Nafarroako Legebiltzarrak atzera bota du Sinboloen Legea aldatzeko gaur aurkeztu den herri ekinaldi legegilea, Guztion Nafarroa guztien ikurrak herri ekimenak aurkeztua. 9.000 sinadura aurkeztu ziren horretarako eta 5.016 eman zituen balekotzat Legebiltzarreko Mahaiak. Bozketaren unean, 23 boto ekimenaren aurkakoak izan dira (UPN, PSN eta PPN) eta 17 alde (EH Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Bai).
Eneko Compains Silvak aurkeztu du ekimena. Bere ustez, “gaur egun dagoen legea ez da ona eta egin liteke beste bat hobea, Nafarroako gizartean den pluraltasunarekiko begirune handiagoa izango duen legea". Herritarrek sinboloei buruz ere erabaki beharko luketela aipatu du.
Gaur egun dagoen Sinboloen Legea 2003koa da eta arazo handiak ekarri ditu Nafarroan, ikurrina ere euren udaletxeetan egotea erabaki duten udalek debekua eta isun mehatxuak jaso dituztelako hainbatetan.
Nafarroan, baina, Sinboloen Legetik oso harago joan dira agintari eta segurtasun indarrek hartutako erabaki ugaritan, batez ere Nafarroako hainbat ekitaldi publikotan ikurrina agertzeari dagokionez.
Sanferminetan, esate batera, azken urteetan behin eta berriz izan dira arazoak ikurrina Iruñeko udal plazara sartu nahi izan duten taldeekin. Debeku eta kolpeez harago ere joan dira zigorrak, hala, 2013ko Iruñeko Sanferminetan udal plazan ikurrina erraldoia zintzilikatu zuten lau herritarrei desordena publikoa leporatu zitzaien eta bost hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten 2014ko azaroan.
Azken hiru hamarkadetan Nafarroako iparraldeko udaletxe gehienetan ez da banderarik jarri izan festetan izan ezik. Festetan, aldiz, ohikoena izan da Nafarroako bandera, ikurrina eta herrikoa jartzea. 2013tik aurrera Nafarroako Toki Administrazioak eta Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak Espainiako bandera jartzeko agindua eman zuten, hala egin ezean zigor handiak eta kargugabetzeak iragarriz.
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!