Gazatarrak etsituta daude, laguntza humanitarioa ozta-ozta heltzen zaie

  • Esperantza aspalditik da aski berba hutsala Gazan, baina noizean behin azaleratu egiten da hondakinen artetik, esate baterako urriaren 10ean su-etena indarrean sartu zenean. Ondotik, ostera, etsipena barreiatzen ari da gazatarren artean, iragarritako laguntza tantaka iristen ari delako: 600 kamioi beharrean, 100 sartzen dira egunero.

TRT

2025eko azaroaren 07an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Su-eten akordioaren arabera, Nazio Batuen Erakundeak eta UNRWAk bideratu behar zuten laguntza humanitarioa Gazan, baina Israel laguntza hori nahieran ari da oztopatzen, orain Hamasek bere bahituen gorpuak ez dizkielako itzultzen, geroago bere soldaduei eraso egiten ei dielako.

Kontua da NBEko 600 kamioi sartu beharko luketela egunero Gazako 2,4 milioi herritarren behar larriak asetzera, eta 100 besterik ez direla sartzen ari. NBEko Munduko Elikagaien Programako bozeramaile Abeer Etefak Kairotik (Egipto) jakinarazi duenez, “bizitzak salbatzeko lasterketa batean ari gara”.

Bere esanetan, NBEk milioi bat pertsonari eman die laguntza, “baina ez da nahikoa, sarbide gehiago behar ditugu, eta askatasun handiagoa Gazako errepideetan ibiltzeko”. NBEk jakinarazi duenez, bere asmoa zen 1,6 milioi pertsonari hamar egunetarako jakanari paketeak ematea, baina ezin izan dute bete; hori 145 banaketa guneetatik egin behar zuten, baina bakarrik ireki ahal izan dituzte 44 gune; horietatik Gazako hamazazpi okindegitan egindako eguneko ogia banatzen zaie 700.000 pertsonari.

Familiak zerealekin eta lekaleekin bizirauten ari dira, eta haragia, arrautzak eta barazkiak oso urriak dira. NBEko elikadura programak askoz elikagai kopuru handiagoak prest ditu Gazara sartzeko, baina Israelek laguntza hori oztopatzen du. Gaur egun bi lekutatik bideratzen da laguntza hori, Karem Abu Salem eta Kissufimetik, biak Gazako hego-mendebaldean, “ez dakigu iparralderago ireki behar ziren pasabideak zergatik ez diren zabaltzen”, diote NBEko iturriek.

Ospitaleetako egoera are eta larriagoa da. Mustafa Barghouti politikari eta mediku palestinarraren arabera, orain arte 3.203 kamioi sartu dira Gazara laguntza humanitarioarekin, eta horietatik lauk bakarrik zeramaten osasunerako hornidura materiala. Elektrizitate sorgailuak ozta-ozta ari dira eta medikuak oso egoera eskasetan ari dira egiten ebakuntzak, gero eta osasun baliabide urriagoekin.

194 su-eten haustura, 238 hildako

Gazako Gobernuko prentsa bulegotik Turkiako Anadolu albiste agentziari jakinarazitakoaren arabera, Israelek 194 aldiz apurtu du su-eten akordioa, urriaren 10ean indarrean sartu zenetik. Eraso horietan, Israelgo armadak 238 palestinar hil ditu eta 600 zauritu, Gazako Osasun Ministerioak zabaldu duenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Eguneraketa berriak daude