Joxe Mari Auzmendi bekaren 3. deialdia aurkeztu dute Hik Hasi ekimenak eta Hernaniko Udalak. Ikastetxeei eraldaketan laguntzea xede duen bekak 12.000 euroko zenbatekoa izango du, eta proposamenak bidaltzeko epea abenduaren 1ean amaituko da.
“Euskal Herriko ikastetxeek gaur egungo erronka sozial, etiko, teknologiko, pedagogiko eta abarrei erantzuteko, eraldaketa prozesuak egitea beharrezkoa dute, eta eraldaketak
marko teoriko eta bide-orri metodologikoa behar ditu”, azaldu du Hik Hasiko kide Ainhoa Azpirotzek, Auzmendi bekaren deialdia aurkezteko Hernanin emandako prentsaurrekoan: "Bekaren helburua horixe da: eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak osatzea. Etengabeko hobekuntzarako bidean, beka honen emaitzak Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izan daitekeen material bat proposatuko du, orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa, horren gainean ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin dezan ondoren”.
Ikerlari, pedagogo, hezitzaile talde edota unibertsitateei zuzendutako beka da. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 1ean bukatuko da eta epaimahaiak 2026ko urtarrilaren 8an jakinaraziko du saritutako proiektua zein den. Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da eta urte eta erdiko epean gauzatu beharko da.
Joxe Mari Auzmendi gogoan
2020ko otsailaren 13an hil zen Joxe Mari Auzmendi, Hik Hasiko koordinatzaile ohia eta pedagogia egitasmo horren sustatzaile nagusietakoa izan zena.
Nafarroako Azkaraten jaioa 1954an, txikitan Legazpira joana eta aspaldi Hernanin bizi zena, Hik Hasi aldizkarian eta egitasmo pedagogiko horretan aritu izan zen urte luzez, haren "arima" izan dela azaldu zuen Hik Hasik. 2019an liburua argitaratu zuen Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak izenburupean. Bertan 25 pedagogoren lana eta ekarpenak jaso zituen. ARGIAn iritzi emaile ere izan zen.
Haren izena daraman bekaren aurkezpen ekitaldian Hernaniko alkate Xabier Lertxundi ere izan da. "2020an Hernani herri hezitzaile izateko erabakia hartu genuen. Guretzako, garrantzitsua da hezkuntza formaletik haratago hezkuntzarekin lotutako beste ekimen batzuk sustatzea", esan du. "Joxe Mari Auzmendi pertsona garrantzitsua izan zen gure herriarentzat eta hori azpimarratu nahi dugu beka honekin. Gerturatu dizkigun baloreak mantendu nahi ditugu. Beti egongo gara zorretan berarekin, ezer bueltan eskatu gabe horrenbeste eskaini duen herritarra izan baita".
Halaber, Joxe Mariren izenean, haren anaia Julenek hartu du hitza: "Oso eskertuta gaude Hernaniko Udala eta Hik Hasi Joxe Mariren inguruan egiten ari diren lanarekin. Joxe Mari harro eta eskertuta zegoen inguruan zeukan lan taldearekin, eta gu geu ere harro eta eskertuta gaude Joxe Mari gure senide izan zelako".