Aldaketa klimatikoaren eraginak agerikoak dira jada. Muturreko fenomenoak gero eta maizago gertatzen dira, neurrigabeko sute, uholde edo idorteak maiz izaten dira komunikabideetako lerroburu azkenaldian. Duela gutxi izan zen Valentzia astindu zuen tanta hotzaren urteurrena, hainbat bizi aitzinetik eraman zituena. Uda honetan ere sekulako suteak ikusi ditugu Galizian eta Gaztela-Leonen. CSIC-ek Greenpeacentzat berriki egindako txosten batean, azken hamar urteetan Espainiako Estatuan izan diren muturreko hamar gertakari meteorologiko larrienen eta klima aldaketaren arteko lotura aztertu da. Txosten horren arabera, gertakaririk larrienak azken bost urteetan gertatu dira eta, gainera, horietako anitz elkarren artean erlazionaturik zeuden. Datu horiek zientziak dioena berrestera datoz, muturreko gertakariak areagotzen ari direla eta aldaketa klimatikoa bizkortzen. Era berean, txosten horren arabera, aldaketa klimatikoaren ondorioz tanta hotzaren intentsitatea %20 handitu zen. Azken hamar urteetan egondako gertakari horiek guztiek 5.000 heriotza eragin dituzte, 370.000 pertsonari eragin die eta 23.000 milioi euroko galerak sortu ditu.
Ezin dugu ahantzi, muturreko gertakari horiek gizakian ez ezik, biodibertsitatean eta ekosistemetan sekulako eragina dutela. Adibidez, tanta hotzaren antzeko eurite bortitzek, dagoeneko egoera zaurgarrian dagoen Mar Menor aintzirari zuzenean eragiten diote. Bat-batean ur gezaren kantitate handia aintzira gazira iristeak bertako baldintzak aldatu eta oxigeno eskasia eragin dezake, eta aintzirako bizidunen heriotza areagotu. Halaber, uda honetan Gaztela-Leonen, Galizian eta Asturiasen gertatutako suteek jada desagertzeko zorian dagoen Pirinioetako muturluzearen biziraupenerako kolpe larria izan dira. Sute horiek, espezie horren bizitokia diren habitaten %20 suntsitu ahal izan dutela adierazi dute hainbat ikerlarik. Udako suteen ondotik, udazkeneko euriteek egoera larritu dezakete suteen ondoko berreskurapenik martxan ez jartzeagatik. Izan ere, landaredirik gabe biluzik gelditutako ibai-arroetan euria bortizki egitean, urak errauts guztiak eramanen ditu, ibaietan sekulako txapapotea sortuz. Honek pH-a igoaraziko du, lohiek eta hareek ibaiaren hondoa estaliko dute, disolbatutako oxigenoa jaitsi egingo da, uhertasunak argia blokeatuko du eta bat-batean mantenugai gehiegi hartzeak alga eta bakterio oportunistak ugaritzea eragingo du, muturluzea eta ibai eta erreketako bertze espezieentzat bizia ezinezkoa eginez.
Argi daude aldaketa klimatikoa amaitzeko aukera eraginkorrenak: erregai fosilak alde batera uztea eta berriztagarrietan oinarritutako trantsizioa sustatzea; eta ekosistema naturalen degradazioa gelditzea eta deforestazioa amaitzea
Muturreko gertakariek duten eraginaz gain, ezaguna da klima-aldaketak eragin zuzena duela biodibertsitate galeran. IPBES-aren arabera, hain zuzen ere, aldaketa klimatikoa biodibertsitate galera sustatzen duten bost faktore nagusienen artean dago. Datu ugari dago Euskal Herrian ere, aldaketa klimatikoak biodibertsitatearengan dituen eraginei buruz. Espezieen portaera, bizi ziklo eta banaketa geografikoan eragina izaten ari da. Izokina eta amuarrainen populazioak, erraterako, gainbehera betean daude, bertze faktoreen artean, Euskal Herriko ibaietako urak gehiegi berotu direlako. Bertzalde, berez Mediterraneo itsasoko ur epelak nahiago dituen zimarroiaren presentzia handitzen ari da Kantauri itsasoan. Dena dela, agerikoa da klima eta biodibertsitatearen arteko erlazioa bi aldetarakoa dela. Aldaketa klimatikoak biodibertsitate galera sustatzen duelako, baina era berean, ongi kontserbatutako ekosistemak ez izateak, edo ekosistemetan emandako desorekak, klima-aldaketa areagotzen duelako.
Egun hauetan garatzen ari den COP30ean inoiz baino agerikoagoa da biodibertsitatearen eta klima aldaketaren arteko lotura. Alde batetik COP guztietan bezala negutegi efektuko gasen isurien murrizpen helburu eta bideak eztabaidatzen ari dira. Baina, aurten, COP-a Brasilen izan denez, Amazoniaren defentsaren aldarrikapena eta deforestazioari mugak jartzea gai garrantzitsuak izan dira. Izan ere, Amazonia munduko oihan tropikalik handiena izateaz gain, klima-erregulatzaile garrantzitsuenetako bat ere bada. Eskualde hori babestea funtsezkoa da berotze globala mugatzeko eta Lurreko bizia zaintzeko.
IPCCaren Seigarren ebaluazio-txostenaren laburpen-txostenak, bertzeak bertze, ekintza klimatikoa areagotzeko aukera ugari aztertzen ditu. Taula batean hainbat estrategia eta horiek klima aldaketa arintzeko duten potentziala zerrendatzen ditu. Agerikoa denez, eguzkian eta haizean oinarria duten energia iturri berriztagarriak daude arintzeko potentzial gehien duten aukeren artean. Era berean, eta agian hain ebidenteak ez diren aukeren artean, ekosistema naturalen eraldaketa edo artifizializazioa gelditzeak, klima-aldaketa arintzeko aukera paregabetzat azaltzen da. Berdin, ekosistemen lehengoratzeak, basoen birlandaketak eta antzerako ekintzek, potentzial handia lukete klima-aldaketa geldotzeko.

IPCCaren txosten horrek, berriz, adierazten du aspalditik erraten daramaguna: irtenbideak zein diren ezagutzen dira, falta dena gauzatzea da. Argi daude aldaketa klimatikoa amaitzeko aukera eraginkorrenak zein diren: alde batetik, erregai fosilak alde batera uztea eta berriztagarrietan oinarritutako trantsizioa sustatzea; eta bertzetik, ekosistema naturalen degradazioa gelditzea, deforestazioa amaitzea eta berreskurapena bultzatzea.
Lorea Flores Compains, Stop Fosilakeko kidea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.