Bizi-bizi dago Arabako Lautada. Ekoizle txikiek haien produktuak eraldatzeko hainbat egitasmo jarri dituzte martxan; azkena, Okiturri izenekoa. Lekaleak garbitzeko gunea, oilasko hiltegi txikia, koltza eta ekilore olioa eraldatzeko gunea eta irina egiteko errota txiki bat dituzte eraldaketa gune kolektiboan. Donemiliagako Udalaren pabilioian elkartu dira hainbat jardueratako ekoizleak, eta laguntzaile eta bidelagun fin izan dute Lautadako Landa Garapen Elkartea. Arantza Arrien Goitiandia teknikariak azpimarratu duenez, ekoizleak dira beti proiektuaren bultzatzaileak: “Guk lagundu egiten ditugu”.
“Bost urterako plangintza egiten du Landa Garapenerako Elkarteak, eta bere garaian inkesta egin genuen eskualdeko ekoizleen beharrak identifikatzeko”, azaldu du Arrienek. Lanketa horretan, ekoizleek haien produktuak eraldatzeko guneen beharra adierazi zuten, eta azpiegitura horiek martxan jarri ahal izateko haien inplikazioa zein zen argitu. “Udalei ere pasatu genien galdetegia: eraldaketa proiektuak martxan jartzeko lokalik eta kudeaketan inplikatzeko prestutasunik ba ote zuten galdetu genien”. Jasotako erantzunen artean, eraldaketa gunea jartzeko toki egokiena Donemiliagako udalaren pabilioia iruditu zitzaien, eta hitzarmen bidez gunearen lagapena lortu eta gero, martxan jarri ziren.
2019ko urtarrilean abiatu zuten guneko lehen proiektua, lekaleena. “Bost lekale ekoizle elkartu ziren eta garbitzeko makina erosi zuten, Aldundiko laguntzari esker. Makina hori ez da beste munduko ezer, baina garestia da ekoizle bakar batek erosteko”, dio teknikariak. Lekale ekoizleek Lautadako Lekaleak izeneko elkartea sortu zuten gunea martxan jartzeko, eta kudeaketa ere ekoizleen eta udalaren esku dago egun.
Ekiolio proiektuko kideak batu ziren iaz gunera. Koltza eta ekilorea zukutzeko makina eskuratu zuten olioa ekoizteko, eta gainera, prozesuan sortzen diren soberakin solidoak aprobetxatzeko, inguruko abeltzainekin tratua dute. Aldi berean, eskualdeko oilasko ekoizleak elkartu ziren hiltegi txiki baten hutsuneari erantzuteko asmoz. Laguntza bati esker eta haien poltsikotik ere zati bat jarrita, aurten jarri da martxan oilasko hiltegi txikia. “Enpresa italiar bati modulu txiki bat erosi zioten, eta Lautadan Bertan izeneko kooperatiba sortu dute kudeaketarako”.
Azkenik, irinen egitasmoa gehitu da proiektura. Garapen elkartea irinen inguruko kooperazio proiektu batean ari zen, eta errota txiki bat jarri dute gunean. Momentuz, ekoizle eta okinek irinak testatzeko erabil dezakete, proba moduan. Aurrera begira, esku-artean egitasmo kolektibo gehiago ere badituztela aurreratu du Arrienek: “Norberak bere makineria edukitzea askotan ez da bideragarria, eta errelebora begira ere, gauzak erraztu egiten dira modu honetan. Eta, gainera, diru publikoa hobeki aprobetxatuta”.
2024ko irailetik martxan dute Urduñan Belardi hiltegia eta haragi-eraldaketarako gunea. Elikadura burujabetzaren bueltan herrian urte askoan egin duten prozesuaren ondorio da proiektua, Bedarbide abeltzainen elkarteak bultzatu duena. “Sektorean egindako ikerketatik,... [+]
Pirinioetan dago ezpel basatien munduko eremurik handiena, eta hain zuzen Nafarroako Pirinioan, Abaurregainan, sortu zuten 2020an Ezpelzaintza 2050 egitasmoa. Cydalima perspectalis sitsa hondamendi handia eragiten ari da ezpeldietan azken urteotan, eta espeziea babesteko eta... [+]
Duela urtebete pasa gauzatu zuten Ortulaguntza proiektua Debagoienan. Langile bat kontratatu dute bailarako nekazaritza proiektu txikietan txandaka lanean aritzeko, hartara ekoizleei lan karga arintzeko eta baldintzak duintzeko. “Sektorea zaurgarri zegoela eta errelebo... [+]
Maiatzaren 10ean egun osoko festa berezia antolatu dute Zestoako Amilibia baserrian. Agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren alde, Gipuzkoako Biolur elkarteak abiatutako proiektua da Amillubi, eta udaberriko hitzordua aitzakia paregabea izanen da tarte eder bat partekatu... [+]
Proventza eskualdean, Alpeen hegoaldean abiatu zuten Lili Saint-Laurent euskaldunak eta Mathias Guibert proventzarrak abeltzaintza proiektua duela hamar urte pasatxo. “Ardi, ahuntz, behi, txerri eta pottokekin plantatu ginen etxalde dibertsifikatua landuz, baina laborantza... [+]
2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean etxean geratzeko aukera izan nuen, eta ordu arteko guztia, nolabait, apurtu egin... [+]
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]
Duela lau urte abiatu zuten Azpeitian Enkarguk proiektua, Udalaren, Urkome Landa Garapen Elkartearen eta Azpeitiako eta Gipuzkoako merkatari txikien elkarteen artean. “Orain proiektua bigarren fasera eraman dugu, eta Azkoitian sortu dugu antzeko egitasmoa, bere izenarekin:... [+]
Donostiako Amara auzoko Izko ileapaindegi ekologikoak 40 urte bete berri ditu. Familia-enpresa txikia da, eta hasieratik izan zuten sortzaileek ile-apainketan erabiltzen ziren produktuekiko kezka. “Erabiltzaileen azalarentzat oso bortzitzak dira produktu gehienak, baina... [+]
Ubidekoak (Bizkaia) dira Imanol Iturriotz eta Aritz Bengoa gazteak. “Lagunak gara txikitatik, eta beti izan dugu buruan abeltzaintza proiektu bat martxan jartzeko ideia”, azaldu du Iturriotzek. Nekazaritzari lotutako ikasketak izan ez arren, baserri munduarekin eta... [+]
Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio... [+]
Gipuzkoako hamaika txokotatik gerturatutako hamarka lagun elkartu ziren otsailaren 23an Amillubiko lehen auzo(p)lanera. Biolur elkarteak bultzatutako proiektu kolektiboa da Amillubi, agroekologian sakontzeko eta Gipuzkoako etorkizuneko elikadura erronkei heltzeko asmoz Zestoako... [+]
Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.
Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]
Pandemiaren ondorengo testuinguruan, elikadura –ustez oinarrizko eskubide den hori– lantzeko mugitzen hasi zen talde bat Gasteizen. “Militantzia esparruan beste gaiak jorratzen ari ziren ordurako, etxebizitzarena kasu, baina elikadura ardatz hartuta ez zegoen... [+]