Palestinarrentzat ezinbesteko sustengua den oliba kanpaina hartu dute jo-puntuan, eta kolonoak, olibondoei su ematen aritzeaz gain, uzta bilketan daudenak erasotzen ari dira. Urrian, batez beste, egunean zortzi eraso egin dituzte Zisjordanian. Gazan, Israelgo armadak beste bi palestinar hil ditu, horietako bat haurra zen. Turkiak agindu du Israelgo lehen ministroa eta 36 goi kargudun atxilotzeko, genozidioa leporatuta.
Urriaren 10ean su-eten akordioa abiatu arren, Israelek ordutik gutxienez 241 palestinar hil eta 619 zauritu ditu, akordioko eremuak errespetatzen ez dituztela arrazoituta; nahieran erasotzen jarraitzen du Israelgo armadak, nahiz eta su-etenak martxan segitzen duela esan. Azken erasoa Khan Jounisen egin dute, Gaza hegoaldean, eta drone eraso batean bi pertsona hil dituzte, horietako bat haurra zen, Al Jazeera-ko kazetariek bertatik ziurtatu dutenez.
Gazako erasoez gain, Zisjordanian inoiz baino gogorrago ari dira palestinarren aurka: urrian, kolono israeldarren 536 eraso erregistratu ditu UNRWA erakundeak. NBEren OCHA erakundeak ziurtatu duenez, urrian azken bi hamarkadetako eraso gehien egin dituzte kolono israeldarrek Zisjordanian –2006an hasi zuten erregistroa–. Hain zuzen, kolonoek jomugan hartu dituzte olibondoetako uzta biltzen ari diren palestinarrak. Oliba kanpaina betean daude, eta palestinarrentzat ezinbesteko sustengua da ekoizpen hori. Bada, kolonoek dozenaka olibondo erre dituzte Nablusen, besteak beste. Orotara 4.200 olibondo baino gehiago kaltetu dituzte 150 erasotan, OCHA erakundeak jakinarazi duenez, eta gutxienez 140 palestinar zauritu dituzte.
Zauritu horien artean daude kazetariak ere, nekazari eta aktibistez gain. Kolonoak Zisjordanian gogortzen ari diren erasoen berri ematen ari dira kazetari palestinarrak nahiz nazioartekoak, eta salatu dutenez, horiek isilarazteko saiakerak ere ugaritzen ari dira. Kazetari gisa identifikatuta doaz pertsona horiek, eta balen aurkako txalekoa daramate, baina gorputzeko beste ataletan egiten diete eraso kolonoek, makil, borra eta harrien bidez. Al Jazeerako kamerari Loay al-Saeed-ek azaldu du antolatutako eraso bortitzak direla.
Gainera, Israelgo armadak astelehenean ohartarazi du “hiru eguneko tamaina handiko operazio militarra” martxan jarri duela Zisjordanian, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aginduen kontrara. Izan ere, iaz auzitegiak ebatzi zuen Israelen presentzia legez kanpokoa zela okupatutako lurralde palestinarretan, eta “lehenbailehen” amaitzeko agindu zuen.
Jakina da Israelek entzungor egiten diela nazioarteko aginduei, baina badira herrialdeak Israelgo agintarien aurkako neurriak eskatzen jarraitzen dutenak. Turkiako fiskaltzak, esaterako, larunbatean agindu zuen atxilotzeko Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Israel Katz Defentsa ministroa, Itamar Ben Gvir Segurtasun ministroa, eta beste 34 goi kargudun. Genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkie Turkiak.