“Euskal itzulpengintzak, euskarari balioa emateaz gain, euskara eta literatur lanetarako hizkuntza lantzen laguntzen du”

  • Kazetaritza munduan hazia, bere lehen liburu itzulpena ondu du Jone Gartziak (Bilbo, 1996): Errusiako Gutunak: Azken Marx, landa-komuna eta ezinezko iraultzak (Katakrak, 2025). Bi iraultzaileren arteko komunikazio etena ekarri du euskarara Gartziak, eta ARGIArekin izandako tartea aprobetxatu du itzulpengintzaren garrantzia aldarrikatzeko. Urrian argitaratu zuten liburuak tartea izan du Durangoko Azokan ere.

Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

2025eko abenduaren 8an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zelan heldu zen lan hau euskaratzeko ardura zure eskuetara?

Lagun baten bidez heldu zitzaidan proposamena, Katakrakek liburu hau itzuli nahi zuela eta. Proposamena jaso nuenean ilusio handia egin zidan, erronka handia ere iruditu zitzaidan, liburua ere berezia delako: ez da ohiko literatura, ezta saiakera ere; gutun zirriborro batzuk dira, Karl Marxek idatzi zituenak, eta ez bidaltzeko eta ez publikatzeko asmoz eginak. Beraz, bazuen bere zailtasuna.

Frantsesetik itzuli duzu zuk.

Bai. Vera Zasulitxek frantsesez idatzi zion Marxi, nahiz eta bere bizitzako azken urteetan errusiera ikasi; bertako garapen ekonomikoa ikertzeko ikasi zuen hizkuntza, baita aztertu ahal izateko ere ze patu har zezakeen Errusiak garai hartan. Baina frantsesez ere bazekien, hala idatzi zion Zasulitxek eta Marxek bere zirriborroak ere horrela egin zituen. Gero, liburuan azaltzen da Manifestu Komunistaren errusierazko bigarren edizioko hitzaurrea, hori errusieraz zegoen eta nik ingelesetik itzuli dut; zati hori itzulpen baten itzulpena izan da, beraz.

Liburua berezia da, gutun trukaketa bat da, baina bi protagonistetako bat ez da oso ezaguna gurean. Kasu horretan, edukiak du garrantzi handiagoa pertsonaiek baino?

Liburu hau Katakrakek korrespondentzien inguruan duen bildumaren parte da, baina ez da korrespondentzia bat bere horretan, galde-erantzun bat da. Zasulitxek galdera bat egin zion Marxi, eta Marxek zirriborroak egin zituen, urte askotan galduta egon zirenak, eta gero erantzuna bidali zion. Baina ez zen korrespondentziarik egon, ez zen elkarrizketa bat. Kuriosoa da, 1911n gutunak aurkitu zituztenean, Zasulitxek esan baitzuen ez zela oroitzen Marxen erantzunik jaso zuen edo ez. Orduan, hor teoria asko daude: ea benetan horrela gertatu zen, ahaztu nahi zuten... Izan ere, Zasulitxek Marxi testu garatu bat eskatu zion Errusiako landa-eremuan iraultza ezartzearen inguruan, eta ematen du Marx saiatu zela erantzun bat ematen, baina azkenean bidali zion gutuna oso laburra eta anbiguoa da, eta ez du gakorik ematen galderari erantzuteko.

Ez dakigu Marxek garai hartan Zasulitx ezagutzen zuen edo ez. Egia da garai hartan militante narodnik nahiko ezaguna, eta batez ere ezagun egin zela Trepov jeneralari tiro egiteagatik; baina aurretik ere nahiko ezaguna zen. Gutuna erbestetik bidali zion, Genevatik, ekintza horren ostean epaiketa izan zuelako eta absolbitu zutelako. Marx garai hartan Londresen zegoen, hil aurreko azken bi urte horietan.

Eta gai hau zergatik orain? Euskal Herrian oihartzunik izan dezake?

Nik uste dut itzulpen baten bidez edo berredizio baten bidez, kasu honetan liburua euskarara ekarrita, gaia Euskal Herrira ekartzen dugula. Beti da aukera bat berriro heltzeko gai bati. Balio historikoa du, noski, eta aukera bat da berreskuratzeko Marxen azken urteetako pentsamendu hori, eta ikusten da Marxi egin zaizkion kritikak bai determinismotik bai eurozentrismotik, gutunetan ikusten da zelan bera saiatzen den aukera guztiak aztertzen eta ez erantzun zurrun eta lineal bat ematen. Hori dago alde batetik, eta bestetik uste dut ematen duela aukera gaur egun Euskal Herrian edo munduan iraultza baterako baldintzak zeintzuk izan beharko liratekeen pentsatzeko.

Liburuaren aurkezpenak egiten ikusi zaitugu, idazleak hilda daudelako aspaldi; baina itzulpengintzari garrantzia emandako keinu gisa ere ulertu daiteke. Horrela sentitu duzu zuk?

Bai, noski. Katakrakek itzulpen asko argitaratzen ditu, eta beti aitortzen du azalean itzultzailearen izena. Esango nuke hori azken urteetako gauza bat dela, orain arte itzultzailearen eskua ezin zenez nabaritu, bere lana ere ikusezin bihurtzen zait. Ildo horretatik, iruditzen zait itzultzaileoi hitza ematea edo aurkezpenetara joatea dela aukera bat itzulpengintzaren jardunari berari balioa emateko, eta hori eskertzekoa da.

Itzulpengintzari helduta, badago eztabaida moduko bat euskal literatura zer den: euskara jatorrian duen lana, edo euskaraz ere badagoena.

Ez dakit euskarara itzulitako lanak euskal literatura diren edo ez, baina euskal itzulpengintza badira, eta euskal itzulpengintzak, euskarari balioa emateaz gain, euskara eta euskarazko literatur lanetarako hizkuntza lantzen laguntzen du. Azken EIZIEren Zenez aldizkarian Isabel Etxeberria Ramirezen testu bat dago. Berak aztertu ditu euskaraz ekoiztutako testuen eta euskarara itzulitakoen elementuak, aberastasunaren ikuspegitik; eta interesgarria da kasu batzuetan itzulpenek aberastasuna ekartzen baitiote euskarari. Batzuetan badugu joera liburu baten jatorrizko hizkuntza ezagutzen badugu hizkuntza horretan irakurtzekoa liburua, baina niri oso ariketa interesgarria iruditzen zait itzulpenak irakurtzea nahiz eta jatorrizko hizkuntza ezagutu. Adibidez, gaztelania bada erraz irakurtzen dudan hizkuntza bat, baina nahiago dut liburu hori euskaraz irakurri.

Beti galtzen da zerbait itzulpenean, jakina, baina ulertu behar dugu hizkuntza batetik bestera aldatzeaz gain, kultura eta marko batetik bestera ere ari garela aldatzen esandakoa. Baina hori jakinda, liburu denak dira baliagarriak eta denek egiten diote ekarpena bai kulturari bai euskarari.

Zelako prozesua izan da liburua itzultzea?

Denbora nahikotxo behar izan dut, kostatu zait; lehen itzulpena ere bazen. Itzultzen hasi aurretik, gainera, ikertu nuen Marxen ze testu zeuden euskaraz argitaratuta aurretik, eta horretan oso baliagarria egin zitzaidan Idoia Santamariak itzulitako Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia (Igela, 2023) liburua, bera izan da erreferentea Marxi ze euskara eman erabakitzerako orduan. Horrez gain, gaian kokatzen lagundu dit, lehen ez nuen gaiaren inguruko horrenbeste jakintza ere. Dokumentazio lana hilabete batzuk izan dira. Edozelan ere, lanik zailena itzulpena bera izan da, zirriborro batzuk baitira eta zirrimarraz beterik daude; gutunen bertsio zuzendua ere badago, baina guk jatorrizko bertsioa aukeratu genuen, interesgarria delako ikusteko Marxen pentsamenduaren garapena. Baina hori dena frantsesetik euskarara ekartzea erronka izan da, gramatikalki ezberdinak diren hizkuntza biren artean, ezabatuta dauden elementu batzuk mantendu behar izatea itzulpenean hori izan da erronka handiena.

Marxi ze euskara eman erabaki behar izan zenuela esan duzu. Ze zentzutan?

Marx frantsesetik itzulita jaso dugunez, beti daukagu joera Iparraldeko euskara emateko, lexiko aldetik behintzat. Horrela iruditu zitzaidan zeukala itzulia Idoia Santamariak, eta ni ere hori transmititzen saiatu nintzen, saiatu naiz errespetatzen orain arte euskarara ekarritako Marxen estiloa.

Lehen liburua izan duzu, gehiagorako bidea zabalduko dizu honek?

Niri asko gustatzen zait mundu hau. Orain dela urtebete ez nekien hemen egongo nintzenik, eta oso esperientzia polita izan da. Prozesua oso polita izan da, eta oso aberasgarria; eta aukera baldin badut, gustatuko litzaidake beste aukeraren bat izatea. Mundu prekarioa da itzulpengintzarena, oro har, baina oso mundu polita da, eta, bai, aukera baldin badut, jarraitu nahiko nuke.


Eguneraketa berriak daude