Grebak inoiz ez dira alferrikakoak

  • Irakaskuntzako eta osagungintzako grebak direla-eta, hainbat arduradun politikoren mezua izan da halakoak orain ez daudela "justifikatuta". Baina grebak ipurdi bistan jartzen ditu. Jakina dela baliagarria, eta zio garrantzitsu bat dauka gainera: langilearen duintasunari eustea.


2020ko irailaren 15ean - 08:08
(arg: CCOO)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

EAJko eta Eusko Jaurlaritzako hainbat buruzagiren adierazpenak entzun ditugu egunotan, langileei eskatuz irakaskuntzan eta osasungintzan deituta dauden greba eta mobilizazioei uko egiteko, pertsonal eta segurtasun faltagatik. Enplegu-erregulazioko espedienteak iragarri eta kontratuak deuseztatu dituzten hainbat enpresari ere eragiten diete lanuzteek.

“Ez da grebak egiteko unea", dio Andoni Ortuzar EAJko presidenteak; “ezertarako balio ez duen lanuztea da”, EAEko Hezkuntza kontseilari Jokin Bildarratzek; “greba [irakaskuntzakoa] ez dago justifikatuta”, Iñigo Urkullu lehendakariak… Adierazpen horiek manipulazioa eta gezurrak besterik ez dira, errealitatearekin eta historiarekin berarekin kontraesanean baitaude.

Jakina grebek eta mobilizazioek balio dutela. Eta eraginkorrak dira, beti, nahiz eta aldarrikapen sozialak, ekonomikoak, laboralak eta politikoak berehala lortu ez. Adibide batzuk. Zortzi orduko lanaldia langileen mobilizazioari esker lortu zen, Kapitalaren indarrek hainbat langile hil bazituzten ere. Bizkaiko Meatzaldean ere greba gogor baten ondoren lortu zen etxebizitza duinetan bizitzea eta kantinen menpe ez egotea. Echevarriko Bandetako langileek euren eskaerei kasu egiteko 167 eguneko greba egin behar izan zuten. Etxetresna-elektrikoko, siderurgiako, ontzigintzako eta ekipamendu-ondasunetako beharginek mobilizazioen bidez lortu zituzten aurre-erretiroak 52 urterekin. Bizkaiko zahar-etxeetako emakume langileak urtebete baino gehiagoz aritu ziren borrokan kalean lan-baldintza duinagoak eskuratzeko.

Izan ere, grebek eta mobilizazioek badute beste zio garrantzitsu bat: Kapitalaren eta bere kudeatzaile politikoen mende jartzen ez den langilearen duintasunari eustea. Unean-uneko politikariak ipurdi bistan jartzeko ere balio dute noski, beren gezur mehatxagarri eta guzti.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.