1.200 euro eskatzen dizkie Gasteizko Udalak ikurrina zintzilikatu zuten hiru herritarri

  • Aberri Egunaren bezperetan farol batetik ikurrina bat zintzilikatzeagatik Mozal Legea aplikatu zien Gasteizko Udalak hiru herritarri. Astebeteren buruan, zigortuek 300na euroko isun bana jaso dute "erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak" kaltetzea edo hondatzeagatik. Orotara, 1.200 euro eskatzen dizkie Gasteizko Udalak.


2021eko maiatzaren 26an - 13:08

Duela astebete jakin zen, Alearen bidez, Gasteizko Udalak Mozal Legea aplikatu ziela hiru herritarri farol batetik ikurrina zintzilikatzeagatik. Zigortutako hiru pertsonetako batek Aleari azaldu zion gertatutakoa: apirilaren 1eko goizez, Aberri Egunaren bezperetan, Zabalgana auzoko Buradon Gatzaga Parkeko farola batean ikurrina zintzilikatzen ari zirela Udaltzaingoaren bi patruila hurbildu zitzaizkien beraiek identifikatu asmoz. Antza, ikurrina zintzilikatzen ari zirela-eta, bizilagun batek dei anonimoa egin zuen Poliziari abisu emateko. Herritarren Segurtasunerako Sailak Mozal Legearen 31.13 artikuluaren arau-hauste arina egotzi ondotik, Gasteizko Udalak 100na euroko isuna jarri zien, "erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak kaltetzea edo hondatzea" leporatuta.

Aste baten buruan, Mozal Legearekin zigortuek 300na euroko isuna jaso dute, "erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak kaltetzea edo hondatzea" leporatuz. Isun horiek, Aleak zehaztu duenez, Ana Oregi zinegotziak (EAJ) zuzendutako Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailaren bitartez helarazi zaizkie, argudiatuz Garbiketari eta Hondakinen Bilketa eta Garraioari buruzko Udal Ordenantzaren 147.1 artikuluaren arau-hauste arina burutu dutela. Bertan ageri da, arau hauste arinen artean, ondoko adibidea: “Kartel, pankarta, banderatxo, eranskailu edo antzekoak —gehienez 10 ale— jartzea, aurretiazko jakinarazpena egin gabe edo Udalak berariaz baimendu edo ezarritako tokietatik kanpo”.

300na euroko hiru isunekin 900 euro gehiago ordainarazi nahi diete ikurrina zintzilikatu zutenei. Aurreko isunei batuz gero, 1.200 euro eskatzen dizkie Gasteizko Udalak. “Mozal Legearekin nahikoa ez, eta ordaindu beharrekoa laukoiztu egin digu Udalak”, salatu du hiru zigortuetako batek Aleari egindako adierazpenetan.

Mozal Legean oinarritutako isunei helegitea jarri diete dagoeneko hiruek, eta isun berrien kasuan ere errekurritzeko asmoa dute, xehetasunak aztertzen ari diren arren.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Ia 300.000 euro eskatu dizkio Ernairi isunetan Jaurlaritzak: "Orain arte jasandako erasorik larriena da"

"Ernai ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen" saiatzea leporatu dio gazte antolakundeak Jaurlaritzari ostegun goizean Bilbon egindako agerraldi jendetsuan. Jakinarazi dutenez, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta... [+]


Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Otsaileko lehen osoko bilkuran onartu nahi dute Espainiako Kongresuan 'Mozal Lege' berria

Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.


Laudioko Gaztetxearen aldeko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Laudion, Bilbon eta Gasteizen

Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko... [+]


Eguneraketa berriak daude