeko Arartekoak Jaurlaritzari egin gomendioak, ezerezean geratu direla dirudi. Hala adierazi dio gutun bidez Inés Ibañez de Maeztu Arartekoak Urdanetarrak guraso elkarteari, herritarren defendatzaileak kaleratutako enegarren ebazpenaren berri ematearekin batera.

Joan den ekainean eskatu zion Arartekoak Hezkuntza sailari "neurri irmoagoak" hartzeko udalerri horretan eskola segregazioa saihesteko, hasiera batean Pedrosaren sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarrita. Erantzunik jaso ez zuenez, berriz egin zuen eskaera, eta azkenik abuztuaren amaieran jaso zuen erantzuna.

Hezkuntza sailak azaldu du "desabantaila-egoeran" dauden ikasle gehiago bideratzen direla Urdaneta ikastetxe publikora Jakintza itunpekora baino, lehenengoak eskaintza zabalagoa eta baliabide gehiago dituelako. Arartekoak ez du ontzat hartu argudio hori: "Ezin da onartu legeak aldarrikatzen dituen printzipioei aurka egiten dien desoreka-egoera justifikatzea", azaldu du, eta gogorarazi du, hain zuzen, administrazioaren eskumena dela baliabide horiez hornitzea eta horretarako neurriak hartzea.

Arartekoak gogorarazi du gutxienez 2019tik ari dela kasua aztertzen eta Hezkuntza sailari gomendioak egiten: "Ia 6 urte igaro dira, eta egoerak funtsean berdin jarraitzen du", azaldu du

Arartekoak Pedrosaren sailari egotzi dio eskola-segregazioa saihesteko politika publikoak "maila globalean" soilik planteatzea, baina bere ustetan hori ez da "bateraezina" udalerri horretan neurri zehatzak ezartzearekin.

Gurasoen eta eragileen salaketa

Urdanetarrak guraso elkartearen esanetan, "Ordiziako egoera ez da bakarra, baina bai eredugarria". Ordizia 10.000 biztaletik gorako udalerrien artean immigrazio tasa handiena duen EAEko udalerria da, eta jatorri atzerritarra duten udalerriko familien ikasleen %81 Urdaneta eskola publikora doa. Instituzioek "hezkuntza komunitatearekin lankidetzan, inklusiorako gidalerroak praktikara" eramateko beharra erakusten du horrek, guraso elkartearen aburuz. 

Pasa den larunbatean, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak agerraldia egin zuen Ordizian eskola-segregazioa saihesteko administrazioaren politikak salatzeko, "Hezkuntza Sailaren utzikeria eta arazoa konpontzeko borondate ezaren isla ezin hobea" delako udalerria, bere esanetan. Azaroaren 29an manifestazioa egingo dute Bilbon, Segregazioaren aurka. Publikoa da bidea lelopean, plataforma horrek deituta.

Udalerriko ikastetxeen artean gertatzen ari den segregazio egoera konpontzeko eskaria aspaldikoa da eta Arartekoak berak gogorarazi du gutxienez 2019tik ari dela kasua aztertzen eta Hezkuntza sailari gomendioak egiten: "Ia 6 urte igaro dira, eta egoerak funtsean berdin jarraitzen du", azaldu du.

Pedrosaren azalpenak legebiltzarrean 

Hain zuzen, urriaren 10ean Eusko Legebiltzarrean Jon Hidalgo Sumarreko parlamentariak Ordiziako ikastetxeetako egoeraz egindako galderari erantzun zion Begoña Pedrosak kontrol bilkuran. Sailburuak matrikulazioen inguruko datu batzuk eman zituen, erakusteko desoreka portzentajea erdira jaitsi dela azken hiru urteetan: "Neurri zuzentzaileek funtzionatzen dute", ziurtatu zuen.

Hernándezek "berandu" ibiltzea leporatu zion eta azaldu zuenez, Ordiziako Udalean dituzten datuak eta "errealitatea" oso bestelakoak dira. Sumarreko kideak, gainera, azaldu zuen udalerri hartako hezkuntza komunitateak Jaurlaritzatik hitzemandako neurrien "zain" jarraitzen duela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eguneraketa berriak daude