“Gerra Zibilari buruzko milaka liburu daude, baina eskualde honi buruz ez zegoen ezer idatzita”

  • JOSE RAMON ZURIMENDIK (Bilbo, 1961) Guda Zibilak Nerbioigoienan utzitako pasarteak jaso ditu elkarteak argitaratu berri duen liburuan. Proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.


2019ko maiatzaren 09an - 08:58
Argazkia: Aiaraldea.eus
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nola sortu da liburu hau? Dakigunez, zure asmoa liburu bat idaztea zen, baina ez hau zehazki.

Bai, prozesua handitzen joan zen. Apurka-apurka konturatu ginen hemen gerra zibila gertatu zela eta jende gutxik zekiela. Luiso Lopezekin hasi nintzen lanean -bera baita proiektuaren arima- eta gerrako arrastoak eta aztarnak begiratzeari ekin genion.

Eskualde osoan material pilo dago, Gorbeiatik Artziniegaraino 130 lubaki baino gehiago daude katalogaturik, eta ziurrenik gehiago ere egongo dira, topatu ez ditugunak.

Hori dela medio, arrasto materialak ikustera jo genuen, azaltzeko nola heldu ziren honaino eta zergatik. Luisok lekukotza ugari jaso zituen gerra bizi izan zutenen artean. Haurtzaroko oroitzapenak eta euren gurasoen historiak biltzeari ekin zion.

Nik, ordea, artxiboetan zegoena bildu nuen, sakabanatuta baitzegoen, baita garai horretan egunkarietan argitaratutakoa ere. Bi abiapuntu horiekin, memoria idatzia eta ahozkoa, pentsatu genuen liburua idaztea.

 

“Gorbeiatik Artziniegara 130 lubaki baino gehiago daude katalogaturik”

Hori zen hasierako asmoa.

Bai, denboran luzatzen joan zen prozesua. Urte batean Gogora Institutuak esan zigun diru laguntza emango zigula, baina oso berandu zen lana gauzatzeko.

Azkenean, erabaki genuen liburua egitea eta iruditu zitzaigun interesgarria zela jende gehiago batzea.

Alde batetik, Josu Santamarina EHUko historialaria zerbait bizia egiten ari da San Pedro mendia industen eta bere ikuspegia jaso nahi genuen, azaldu zezan nola dagoen arkeologiaren mundua eta zeintzuk diren indarrean dauden planteamenduak. Gaurkotasuna eman nahi genion, memoria historikoaren eztabaida bizirik baitago gizartean.

Asier Perez de Eulate “Basurde” ere gonbidatu genuen. Aditua da gerra zibileko armatan eta talde ugaritan egon da: Aranzadi, Sancho Beurko... Eusko Jaurlaritzak armada ez zuenez, mota ugariko arma zaharrak erosi zituen merkatu beltzean eta guda zelaian geratu ziren arma eta bala pilo.

Grafikoen bitartez liburuan azaldu du zer arma, fusil eta pistola baliatu ziren alde errepublikanoan. Hori nahiko berria da, EAEn ez baita egin ikerketarik armamentuari buruz. Estatu espainiarrean ere egoera antzekoa da. Infanteriari buruzkoa da, artilleria ez dugu aztertu.

Azkenik, Joseba Egigurenek lana idatzi zuen Urduñako kontzentrazio esparruari buruz eta ikertzen jarraitu du. Liburua idatzi eta gero, informazio gehiago bidali diote.

Luisok, ahozko testigantzak baliatuta, kontakizuna osatu du gertakariei eta memoriari buruz. Beste atal bat egin du ere lubakiei buruz: mapa, planoak... Azkenik, nire lana dago, ia liburu erdia.

 

“Gaurkotasuna eman nahi genion lanari, memoria historikoaren eztabaida bizirik baitago gizartean.Hala ere, errepresioaren gaia ez dugu jorratu”

Zure zatia zer da, zehazki?

Nerbioigoienako gerrari buruzko kronika bat da. Egunez eguneko kronika da, Salamancako, Madrilgo, Avilako, Aldundiko eta Sabino Arana Fundaziokofitxategiak oinarritzat hartuta, besteak beste.

Garaiko prentsa ere erabili dut, 1937ko otsailera arte zentsura oso eskasa zen eta informazio ugari zegoen. Hori errepublikanoan artean. Alderdi eta sindikatu guztiek sortu zituzten euren egunkariak eta oso aro interesgarria da kazetaritzari dagokionez. Alde nazionalean, mezak kenduta, prentsan badirudi ez dagoela gerrarik.

Gerra Zibilari buruzko milaka liburu daude, baina eskualde honi buruz ez zegoen ezer idatzita. Dena zegoen sakabanatuta. Hori guztia bildu dut lan honetan hiru esparruei erreparatuta bereziki: abuztuan Urduña hartzeko saiakera, Villarealgo bataila eta San Pedroko borrokak 1937ko maiatzean. Uste dut ikerketa nahiko osatua dela. Nerbioigoiena kontzeptu modernoa erabili dugu eskualde osoa jasotzeko. Edonola ere, liburu honekin badago erreferentzia bat eta hortik abiatuta ikerketa gehiago egin daitezke.

Nire ustez, liburu honen bertute handiena da historikoki zegoen hutsunea betetzen duela. Hala ere, errepresioaren gaia ez dugu jorratu. Hori oso bestelako pasartea da eta ez dakit dena jasotzea posible izango den. Esaterako, Angel Larreak saiakera egin du Laudion eta etengabe ateratzen dira datu berriak.

Noiz eman zenioten bultzada liburuari?

Materiala duela urte nahiko genuen. Duela bi urte hasi ginen, baina gelditu genuen, ez baikenuen dirulaguntzarik topatu. Duela urtebete, aldiz, dirulaguntza eman ziguten, baina ez zegoen denborarik testua bukatzeko, oso berandu erantzun baitziguten. Aurten Gogorak lagundu gaitu eta denbora tartea ere izan dugu.

Martxoaren 30a zen epe muga eta ozta-ozta heldu gara, nahiz eta Josuk, Josebak eta Asierrek denbora gutxian amaitu euren ekarpenak.

Nire zatia zailagoa izan da, 1937ko neguan borroka artilleroak baitzeuden bakarrik eta kontatzeko gauza gutxi zegoen. Nik esparru militarrari bakarrik erreparatu diot. Liburua 12 euroren truke eros daiteke Aztarna aldizkaria saltzen den lekuetan. Berez, Amurrion eta Urduñan egin genituen bi aurkezpen eta han eskuratzeko aukera egon zen. Gogora institutuko egoitzan ere aurkeztu nahi dugu, Bilbon. Iruditzen zitzaigun, aintzat hartuta eurek jarri dutela dirua, egokia zela han aurkeztea, baina eurek ez dute, antza, horrelakorik egiten.

Elkarrizketa hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatu dugu ARGIAra ekartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
Onintza Enbeita eta Feli Madariaga, lurrari lotutako bi emakume
MULTIMEDIA - elkarrizketa

Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori,... [+]


2025-09-10 | Estitxu Eizagirre
Onintza Enbeita eta Feli Madariaga
"Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko"

Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]


Fusilatutako bi pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte Muniainen

Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]


Memoriaren herbarioak

Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


Hwei-Ru Tsou. Brigadista txinatarrak xede
"Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika!"

Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]


Faxisten izenak hildako biktimen zerrendetan mantenduko ditu Gogorak

Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose... [+]


1936ko Gerrako Haurrak
Bidaia itxi gabea

1936ko Gerran milaka haurrek Euskal Herria utzi behar izan zuten faxisten bonbetatik ihes egiteko. Frantzia, Katalunia, Belgika, Erresuma Batua, Sobietar Batasuna eta Amerikako herrialdeetara joandako horien historia jasotzeko zeregin erraldoiari ekin dio Intxorta 1937... [+]


Historia militarraren kontra, eta alde

Ezpatak, labanak, kaskoak, fusilak, pistolak, kanoiak, munizioak, lehergailuak, uniformeak, armadurak, ezkutuak, babesak, zaldunak, hegazkinak eta tankeak. Han eta hemen, bada jende klase bat historia militarrarekin liluratuta dagoena. Gehien-gehienak, historia-zaleak izaten... [+]


1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


Jaurlaritzaren Parisko egoitzaren historia: Gestaporen atzaparretatik berriz EAJren eskuetara

Hamarkada askotako eskaeraren ostean, Parisko Marceau etorbidearen 11. zenbakian dagoen jauregi historikoa EAJren esku geratu da azkenean. Jeltzaleentzat, balio monetariotik harago, balio sinboliko itzela du eraikin horrek, erbestearekin eta faxismoaren kontrako borrokarekin... [+]


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-15 | Mauro Saravia
La Roseraie ospitalea
Bigarren aukera bat gerraren erdian

1937 eta 1940 artean, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu sozialen bidez, Iparraldeko osasun zentro handiena izango zena zabaldu zuen Bidarten: La Roseraie ospitalea. Helburua zen Hego Euskal Herritik gerraren ondorioz uholdeka zetozen zauritu eta elbarriak artatu eta... [+]


Iruñeko atxilotze-aldi luzea

Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]


Eguneraketa berriak daude