“6-7 urterekin, Donostian, gizon batek bina duro eman zizkigun kalean euskaraz hitz egiteagatik”

  • Etxean hartu gaitu Miren Egaña Goya irakasle eta hizkuntzalariak, egongelan: parean dugu Zurriola hondartza. Grabagailua martxan jarri, eta galderarik egin aurretik hasi zait kontu-kontari; bi ordu joan zaizkigu konturatu orduko. Txundituta geratu naiz: hamaika bizitza kabitzen dira bizitza batean, eta Egañak zorrotz bezain umoretsu azaltzen ditu denak. Jarraian, pusketatxo bat.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Miren Egaña (Donostia, 1946) 

Irakaslea, hizkuntzalaria eta etnografoa. Kanadako euskal toponimian erreferentziazko ikerlaria da: 1985ean, Labradorrera egindako lehen euskal espedizioan parte hartu zuen, besteak beste. Magisteritza ikasketak egin zituen Donostian, eta haurrei euskaraz irakasten aritu zen klandestinitatean, besteak beste bere amak etxean zeukan ikastolan. Bitartean, Filologia Erromanikoa ikasi, eta Batxilergoko Euskara Katedra atera zuen. Irakasle-lanetan aritu zen 2006an erretiroa hartu zuen arte.

1946an jaio zinen, Donostian. Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Ostegunetan, eskolarik ez eta, Erreparadoren komentura dotrinara joaten ginen Grosetik bi neska. 6-7 urte izango genituen, eta Abenida-n [Askatasunaren hiribidea] zehar gindoazen, saltoka. Bagenekien ezin ginela ibili korrika eta are gutxiago euskaraz, diktadura baten pean baikeunden, eta euskara galarazita zegoen. Abenida-n kafetegi eta terraza ugari zeuden, gehienek zabalik zituzten toldoak, eta haiek ukitzeko saltoka gindoazen: “Nik gorria, nik urdina”. Halako batean, ia Abenida-ren bukaeran, gizon handi bat aurrean jarri eta ea zer ari ginen galdetu zigun. “Gu, gu… ba toldoak saltatzen”, erantzun genion. “Eta nola ari zineten?” “Ba, euskaraz”. Bina duro [bakoitzari hamar pezeta] eman zizkigun. Askotan pentsatu dut: zeini eman diote bere herrian bere hizkuntza egiteagatik dirua?

Euskararekiko lotura etxean jaso zenuen. 
Euskal Herria kalean jaio nintzen, nire ama jaio zen etxe berean. Aita ere donostiarra zen, baina Antiguakoa. Aita gerra denboran kartzelan egona zen hiru urtez, heriotza-zigorra ezarri zioten, eta gero biziartekoa. Berak zioen: “Nire seme-alabek ez dakit besterik jakingo duten, baina euskaraz bai”. Eta bere euskara egiten zigun, nire amak ondo ulertzen ez zuena; horrela, hizkera berezi bat sortu genuen berarekin hitz egiteko. Amarekin, berriz, udaran gaztelura igotzen ginen egunero [Urgull mendia], beste ama euskaldunekin batera ume euskaldunok euskaraz jolas gintezen.

Euskal Herria kalean jaio, eta bertan bizi? 
Ez, 3 urte nituenean Gros auzora mugitu ginen. Euskal Herria kalekoa amonaren etxea zen, eta gure izeba bertan geratu zen berarekin. Familia handitzen ari zen bestalde, bost baikinen jada, eta Karkizano kalera joan ginen. Bertan ireki zuen amak [Maria Dolores Goya Mendiola] ikastola: maistra titulua lortua zuen 1932an eta gerra aurretik aritua zen ikastolan. Bitxikeria moduan, ikatz kalefakzio indibiduala geneukan etxe alokatu hartan, baina neguko egunetan ere ez genuen pizten. Etxeko ikastolan, egunero hartzen zituen 20 ume goizean, 20 arratsaldean, eta horiek nahiko berotzen zuten etxe guztia. Noizean behin, baina, lortzen genuen piztea, eta orduan eskatzen genion amari erretzeko zigarro bat, Ingalaterran gerrako umeekin egon zenean ikasi baitzuen. Bazekien zer zetorren ondoren: My first story book ingelesezko liburua –irudi bitxi eta guretzat ezohikoz hornitua–, txurroak eta Ingalaterrako historiak. 

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zuk zeuk ez zenuen ikastolan ikasi. 
Ez, eskola frantsesetan ibili nintzen, neska-mutilak elkarrekin, eta 10 urterekin batxilergoa egitera joan nintzen mojen eskolara, errejimen frankistak ez baitzituen ontzat ematen Frantziako ikasketak. Mundu erabat desberdina izan zen. Nik mutilak nituen etxean, bata zaharragoa eta bestea gazteagoa; haiekin jolasten nintzen edozer gauzetara: kaniketara, zibetara, txapetara, denetara. Eskolan ere bai, mistoa zen, garaian debekatua. Denak batera jolasten ginen edozer gauzetara, brilera [edo baloi errea] jolasten ginen, neskak eta mutilak, denak nahasita, ez neskak mutilen kontra. Askoz normalagoa zen. 

Mojekin zer moduz? 
Mojetan jakin nuen, 11 urterekin, nire izena bitxia zela. Batxilergoko lehen urtean mojak nola deitzen nintzen galdetu zidan. Mirentxu Egaña esan nion; ez zitzaiola izena iruditzen esan zidan. Nire erantzuna zera izan zen: “Ni Miren bataiatua nago, baina epaitegian Mari Carmen jartzen du”. Hori bai egiazko izena, esan zidan. Moja marianistak ziren Aldapetakoak. Garai haietan eguneroko arrosarioaz libratzen nintzen, ingeleseko klaseetara joaten nintzelako akademia batera.

Eta horren ostean? 
Errebalida egin nuen 14 urterekin. Horren ostean goi batxilergoa, peritutza edo magisteritza egiten ziren. Nik magisteritza egin nuen, eta 18 urterekin lanean ari nintzen bete-betean etxeko ikastolan. 
Ikasten segitu zenuen, hala ere. 

Klaseak eman, gero nobioarekin atera, eta pentsatzen nuen: “Nire bizitza hau izango da?”. Rollo bat iruditzen zitzaidan, ez nuen bizitza sozialik. “Nik hemen beste zeozer egin behar dut”, pentsatzen nuen. Orduan, Deustuko Donostiako campusera jo nuen: bertan, gauez –hau da, arratsaldeko 7etatik 10ak arte– karrera bat egiteko aukera eman ziguten. 

Nik historia egin nahi nuen, baina hemen ez zuten eskaintzen; bada, filologia erromanikoa egin nuen. Hori zen hemen, Donostian, genuen aukera. Egunez jarraitzen nuen klaseak ematen ikastolan, eta gauez joaten nintzen unibertsitatera karrera bukatu arte. Tartean, ezkondu nintzen eta bi alabak eduki nituen. Dena batera. Oso gazte nintzen, 24 urterekin ezkondu nintzen, eta orduan energia pila bat daukazu, baina gelditzen zara zure bizitzarik gabe. 

"Amak etxeko ikastolan, egunero hartzen zituen 20 ume goizean, 20 arratsaldean, 
eta horiek nahiko berotzen zuten etxe guztia”

Hizkuntza-jabekuntzaren inguruko lanen bat egin zenuen, ezta? 
Karrera bitartean zenbait irakaslek lanak eskatu zizkiguten. Lehenengo lana egin nuena zera izan zen: nik ikastolako umeen datu guztiak nituen, zeintzuk zituzten bi gurasoak euskaldunak, zeintzuk bat bakarrik, zeintzuk bat ere ez, eta horren arabera nola gertatzen zen euskararen ikasketa prozesua. Badakit oso elementala zela egin nuen lana. Zera esan zidaten: hemen ukitu batzuk egin beharko zenituzke. Berez ez zen argitaratu, baina niri bururatu zitzaidan txosten formalago bat idaztea eta Galwayko Hizkuntza Gutxituen 1987ko kongresuan aurkeztea. Artikulu hori ez zidaten argitaratu, frantsesez zegoelako. Hortxe gelditu da. 

Ezin duzu berreskuratu? 
Orain datu horiek oso zaharkituta daude. Baina garai horretan, 1970ean, ea zeini bururatzen zitzaion horrelako gauza bat. Nik ikusten nuen gure ikastolan haurrek ikasten zutela euskara nahiko ondo eta azkar, hainbat adineko 40 ume genituelako gela bakoitzean amak eta biok. Nahastuta edukitzen genituen mahai berean 3 eta 4 urtekoak, 5 eta 6 urtekoak, etab. 4 urtekoek aurreko urtean euskara ikasten zuten, eta lagungarri ziren ikasturte berrian sartzen zirenentzat, batez ere erdaldun hutsak zirenentzat. Urtero seiren bat izango ziren horrelakoak, eta horiek hasten ziren dena erdaraz egiten, eta kurtsoa bukatzean deklinabideko atzizkiak eta jartzen zituzten, eta udaran galtzen zutena kurtso berrian berreskuratzen zuten. Uste dut txikitan ikasten duzuna, hori berreskuratu dezakezula. Hori niri gertatu zitzaidan ingelesarekin, Ternuan. 

Kontatu. 
1991n izan zen, Ternuako Saint-John’s-eko unibertsitateko liburutegian, antzinako mapak ikertzen ari nintzen euskal toponimoen bila. 1985eko Labradorreko Lehen Euskal Espedizioan ezagutu nuen irakasle arkeologo bat agurtu nuen, eta zera eskatu zidan: unibertsitateko beste irakasle batzuek zertan ari nintzen jakin nahi zuten, eta ea esplikatuko nien. Eta hor atera nuen ingelesa, oinazpitik. Ordu eta erdi aritu nintzen beraiekin, eta galderak egin zizkidaten. Zera esan nien: “Hau ez da nire lehenbiziko hizkuntza, beraz, aguantatu beharko duzue nire ingelesa”. Gero gauza arraro batzuk galdetu zizkidaten euskarari buruz, ea loturarik zuen etruskoarekin, eta horrelakoak, baina pentsatu nuen: “Nahiko ondo pasatu dut proba hau, jasan dute eta galderak egin dizkidate gainera”.

Kontatuko didazu nola sartu zinen etnografiaren eta toponimiaren kontuan? 
Lizentziatura titulua lortzeko Deustun estatuko azterketa, errebalida, egin behar genuen tribunalaren aurrean, tesina eta guzti. Niri tokatu zitzaidan estatuko proba egitea: teorikoa, praktikoa eta tesina. Senarrak [Fermin Leizaola] esan zidan Deierri haraneko toponimia azter nezakeela lan horretarako. Esan nion: “Aizu, haran handiagorik ez duzu topatu Nafarroa guztian?”. Berari gustatzen zitzaion toponimia eta lagundu zidan biltzen; Aitzpea [alaba] nire gurasoekin utzita joaten ginen. Asteburuetan joan behar izaten genuen, udalaren dokumentuak ikusi nahi bagenituen. Nola-hala bildu, eta egin nuen hura. Eta, hura bukatuta, senarrak esan zidan, “aizu, eta orain ze karrera egingo duzu hau bukatzean?”. Noski, berak mendira joan nahi zuen igandetan, bere artzainen mundura. Esan nion: “Nik, orain, ezer ez”. Kongresuetara-eta bidaltzen nituen txostenak, baina motzak, gauza txikiak argitaratzen nituen, ze bi ume nituen, ikastolan ari nintzen lanean… ezin nuen gauza handirik egin.

Dena den, 1985ean, Ternuara joan zinen estreinako aldiz, eta ikerketa-ildo handi bat zabaldu zitzaizun han. Nolatan antolatu zen bidaia hura? 
Ikerlari ingeles batek antolatu zuen, ingelesek egiten duten modura, dirua lortu merkataritza-ganbaretatik, Bilbon zein Donostian, eta bere espedizioa antolatu. Eta ulertu dezazun zergatik zen bere espedizioa: aurkitu berria zuten San Joan baleontzia. Emakume honek Oñatin topatu zuen dokumentu bat, non esaten zen 1565ean hondoratu zela itsasontzi bat halako lekutan, eta esan zuen: “Hor bilatu behar da ontzi hori”. Urpeko arkeologoak berak proposatu zuen lekuan topatu zuten. 
Ikerlari ingeles eta arkeologo kanadarren artean etengabeko gatazka sortu zen, bakoitzak aurkikuntzaren aldarrikapena egiten zuen eta. Kanadako historia XVI. mendera atzeratzen zuen euskal baleontziak. Lehendik XI. mendeko bikingoen arrastoak aurkituak zituzten, baina hor, ez zegoen ezer idatzirik eta ezer gutxi aurkitu zuten Ternuaren iparraldean.

Otawako museoko zuzendariak  kontratatu ninduen museoko 
gidari zirenei euskaldunak 
zer ziren azaltzeko”

Zuek nolatan joan zineten? 
Ikerlaria tematuta zegoen Fermin nire senarra joan zedin, eta Ferminek esan zuen bera bazihoala ni joanez gero. Taldea oso heterogeneoa zen. Zuk, pixka bat ezagutzen baduzu herri hau, ezin dituzu sartu espedizio berean bi aragoiar, Nafarroako hegoaldeko bat, beste nafar bat, bi bilbotar eta hiru gipuzkoar, elkar ezagutzen ez genuenak; desastre bat izan zen. Hizkuntzarekin, bestalde, arazo bat zegoen. Espedizioan bost gizon eta bost emakume ginen: hiru neskek ingelesa genekien eta horietatik bik soilik euskara, gizonezkoek berriz, ez bata ez bestea.

Nola amaitu zen kontua? 
Azkenean, senarra eta biok erreskatatzera etorri zen Robert Grénier arkeologoa, kontratu txiki bat egin zion senarrari, hiru egunetakoa, Ottawara joateko, eta han ikusi genituen zenbait objektu. Ni itzulpen lanetan berriz ere, zeren bere taldea anglofonoa zen, eta aurkitutako gauzak zertarako ziren eta beste azaltzen ibili ginen. Eta tira, halako batean pentsatu nuen: “Zer, Kanadara etorri gara, eta ez diegu ezer eramango alabei?”. Horrela, ordubeteko erosketa batean, txamarra batzuk erosi genizkien, oso goxoak. Zorionez, gustatu zitzaizkien. Eta hori horrela bukatu zen. 

Baina zuk Ternuako eta Labradorreko kostako leku-izenetan sakontzen jarraitu duzu. 
Espedizioko urte berean, Manterola liburu-dendara joan ginen urtearen azken egunean, jabeak esan zidan bazuela zerbait interesatu zekidakeena. Eta zer zen? [Piarres] Detxeberriren Itxasoco Nabigacionecoa. “Eman bost, mesedez”, esan nion. 
Erosi nuen liburua, eta etxera joan ginen Detxeberrirekin. Eta, aizu, “zer jan behar dugu gaur, ama? Zer dago bazkaltzeko?”. “Ez dakit”. Batetik Ternuako mapa bat hartu, bestetik nire Detxeberri, eta buelta osoa eman nion uharteari. Horren harira egin nuen nire lehenbiziko lana, eta euskaraz argitaratu nuen [XVI. eta XVII. mendeetako Kanadako Ternua eta Labrador-eko euskal leku-izenen zenbait berri], Anuario de Eusko Folklore-n. Ez dut inoiz aipatua ikusi. Baina tira, egon nintzen espedizioan, argitaratu nuen artikulua, eta geroztik, jarraitu dut aztertzen. 

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Kanadara itzuli zinen luze gabe. 
1990ean joan nintzen Kanadara, udara osoa bertan eman nuen. Jaurlaritzak antolatutako Euskaldunak eta Amerika programan lortu nuen beka bat eta bi alabekin joan nintzen. 

Eta zer moduz ibili zineten? 
Zaharrenak [Aitzpea Leizaola, antropologoa] unibertsitateko lehenbiziko urtea egina zuen; bigarrena berriz, Usue, batxilergoko 2. mailan ari zen. Aitzpea eta biok joaten ginen artxibora, bion artean kudeatu genuen oso ondo eskuizkribu bat. Makinaz idatzita zegoen, eta 20 ale inprimatu zituen lan mardula egin zuen Prowse geografo kanadarrak. Hainbat artxibo zein unibertsitatetan utzi zituen aleak: Ottawako artxiboetan, Cambridgen, Toronton, Winnipegen… Horren harira, euskal mapen konparaketa egin genuen. 

Oroitzapen onak dituzu Kanadara egindako bidaiez? 
Lagun oso onak egin ditut Kanadan. Lagundu egin didate, bideratu naute, eta haiekin aritu naiz lanean. Esate baterako, Ottawako museoan, hor leku handi bat zeukaten euskaldunek. Hiru areto zeuden euskaldunen gorabeherekin. Zuzendariari ohar batzuk egin nizkion hango gauza batzuei buruz, eskatu nion Euskal Herriko mapa bat jar zezan... Berak kontratatu ninduen museoko gidari zirenei euskaldunak zer ziren azaltzeko. Beste behin Quebec hiriko Laval Unibertsitateko doktorego amaierako klase bat ematera gonbidatu ninduten Robert Grénierrekin batera, eta hor ezagutu nuen Monseigneur Bélanger [historialaria; euskaldunek San Laurendiko estuarioan izandako presentzia ikertu zuen]. 
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikastolak
Eguneraketa berriak daude