Gernikan mobilizazio nazionala deitu dute ostiralerako

Zuzeneko jarraipena
  • Gazan Israelek hildako palestinarrak 20.000 baino gehiago dira urriaren 7an sarraskia hasi zenetik. Azaroaren 24an abiatu eta zazpi egunez iraun duen tregua bukaturik, berriz hasi ditu bonbardaketak Israelek. Jarraipena egiten ari gara.


2023ko abenduaren 07a - 08:00
Azken eguneraketa:17:49
Gakoak
NBEaren hitzarmeneko 99. artikulua baliatu du lehen aldikoz NBEko idazkari nagusiak

"[NBEko buruaren] arabera nazioarteko bakearen eta segurtasunaren mantentzea arriskuan jartzen duen edozein gairi buruzko atentzioa eskatu diezaioke NBEko buruak Segurtasun Kontseiluari". Horra zer dioen 99. artikuluak. Gazako egoeraz kezkaturik, behin baino gehiagotan salatu izan du bertako egoera humanitarioa Antonio Guterresek, baina ez du horrek eraginik ukan. Horregatik du aldi honetan NBEaren hitzarmeneko artikulu hori erabili. Hainbat iturrik zehaztera eman dute ostiralean bilduko dela NBEko Segurtasun Kontseilua, Gazaz hitz egiteko.

Abenduaren 5eko datuen arabera, urriaren 7az geroztik 16.248 palestinar dira hilda –horien artean 7.112 ume–. 43.616 kolpatu ere dira orotara.

Khan Yunis erasotzen jarraitzen du Israeleko armadak

Khan Yunis Gaza hegoaldean da eta abenduaren 5az geroztik lurretik eta airetik erasotzen dabil Israelen armada. Lurreko ofentsiba hasi zenetik "egun bortitzenak" izaten ari dira, Tsahalen arabera. Hain zuzen, iparralde zein hegoalde, eraso bortitzek ez dute etenik. Hamas erakundeko buru Yahya Sinouar bertan egotea da sarraskia justifikatzeko Israelen arrazoia.

Gernikan mobilizazio nazionala deitu dute ostiralerako

"Gernika Palestina herri ekimenak" deituta, bihar ostirala mobilizazio nazionala egingo da Gernikan eguerdian.

Deialdi honetarako moldatu egin dute Ken Zazpi taldeak musika eta Joseba Sarrionaindiak letra jarrita eginiko "Gernika" kantua. Antolatzaileek esan dutenez, abenduaren 8an Gernikan entzungo da, 16.000 hildakoak, gehienak umeak, ez daitezen ahanzturan galdu eta gogoratzeko izen-abizenak zeuzkatela.

 

Unicef: "Bart gauean ankerkeria handiz bonbardatu du Israelek"

Unicefeko James Elder ordezkariak Gaza hegoaldean igaro du azken gaua, Khan Younis hirian, eta egunak argitu bezain pronto komunikatua igorri du nazioartera, eta Twitter sare sozialean ere partekatu du.

"Pasa dugun gaua ankerra izan da", dio hitzez hitz adierazpenak, Middle East Eye hedabideak jaso duenez. "Ezin diot Gaza hegoaldean bizi diren 1,8 milioi pertsonen larruan jartzeari utzi. Bost-hamar minutuko denbora tartean eraso hotsak entzun ditut ohetik, zerua argitzen zen etengabe, hegazkinak entzuten ziren... Ez dut lorik egin".

AEBen gerra-ontzi bati eta hainbat merkatal-ontziri erasotu diete Yemengo hutiek

Itsaso Gorrian, azken orduetan Yemengo hutiek hainbat erasoaldi egin dituzte. AEBen gerra-ontzi bat kaltetu dutela jakinarazi du Etxe Zuriak, irudiak ikus daitekeena, eta merkataritza ontzi britaniar batzuk ere bai, Israeldik produktuak esportatzen ari zena.

Israelek partzeletan banatu du Gaza, "eremu seguruak" zein diren esateko

Su-etenari amaiera eman eta lehen erasoak egin ondoren, Israelgo Armadak komunikatu bat igorri du nazioarteko prentsara, estrategia berriaz informatzeko. Argazkian ikus daitekeen moduan, mapa moduko bat egin eta partzeletan banatu du Gazako lurraldea. "Gida" gisa erabiliko omen dute aurrerantzean. Hau da, zein partzela-zenbaki bonbardatuko duen abisatuko du, eta bertako zibilei ebakuatzea proposatu partzela "seguruetara".

Su-etenaz geroztik, 700 hildako gehiago

Asteburua hastekoa zenean amaitu zen su-etena, eta ordutik erasoek ez dute etenik izan Palestinan. Bi eguneko epean, 700 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek azken erasoaldietan.

Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, urriaren 7az geroztik gutxienez 15.523 palestinar erail ditu Israelek, eta agintarien esanetan "dezente gehiago" izango dira, porlan azpian harrapaturik daudelako asko eta asko. Zaurituen zifra benetan handia da: 41.316.

Gaza hegoaldetik suntsitzeari ekin dio Israelek

Israelgo Armadaren buruzagitzak baieztatu du: "Orain arte Gazako zerrendaren iparraldean aritu gara borrokan. Hegoaldeari ekin diogu berriki". Lurreko Armadak, bestalde, Gazako zerrenda osoa erasotzeko agindu du.

Palestinarrek ihes egiteko baliatu dute Hegoaldea oraintsura arte, bertatik lotu izan dira Egiptorekin, baina oraingo erasoek bide horren bideragarritasuna are zalantzatiago bihurtu dute.

Zisjordanian 3.400 palestinar baino gehiago atxilotu ditu Israelek urriaren 7az geroztik

Asharq Al-Awsat hedabide turkiarraren arabera, urriaren 7an Hamasek eraso egin eta Israelek "gerra" deklaratu zuenetik, Zisjordanian protestak nabarmen areagotu dira eta horren erakusle da atxiloketa kopurua: data seinalatu hori baino lehenago, Zisjordaniako atxilotu palestinarrak 5.200 inguru ziren. Orain, ia bi hilabeteko epean soilik, 3.400 baino gehiago atxilotu ditu Israelek.

Su-etenaren ondoren, 100dik gora hildako Gazan Israelen lehen eraso egunean

Zazpi eguneko su-etenaren ondoren, Israelek gogor ekin dio berriz Gaza erasotzeari eta egindako erasoen ondoren, dagoeneko ehun palestinar baino gehiago hil ditu, eta ehunka zauritu. Ospitaleak berriz ari dira zaurituak artatzen oso baldintza eskasetan.

Horietako bat izan da Montaser al-Sawaf kameralaria, Turkiako Anadolu albiste agentziarako lanean ari zena. Gazako Gobernuaren arabera, urriaren 7tik gaurdaino gutxienez 72 kazetari edo kameralari hil ditu Israelgo Armadak. Kazetariak babesteko Taldearen esanetan haiek 57 baieztatu dituzte.

Meedle East Eye hedabidearen esanetan, Israelgo Armadako gertuko iturriek adierazi dute egin beharreko lanaren erdia ere ez da egin oraindik. Beste iturri militar batzuen arabera, “Gazako iparraldean oraindik asko dago egiteko” eta Gaza Hiria oraindik konkistatu gabe dago: “Agian %40a da eginda dagoena”.

Ostegun eta ostiral honetan baieztatu da, halaber, Hamasek bahituta zituen Israelgo hiru herritar hilda daudela: Maya Goren, Nier Engel eta Nir Oz. Ez da heriotzen zioei buruzko berririk eman.

Hamasek hiru pertsona hil ditu Jerusalemen

Ostegun goizean egin zuten erasoa pistola batez eta M16 fusil batez armatutako bi palestinarrek. Jerusalemgo aldirietako autobus parada baten ekin zioten tiroka han zeuden herritarren aurka. Ondorioz, hiru pertsona hil zituzten, eta 16 zauritu, eta horietako batzuk oso larri daude. Geroxeago Israelgo segurtasun indarrek eta armatutako zibil israeldar batek erasotzaileak hil zituzten. Ondoren, Israelgo iturri ofizialen arabera, soldaduek zibil horren aurka egin zuten, hura ere erasotzailea zelakoan, eta eraso larriekin ospitalera eraman zuten, eta han hil zen.

Hamasek bere gain hartu du atentatua, eta, besteak beste, “okupazioak Gazan egiten dituen sarraskiei” erantzuteko egin dituela baietsi du. Erasotzaileak bi anaia palestinarrak ziren eta horiek hil ondoren, soldadu israeldarrek Jerusalemgo Sur Baher auzoan bizi diren haien familien etxeak asaltatu zituzten eta hainbat senide atxilotu galdeketa egiteko.

Israelgo Gobernuko Energia ministro Israel Katzek eskatu du erasotzaileen senideei Jerusalemgo egoiliar izaera kentzeko. Hori gertatuko balitz senide guztiak Zisjordaniara bidaliko lituzkete. Israelgo Estatuak palestinarrak lau talde handitan banatzen ditu –Israelgo herritarrak, Jerusalem Ekialdekoak, Gaza eta Zisjordaniakoak, eta errefuxiatuak– eta Jerusalem Ekialdean bizi diren 300.000 palestinarrei egoiliar izaera ematen die. Berdin da palestinarrak bizitza osoan, edo are, Israel estatu gisa eratu aurretik ere han bizi badira, gobernuak hala erabakitzen badu, egoiliar baimena kendu eta kanporatzen ditu.

Argazkia: Al Jazeera

 

Ahed Tamini, 'zaplaztekoaren gaztea' aske utzi du Israelek

Israelek asteazkenean utzi zuen libre Ahed Tamini gazte palestinarra, Hamasekin egiten ari den preso trukearen barruan. Zisjordaniako Nabi Salih herrikoa da eta mundu mailan ezagun egin da oso gaztetatik hainbat modutan egin dielako aurre Israelgo soldaduei. 11 urte zituela argazkiak daude soldaduei aurre egiten, baina ezagunena izan zen 2017an soldadu bati eman zion zaplaztekoaren kasua. Zaplazteko eta ostikoen aurretik, soldaduek 15 urteko bere lehengusu bat larri zauritu zuten, buruan jotako gomazko bala batekin. Irudiok biralak egin ziren eta zortzi hilabete espetxe zigorra jaso kolpe horregatik.

Iragan azaroaren 7an berriz atxilotu zuten, ustez Instagramen kolono juduak “txikitzeko” idatzitako mezuagatik. Ahed Taminiren familiaren arabera, kontu hark Aheden izena eta argazkia zeramatzan, baina ez zen berea, eta salatzen dute bere izen eta argazkia daramatzaten kontu asko daudela sareetan. Orain, esaterako, juduen aurkako mehatxuak egiten zituen kontu hori ezabatuta dago.

11 urterekin egindako argazki honetan ere ikusten Ahed Tamini soldaduari aurre egiten.

 

Ostiral goiz honetan abiatu ditu berriz bonbardaketak Israelek

Su etena bukatu bezain laster abiatu ditu eraso gogorrak Israelek. Gazako Zerrenda osoan egin dituzte bonbardaketak, hau da, iparraldeaz gain hegoaldean ere. Suziriak jaurtiki izana leporatu dio Israelek Hamasi eta horren izenean abiatu du berriz sarraskia. Gutxienez 21 hildako daude ostiral goiz honetan –bi iparraldean, zazpi Gaza zentroan eta beste hamabi "segurua" beharko litzatekeen hegoaldean–. Hain zuzen, lekuko iturriek diotenez, badirudi hegoaldea bonbardatzeko asmoarekin hasi duela erasoa Israelek. Urriaren 7an abiaturiko sarraskiak iparraldea osoki xehatu du.

Al-Jazeera komunikabideak jaso ditu bi aldeen adierazpenak. Hamasek ondokoa argi utzi nahi izan du: "Israelek tregua aurreko 50 urteetan lortu ez duena, ez du treguaren ondotik berriro erasoekin jarraituz lortuko". Israelek bere aldetik berretsi ditu bere hiru helburuak, direla "bahituen askapena", "Hamasen desagerpena" eta "Gaza inoiz ez izatea israeldarrentzako mehatxu".

Qatar eta Egipto dabiltza negoziaketa bideratzen, baina oraingoz abenduaren 1 honetan bukatu da azaroaren 24an abiatu zuten su etena. Zazpi egun horietan Hamasek 110 bahitu askatu ditu eta Israelek 240 preso palestinar. Horrez gain, elikagaiak, ura, sendagaiak eta erregaia sartu ahal izan dituzte Gazara.

Palestinarren aurkako genozidioa salatuko dute Gernikan

“Behingoz eta betirako bukatu dezatela israeldarren okupazioa eta palestinarren kontra egiten ari den genozidioa”. Mezu hori oinarri, ekitaldia antolatu du Gernika-Palestina deialdi herritarrak, abenduaren 8an, Gernika-Lumon. Gernikak jasan zuen bonbardaketa eta sufrimendua eta palestinarrak pairatzen ari direna lotu ditu ekimenak.

Abenduaren 8 eguerdian giza irudi erraldoia osatuko dute eta horretarako 120 boluntario eskatu dituzte. Musika eta bertsoak ere izango dira, Euskal Herriko eta Palestinako parte-hartzaileekin (Eñaut Elorrieta, Ihsan O.S., Ikrame Benzyane, Oreka TX, Mohamed Farajallah, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal...). Jon Maia bertsolariak testu bat prestatu du ekitaldirako, eta hainbat hizkuntzatan irakurriko dute.

Ekitaldiaren aurkezpena. Argazkia: Gernika-Palestina

 

Palestinarekiko elkartasunak kaleak beteko ditu asteazken honetan

Palestinako Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna da azaroaren 29a, eta protesta eta manifestazio ugari egingo dira munduan zehar. Hego Afrikan, Jordanian, Britainia Handian, Alemanian, Norvegian, Brasilen, Kanadan, Belgikan… lanuzteak, protesta ekintzak eta elkarretaratzeak iragarri dituzte egun honetarako. Hainbat herrialdetan, gainera, boikota aldarrikatuko dute eta tokian tokiko gobernuek Israelgo Gobernuarekin duten harremana mozteko eskatuko dute.

 

Israelek hildako palestinarren %95 zibilak dira, Israelek berak emandako datuen arabera

Israelgo armadaren arabera, Hamaseko 1.000 eta 2.000 kide artean hil ditu Gazan, eta guztira Hamasek 30.000 kide inguru dituela uste du. Hala jaso du The Guardian egunkariak. Datu horiei erreparatuta, eta aintzat hartuta urriaren 7az geroztik Israelek egindako bonbardaketek Gazan 20.000 lagun baino gehiago hil dituztela, ondorioztatzen da Israelek hil dituenen %90-95 artean zibilak direla, eta Israelek 20.000 lagun baino gehiago hil dituela Hamaseko kideen %3-5 artean akabatzeko.

 

Su etena hasi zenetik, Israelek atxilotu dituen palestinarrak gehiago dira askatu dituenak baino

Joan den ostiralean su etena hasi zenetik, okupatutako Zisjordanian gutxienez 168 palestinar atxilotu dituzte Israelgo indar armatuek, palestinar presoen elkarteek jakinarazi eta Al Jazeerak jaso duenez. Epe berean, Hamasekin egindako akordioari jarraiki 150 palestinar askatu ditu Israelek: 117 haur eta 33 emakume. Hamasek 69 gatibu askatu ditu: 51 israeldar eta beste herrialde batzuetako 18 lagun.

Atxilotzeak, eguneroko praktika

"Okupazioa dagoen bitartean, atxiloketak ez dira etengo. Jendeak hori ulertu behar du, okupazioaren atzean dagoen palestinarren kontrako politikaren parte direlako atxiloketak, edozein erresistentzia mota akabatzea helburu", adierazi dio Al Jazeerari Amany Sarahneh Palestinako Presoen Elkarteko bozeramaileak. "Eguneroko praktika dira atxilotzeak, baita urriaren 7aren aurretik ere, eta espero genuen su etenak iraun bitartean jende gehiago atxilotuko zutela".

Duela 56 urte Israelek Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalen militarki okupatu zuenetik, indar armatuek gauez sarekadak gauzatzen dituzte palestinarren etxeetan, eta "egun lasaietan" 15-20 herritar atxilotzen dituzte. Urriaren 7az geroztik, lehenengo bi asteetan atxilotzeak biderkatu egin ziren.

Astelehen honetan, lau eguneko su etena beste bi egunez luzatu da eta espero da Israelek beste 60 palestinar eta 20 gatibu askatzea.

Handala.ps

 

Netanyahuren kargugabetzea eskatu du Israelgo lehen ministro ohiak

Israelek gobernu berri bat behar duela adierazi du Ehud Barak Israelgo lehen ministro ohiak, Haaretz hedabide israeldarrean. Atzerri ministro eta jeneral militarra ere izan da Barak. Bere esanetan, Benjamin Netanyahurik eta eskuin muturrik gabeko gobernua behar du herrialdeak, eta lehen ministroaren kargugabetzea eskatu du.

Baraken hitzetan, Netanyahu ez da gai lideratzeko eta ezin du egungo egoera konplexua gestionatu: "Joan beharra dauka, bere akatsen ondorioak konponezin bihurtu aurretik".

 

OME: "Gaixotasunen eraginez, bonbardaketen erruz baino jende gehiago hil daiteke"

Denboran aurrera egin ahala, ospitaleen egoera kaskarrak eraginda batik bat, gaixotasunen eta higiene arazoek sorturiko arazoen erruz "jende asko" hil daitekeela esan berri du Osasunaren Mundu Erakundeko Margaret Harrisek, "bonbardaketen erruz baino gehiago".

Gazako erietxe eta ospitaleen egoera salatu du OMEk. Hornigairik gabe uzteaz gain, Israelgo armadak medikuei eraso egin eta horiek atxilotzeko ahaleginak egin izana azpimarratu du.

"Biziarteko trauma batean bizi da Israelgo gizartea"

Nurit Peled akademiko israeldarrak El Diario hedabide espainiarrarekin hitz egin du. Israelgo Hezkuntza sistema ikertu du arrazakeriaren ikuspegitik. Unibertsitateko lanpostutik kaleratu dute, egindako hainbat adierazpenengatik: "Hainbeste urtetan lepoa burdinazko oinpean itota eduki dutenean, eta bat-batean begiak altxatzeko aukera ikusi dutenean, zer nolako begirada espero zenuten?". Kaleratu egin zutenean, bere abokatuak honako artikulu hau bidali zuen The New York Times egunkarira: "Aurrekaririk gabeko errepresioa da, ahots disidente eta kritikoak isilarazi nahi dituzte".

Luze eta zabal mintzo da Israelgo Hezkuntza sistemaz aipaturiko elkarrizketan. Oinarrian, uste du Israelen "kultura arrazista" dagoela, "palestinarrei gizatasuna kentzen zaiena". Galdera baten erantzuna ekarri dugu hona:

Israelen hezkuntza izugarri arrazista da. Diskurtso osoa da. Hau da planteamendua: "Judua zara? Bai ala ez". Eta hala bazara, "Etiopiako judua zara, sefardia ala askenazia?" Horrekin batera, Holokaustoari buruzko heziketa oso traumatizatzailea eta erasokorra ematen da haurrek hiru urte dituztenetik, trauma hori bizi dezaten eta alemanen ordez arabiarrek egingo duten izkinatik bueltan beste holokausto bat dagoela pentsa dezaten. Eskola-liburuek hori nabarmentzen dute denbora guztian.Horrela, edozein adinetako palestinarrak hiltzeko prest dagoen nerabe askorekin amaitzen den nazionalismoa sortzen da, akabatuko gaituzten nazi berriak direla uste baitute. Hezkuntza hori haurren abusu gisa defini daiteke, haurrak betiko trauman hezten dituelako. Holokaustoaren Egun Nazionalean, hiru urterekin, argazkirik lazgarrienak eta labaingarrienak erakusten dizkiete, eta, ondoren, amesgaiztoak dituzte, ohea bustitzen dute. Judua ez den oro potentzian dagoen nazi bat dela sinestera iristen dira.Hezkuntza honek azaltzen du hainbeste jende egotea "hil ditzagun guztiak" esaten duena, edonori, denei, beldurra diotelako.

Musk eta Netanhayu: bakeak egin dituzte zerbitzu teknologikoen truke

Elon Muskek ideia antisemita konspiratzaileak zabaldu zituen hasiera batean, nolabait ere esanez juduek munduko populazio zuria "ordezkatuko" zutela haien botere nahiekin. "Ordezkatze Handia" izendatu zuen.

AEBetako Etxe Zuriak gaitzetsi egin zituen Musk aberaskumearen hitzok: "Gorrotoa zabaltzen dute eta ez datoz bat estatubatuarron balioekin". Israelgo Gobernuak ere gauza bera esan zuen, hitz gogorragoekin.

Musken bisita

Azken orduotan Muskek Israel bisitatu du, Netanhayurekin egon da, eta bistakoa da "bakeak" egin dituztela. Muskek ez du barkamenik eskatu, baina hala eta guztiz ere, Netanyahurekin lerratu da.

Musken jabetzakoa den Starlink komunikazio konpainiaren zerbitzuak Netanyahuren esku jarri ditu. Teknologia aurrerapenen ikuspegitik, bere sateliteak "garatuetan garatuenak" omen dira.

Gutxienez 57 kazetari hil dituzte Gazan

Kazetarien Babeserako Nazioarteko Komiteak jakinarazi duenez, urriaren 8az geroztik, gutxienez 57 kazetari hil dira Gazan Israelen erasoen ondorioz. Pasa den asteburuan lau kazetari palestinar hil dituzte.

Emandako datuen arabera, eraildako 57 kazetarietatik 50 palestinarrak dira, eta beste zazpietatik lau israeldarrak eta hiru libanoarrak. Horrez gain, gutxienez hamazazpi kazetari bahiturik edo atxiloturik daude Israelgo armadaren eskuetan.

Qatarreko atzerri ministroa: "Gazako su-etena bi egunez luzatu da"

Qatarreko Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi du, beren bitartekaritza tarteko, "akordioa lortu da Gazako Zerrendan su-eten humanitarioa bi egunez luzatzeko ".

 

Musk Israelera joan da eta Netanyahurekin bildu da, besteren artean

Munduko pertsonarik aberatsenetako bat eta X sare sozialaren jabea den Elon Musk Israelera iritsi da astelehen goizean. Besteren artean, Hamasek bahitutako pertsonen familiekin bildu da, baita Netanyahurekin ere, eta honekin Gaza inguruko kibutzak ikustera joan da.

Israelek jada adierazi du "antisemitismoa" borrokatzeko eskatuko diola Muski bere sare sozialetan. Genozidioa zuritzeko hedabideen hamar artefaktu artikuluan azaldu genuen bezala, Israelen aldeko indarrek antisemitismoa eta anti-sionismoa interesatuki nahasten dituzte. Antisemitismoa juduen aurkako aurreiritzi, etsaitasun edo diskriminazioa da, juduak erlijio-, etnia-, nahiz arraza-talde gisa ulerturik. Eta Palestinan egiten ari den genozidioa salatzea, ezin da inolaz ere ulertu juduen, juduak direlako, aurkako diskriminazio gisa. Hala erakusten dute Israeldik kanpo bizi diren eta Palestinaren alde mobilizatzen diren milaka juduek.

Musk dagoeneko hasia zen genozidioa ezin dela goraipatu argudiopean, "deskolonizazioa" eskatzen duten mezuak palestinarren aldeko aldarri nagusi "itsasotik ibaira, Palestina aske izango da" debekatzen.

NBEko adituek gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko eskatu dute

Adituek proba "azkar, garden eta independenteak" eskatu dituzte Israelen eta palestinar lurralde okupatuetan, urriaren 7an eta ondoren.

"Ikertzaile independenteei beharrezko baliabideak, laguntza eta sarbidea eman behar diete alderdi guztiek gatazka honetan salatu diren krimenak ikertzeko modu azkar, zorrotz eta inpartzialean", esan dute adituek adierazpen batean, Al Jazeerak jaso duenez. Israeli, Zisjordanian agintean dagoen Palestinar Agintaritzari eta Gazako agintariei ikerketarekin bat egiteko eskatu diete.

Gutuna pertsonalitate ugarik sinatu dute, eta bertan dira, besteren artean, Nazio Batuen Erakundeko torturarako behatzaile bereziak Alice Jill Edwardesk edo NBEko exekuzio estrajudizial, sumario edo arbitrarioetako behatzaile berezi Morris Tidball-Binzek.

Nazioarteko komunitateari eskatu diote gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenak justiziaren aurrera eraman ditzatela.

"Ez dago delitu horiek mugatzeko estatuturik, eta jurisdikzio unibertsalaren menpe geratzen dira, eta horrek esan nahi du edozein herrialdetako auzitegiek beren autoritatea erabil dezaketela erantzuleak jazartzeko, euren nazionalitatea eta delituak egin ziren herrialdea kontuan hartu gabe", adierazi dute.

UNRWAk ur garbia eraman du Gaza iparraldera, guda hasi denetik lehen aldiz

Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatu palestinarren aferak kudeatzeko duen UNRWA agentziak adierazi du bere konboiak janaria, aterpeak, medikamentuak eta ur garbia eraman duela lehen aldiz asteburuan Gaza iparraldera.

 

AEBetan hiru palestinar tiroka hil dituzte, atxilotu dute ustezko egilea

Larunbatean AEBetan 20 urteko hiru palestinar hil dituzte tiroka, Vermont hirian.

Poliziak astelehenean susmagarri bat atxilotu du: 48 urteko Jason J Eaton. Vermonteko Poliziak dioenez, gorroto delitu gisa ikertzen ari dira gertatutakoa. Poliziaren arabera, biktimak arabieraz ari ziren hizketan eta bik Palestinarren zapi bereizgarria den keffiyeh jantzita zeramaten erasoa jasan zutenean. Bik bularrean jaso zituzten tiroak eta hirugarrenak beheko gorputz-adarrean.

Erasotzaileak ihes egin zuen.

Egiptok eta Qatarrek posible ikusten dute su-etena bi egunez luzatzea

Egipto eta Qatar akordio batera iristear daude Israelek Gazarekin bi egunez su-etena luzatzeko, Egiptoko Informazio Zerbitzu Publikoaren buru Diaa Rashwanek esan duenez.

Bi eguneko luzapenak 20 bahitu israeldar eta 60 preso palestinar askatzea ekarriko luke. Astelehenean espero da hamaika bahitu israeldar askatzea, eta Rashwanek gaineratu du 33 palestinar askatzeko negoziazioek jarraitzen dutela.

Hamasek askatutako bahituek ez dute larrialdiko artarik behar izan

Hamasek bahitutako 37 israeldar, hamazazpi tailandiar, filipinar bat eta israeldar-errusiar bat aske utzi ditu, adostutako su-etenean. Horietako batzuk adin txikikoak dira. Safra haurren ospitaleko zuzendari Itai Pessach-ek komunikabideei ziurtatu dienez, "nahiz eta baldintza gogorren pean egon diren eta bahiketa bizi duten, ez dute behar izan larrialdiko esku-hartze medikurik". Hamasek zabaldutako irudietan ikusten da Gurutze Gorriaren esku uzten dituztela, handik ospitalera familiengana joateko.

Akordatu baino beranduago egin zuten bahitu eta presoen arteko trukea, Hamasek kritikatu zuelako ez zirela ari tratua betetzen, laguntza humanitarioari dagokionez. Osama Hamdan, Hamaseko bozeramailea: "200 kamioietatik 70 baino gutxiago iritsi dira orain arte. Bitartekarien –tartean, Qatar– erantzunaren zain gaude". Azkenean askatu zituzten agindutako bahituak. Al Jazeeraren bideo honetan ikusi daiteke Hamaseko kideek askatzen dituzten unea.

Ongietorriak egin dizkiete askatutako preso palestinarrei

Ostiralean hasitako su-etenetik, 117 preso palestinar askatu ditu Israelek, hiru alditan banatuta. Israelek debekatu egin die palestinarrei kalean ospatzea presoen itzulera, "terrorismoa goratzea" dela esanez. Mehatxu horiek izanda ere, milaka lagun elkartu dira kalean askatutako palestinarrei ongietorria egiteko, Ramallah-n, besteak beste.

Al Jazeera
Al Jazeera
Shorouq Dwayyat preso palestinarra ezkerrean, Israelek askatu berritan Jerusalemgo Sur Bahar auzoan familiarekin elkartuta. Argazkia: Mahmoud Illean/AP Photo
Israa Jaabis preso palestinarra, erdian, Ekialdeko Jerusalemen familiarekin elkartu berritan. Argazkia: Oren Ziv/AFP

 

Ez da erregairik iritsi Gaza iparraldeko ospitaleetara su-etenean

Mohammed Zaqout doktoreak, Gazako ospitaleen kudeatzaile orokorrak, Al Jazeerari azaldu dionez, Gaza iparraldeko ospitaleek ez dute inolako erregairik jaso su-etenean, eta Gazan ezarri dituzten kanpaina-ospitaleek bost-zazpi egun beharko dituzte martxan jartzeko. Doktoreak dio Israelgo Armadak 21 ospitale pribatu eta hamahiru publiko suntsitu dituela. Hauek dira martxan segitzen duten ospitale bakarrak Gaza iparralde eta erdialdean: Ahli Arab Ospitalea, Kamal Adwan Ospitalea eta al-Awdah Ospitalea.

Ahli Arab Ospitalea, bonbardatu ostean.

 

Egipto, Qatar eta AEBak presio egiten ari dira su-etena luzatzeko

Israel eta Hamasek hitzartutako menia asteartean amaituko da, astelehenean luzatzea erabaki ezean. Lau egunetako su-etena martxan dago ostiraletik, eta bi aldeek aipatu dute luzatzeko aukera. Netanyahu Gazan izan da, eta bertan azaldu du su-etena luzatzeko aukera legokeela: Hamasek hamar bahitu askatzen baditu eguneko, su-eten egun bat gehiago. Hamasek ere Reuters berri agentziari baieztatu dio tregoa luzatu nahiko luketela, baina horretarako palestinar gehiago askatu behar dituztela Israelgo kartzeletatik. Egipto, Qatar eta AEBak presio egiten ari dira bi aldeek su-etena luzatu dezaten.

Netanyahu soldaduz inguratuta. Gazara egindako bisitan. Argazkia: Al Jazeera.

 

Ostiralean hasitako su-etenetik 175 pertsona askatu dituzte

Lau eguneko su-etena adostuta, ostiraletik Hamasen bahituak eta Israelen presoak askatzen ari dira. Orotara 175 pertsona askatu dituzte, Al Jazeerak ziurtatu duenez:

- 39 israeldar askatu ditu Hamasek, urriaren 7ko erasoetan bahitutakoak. Hamahiruna pertsonako hiru taldetan askatu dituzte.

- 117 preso palestinar askatu ditu Israelek, 39 pertsonako taldeetan.

- 17 tailandiar aske utzi ditu Hamasek.

- Filipinetako pertsona bat askatu du Hamasek.

- Israeldar-errusiar bat libre utzi du Hamasek.

Hamasek dio guztira 50 emakume eta haur askatuko dituela, trukean askatzen badituzte Israelgo kartzeletan dauden 150 emakume eta haur palestinar.

Palestinako funtzionarioek diotenez, Zisjordanian 3.200 palestinar atxilotu dituzte urriaren7az geroztik.

Gazako su-etenarekin batera, Israelgo indarrek erasoaldiak egin dituzte Zisjordanian

Gazako Zerrendan su-etena indarrean sartu den une berean Israelgo indarrek erasoaldiekin jarraitu dute Zisjordanian. Al Jazeerak zabaldu duenez, azken erasoetan palestinar bat hil eta beste bat atxilotu dute. Denera, gutxienez 231 palestinar hil dituzte urriaren 7tik Zisjordanian, eta zientoka zauritu eta atxilotu.

Indarrean da lau eguneko su-etena

Ostiral honetan sartu da indarrean lau eguneko su-etena Gazako Zerrendan. Akordioa Qatarren, Egiptoren eta AEBn bitartekaritzarekin lortu da Dohan egindako negoziazioen ondoren, eta su-etena hamar egunera arte luzatu ahal izatea aurreikusten da. Akordioaren arabera, Hamasek 13 emakume bahitu askatuko ditu arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta trukean, Israelek, bahitu palestinarrak. Denera, Hamasek gatibu dituen 240 pertsonetatik 150 askatuko ditu; eta Israelek 300 palestinar.

Horrez gain, egunero 130.000 litro erregai eta gasez betetako lau kamioi sartuko dira egunero Zerrenda osoan, baita laguntza humanitariorako botikak eta elikagaiak jasotzen dituen beste 200 kamioi ere. Majed al Ansari Qatarreko bozeramaileak adierazi du emakume “bi aldeen positibismoa eta konpromisoa” ikusi ondoren hartutako erabakia izan dela: “Lehentasuna izan da bahituak lehenestea, eta ikuspegi humanitario batetik, emakumeak eta haurrak ahalik eta azkarren arriskutik kanpo jartzen zentratu gara”.

Israelek erasoa gogortu du ostiralean indarrean sartuko den su-etenaren atarian

Hamarnaka palestinar hil eta zauritu ditu Israelek, jendea bizi zen etxebizitzei eraso ostean. Ostegun goizean, Al Jazeerak jakinarazi du 15 pertsona hil direla Khan Younisen, Gazako hegoaldean, bost etxeren aurka egindako erasoaren ondorioz. Heriotza horiei atzoko ehun baino gehiago gehitu behar zaizkie. Khan Younisen familia bereko 52 kide hil zituzten.

Horrez gain, Israelek Gazako zerrendaren erdialdean dauden etxebizitzei eraso egin die gaur goizean, su-etena iragarri arren, gazatarrentzat leku segururik ez dagoela sentiaraziz.

Dagoeneko 14.500 palestinar hil ditu Israelek urriaren 7tik.

 

Israelek 90 palestinar atxilotu ditu bart Zisjordanian

Palestinako Presoen kolektiboak jakitera eman du Israelek 90 palestinar atxilotu dituela bart gauean Zisjordanian. Atxilotuen artean preso ohiak daude.

Hori horrela, urriaren 7az geroztik 3.130 palestinar atxilotu dituzte Zisjordania okupatuan.

Al-Xifako atxiloketak direla eta, Munduko Osasun Erakundearekilako harremana moztu du Gazak

Gazako Al-Xifa ospitaleko zuzendari Muhammad Abu Salmiya eta beste hainbat mediku atxilotu izana salatzeko erabakia da: zaurituak eta medikuak ebakuatzeko asmoz Munduko Osasun Erakundearekin dituen harremanak moztu ditu Gazako Osasun ministerioak. Horren berri eman berri du ministerioko bozeramaile Ashraf al-Qudra-k.

Al-Jazeerak jaso duenez, Al-Qudrak Israelei eta Nazio Batuetako Erakundeari leporatu die atxilotketen ardura, zehaztuz, gainera, Israelgo indarrek bortizki tratatu dituztela mediku eta pazienteak.

Bizilurrek egindako elkartasun kanpainako dohaintzak blokeatzen dabil PaylPal

Herrien lankidetza eta garapenean dabilen Bizilur elkarteari egindako dohaintzak oztopatzen dabil PaylPal ordainketa plataforma. Palestinari loturiko diru ekarpenak ditu jomugan plataformak. Horren berri eman du Brasingo Brasil de Fato komunikabideak.

Hilaren 16an, Bizilurrek PayPal-en mezu elektroniko bat jaso zuen bere diru-transferentziak eten zirela jakinarazteko eta horiek desblokeatzeko hainbat baldintza zerrendatzen zituena. Guztira hamalau eskaera egin dira dokumentu, inprimaki, zerrenda eta prozedura-deskribapenen artean, Nekazaritzako Langileen Batzordeen Sindikatuarekin (UAWC) harremana azaltzea eta elkarte honen alde egindako dohaintzen zerrenda ematea barne. Eskatzen zen guztia ematea ezinezkoa izango zela sinetsita, eta hori eginda ere, PayPal-ek argibide gehiago eskatuko zituela, Bizilurrek emaileei oraindik eman gabeko dirua itzultzea erabaki zuen. "Palestinarekiko elkartasunaren aurkako enpresa politika argitzat" jotzen duena salatu du David Lopategi Bizilurreko kideak.

<< <
1 2 3 4 5 6 7
> >>

Gazaren aurkako sarraskia kanaletik interesatuko zaizu...
2023-11-26 | Mikel Eizagirre
“Gazako metroa”, palestinar erresistentziaren tunel sistema

Israelgo Indar Armatuen Estatu Nagusiak Gazako metroa izena jarri dio erabilera militarreko lurpeko galerien sare palestinarrari. Gazako Zerrendaren inbasioaren aurrean erresistentzia palestinarrak erabiliko duen arma misteriotsu hau isilpean zabaldu da Israelek okupaturiko... [+]


2023-11-26 | Axier Lopez
Jaldia Abubakra
"Prezioa handia da, baina ez zegoen beste modurik, kausa palestinarra ahazten ari zelako"

Jaldia Abubakraren (Gaza, 1967) historia munduan barrena errefuxiatuta dauden zortzi milioi palestinarrena da. 1948an sionistek Palestina hegoaldeko lurraldeetatik kanporatu zuten familia batean jaio zen. Gazan errefuxiatu ziren, ondoren Egiptora joan eta handik gaur egungo... [+]


Eguneraketa berriak daude