Ikurrina isunen bidez jazartzearen kontra dago Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoa

  • Ez dirudi Navarra Sumak babes nahikorik izango duenik bere Ikurren Legea indarrean sartzeko: Nafarroako Legebiltzarreko alderdiek aurkeztutako zuzenketek adierazten dute gehiengoa ez dagoela alor horretan arau murriztaile eta zigortzaileen alde.


2019ko abenduaren 18an - 10:24
Ikurrina Iruñeko Udaletxeko balkoian Sanferminen hasieran. Euskal Herriko banderaren mota honetako erakustaldiak eragotzi nahi zituen Navarra Sumak Ikurren Lege berriarekin.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek osatzen duten Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoak eragotzi egingo du Navarra Sumak Ikurren Legea aurrera ateratzea. Lege horrek 150.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu ikurrina jartzen duten udalentzat, eta Nafarroako "nortasun ikur esklusiboen" gorespena eskoletara eraman nahi du.

Foru Ganberak astearte eguerdian itxi zuen legeari zuzenketa partzialak aurkezteko epea –eskuineko koalizioak abuztuan erregistratu zuen–, eta proposamenak desberdinak izan arren, Legebiltzarreko gehiengoa bat dator bi kontutan: sinboloekin lotutako zigor araudi oso zorrotz bat ezartzeari uko egitea; eta ikurren ikuspegi monolitiko eta ofizialistari uko egitea.

Beraz, alderdiek aurkeztutako zuzenketekin Navarra Sumak ondoriozta dezake ezin izango duela bere proposamena gauzatu, eta Ikurren Legea beste bide batetik eraman beharko duela babes parlamentario handiagoa lortu nahi badu. Bestela, eskuineko gutxiengoak porrot egingo du, funtsean zigortzailea den eta beste autonomia-erkidego batzuetan existitzen ez den araudia berrezartzeko ahaleginean.

Gainera, Nafarroako Gobernuak irailean kaleratutako txosten batek legearen tramitazioak aurrera jarraitzearen aurka egin zuen, hainbat akats juridiko tarteko. Baina urrian tramitazioa osoko bilkuran bozkatu zuen PSNk, eta testua 2020ko urtarrilaren 22an iritsiko da batzordera.

PSNk ohartarazi du, hori bai: "banderen gerra" eskoletara eta herrietara eramaten duen lege bat ez lukete babestuko. Hala jasotzen da Chiviteren alderdiak aurkeztu dituen bederatzi zuzenketetan. Horietan, Navarra Sumak ekarritako testuko 12. eta 13. artikuluak kentzeko eskatzen da –eskoletan "nortasun-ikur esklusiboak" goraipatzeari eta Nafarroako banderak herrietatik banatzeari buruzkoak–, bai eta isunen kapitulu osoa indargabetzeko ere, bereziki gogorra baita ikurrina jartzen duten udalen kasuan: 2.000 eurotik 150.000 eurorainoko zigorrak.

Legearen bi aldeak indargabetzeko ados daude zuzenketak aurkeztu dituzten alderdi guztiak, baina alde handia dago Nafarroak izan behar duen Sinboloen Legearen ideian; eta, beraz, oso zaila izango da arau berririk aurrera ateratzeko adinako adostasuna lortzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikurrina
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.