Ekoizle txikiei arnas emateko lanpostu publikoa Debagoienan

  • Duela urtebete pasa gauzatu zuten Ortulaguntza proiektua Debagoienan. Langile bat kontratatu dute bailarako nekazaritza proiektu txikietan txandaka lanean aritzeko, hartara ekoizleei lan karga arintzeko eta baldintzak duintzeko. “Sektorea zaurgarri zegoela eta errelebo falta zegoela ikusi zuten Bergarako Elikadura Mahaian, eta Biolur elkarteak egindako Duina ikerketako emaitzek ere hori erakusten zuten. Hortik sortu zen lanpostua sortzeko ideia eta bertako udalek eta Landa Garapenerako Elkarteak sostengatzen dute”, azaldu du Olaia Blanco Azpiri, Ortulaguntza zerbitzuko langileak.

Jokin Bereziartua Lizarazu / Goiena

2025eko maiatzaren 12an - 05:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bailarako udalek finantzatu dute nekazaritzako lanpostu berria, eta Landa Garapenerako elkartea da administrazio eta kudeaketa lanez arduratu dena. Bailarako proiektuei eskaini zitzaien laguntza, eta ekimenean parte hartzera animatu ziren sei ekoizlerekin ari da lanean Blanco. Ekoizle txikiei arnas ematea eta sektorean erreleboa bultzatzea dira egitasmoaren helburu nagusiak, baina baita eskualdeko proiektuen arteko sarea bultzatzea ere. “Hainbat ekoizpenetan pertsona bera aritzeak sarea ere egiten du, eta badira elkarrekin egiten hasi diren gauzak, landare bila joatea edo agroasanblada aktibatzea, adibidez”, azaldu du Blancok.

Bergaran, Antzuolan, Oñatin, Eskoriatzan eta Izurtzan ortugintzari lotutako proiektu agroekologikoetan ari da lanean Blanco: “Hilabeteko edo bi hilabeteko egutegia antolatzen dugu ekoizleekin kontrastatuta, haiek adierazten digute zein egunetan datorkien hobeki”.

Erreplikagarria den eredua

Ortulaguntzako kideak nabarmendu duenez, ekoizpen guztiek ez dituzte behar berak, eta bakoitzari eskaintzen dion ordu kopurua ere ez. “Zenbait proiektutan oporrak kideen artean betetzeko aukera dute, baina beste batzuetan ez, pertsona bakarra ari delako edo lan karga handia dutelako. Bestalde, denak ez dira lurren eta azpiegituren jabe, edo ez dute lan gaitasun bera”, dio. Lanen kudeaketa langileak egiten du, baina bi ekoizlez eta landa garapen elkarteko kideez osatuta dagoen jarraipen batzordea abiatu zuten hasieratik, eta hau arduratzen da langilearen zaintzaz eta lanaren jarraipenaz.
Bultzatzaileek uste dute beste toki askotara eramateko modukoa dela proiektua. “Nekazaritzak asko ematen dio gizarteari eta oso egoera zaurgarrian dago, sektore prekarizatua da, ekoizleek lanordu asko sartu behar izaten dituzte… beraz, uste dut garrantzitsua dela diru publikoa horrelako proiektuetara ere bideratzea”, amaitu du nekazariak.


Baratzetik mundura kanalean gehiago
2026ko otsailaren 16
Istrupiza baserria
Baratzezain izatetik erlezain izatera

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.