Israeli sei milioiren truke altzairua saltzeagatik ikertutako Sidenorreko goi-karguek asteazkenean deklaratuko dute

  • Sidenorreko presidente José Antonio Jainaga eta beste bi zuzendari ikertzen ari da Francisco de Jorge Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. Asteazkenean deitu ditu deklaratzera Israel Military Industries armagileari altzairua saltzeagatik. Bestalde, Iparraldea Palestinarekin sareak deituta, larunbatean mobilizazioak egin dituzte Israelekin elkarlanean ari diren enpresak seinalatzeko: Burger King, McDonald’s, Lauak, Carrefour eta Etche Sécurité enpresen atarietan egin dituzte.

Epailearen arabera, inputatuek bazekiten altzairua armak egiteko erabiliko zela. Irudian, Basauriko lantegia. Zarateman / Wikipedia

2025eko azaroaren 11n - 08:51
Azken eguneraketa: 16:55
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak hasitako kereila baten ondorioz hasi zen Sidenorreko hiru goi karguen aurkako prozedura. Epaileak bi delitu leporatzen dizkie Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainagari, Marco Pineda zuzendari orokorrari eta Iñigo Molero zuzendari komertzialari: kontrabando delitua, eta gizateriaren aurkako delitu baten konplize izatea; eta agian, modu alternatiboan, genozidio delitu baten konplize izatea ere bai.

Epaileak dio badirela zantzuak pentsatzeko Sidenorreko arduradunek bazekitela saldutako altzairua armak egiteko erabiliko zela. Horrez gain, azaldu du altzairuaren salmenta Espainiako Gobernuari baimena eskatu gabe eta dagokion erregistroan zehaztu gabe egin zela.

2023ko otsailetik 2025eko ekainera, Sidenorrek 42 aldiz bidali zion altzairua Israel Military Industries enpresari. Bidalketa horietatik 33 2023ko azarotik aurrerakoak dira, hau da, Gazako genozidioa hasi ostekoak, Berria-k jakin ahal izan duenez. Orain arte zabaldutako informazioen arabera, lau bidalketa egin zituen Sidenorrek, baina kopuru hori askoz ere handiagoa izan daiteke. Espainiako Poliziak Auzitegi Nazionalera igorritako txostenaren arabera, guztira 4.587 tona altzairu bidali zituen enpresak, eta 5,8 milioi euro jaso zituen trukean.

Ipar Euskal Herriko bost enpresa seinalatzeko ekintzak

Israel eta bere konplizeen kontra borroka egin behar dela dio Iparraldea Palestinarekin sareak, boikotaren bidez eta Israel desnormalizatzeko ekintza kolektiboen bidez. Zentzu horretan, azaroaren 8an mobilizazioak egin dituzte Israelekin elkarlanean ari diren enpresak seinalatzeko. Bost enpresa hauen aurrean bildu dira: Baionako San Leongo Burger King, Hendaiako McDonald’s, Ahierrako Lauak, Donibane Garaziko Carrefour, eta Bildozeko Etche Sécurité.

"Palestinar erresistentzia laguntzeko denek eragin dezakegula azpimarratu nahi dugu", adierazi dute kolektiboko kideek: "Elkartasuna da dagokigun armetarikoa, eta horrekin batera boikota", gaineratu dute: "Israelen genozidioaren konplize andana dugu gure inguruan. Harreman horiek moztea da boikotaren helburua, eta guztien artean presio sozial eta ekonomikoaren bitartez lortu dezakegu". Masiboki eginez gero garaipenak ekarri ditzakeela diote, Puma, Axa edo EHU-rekin gertatu den bezala, adibidez.

Bestalde, aurten bigarrenez, Iparraldea Palestinarekin sareak "palestinarrak haien erresistentzian sustengatzeko eta Israel zein bere konplizeen kontra borrokatzera deitzeko eguna" antolatu du azaroaren 15ean Makean (Lapurdi).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
2025eko azaroaren 19
51.396

2025eko azaroaren 19
Berriketa gutxi
Mendi tontor

Eguneraketa berriak daude