Abel Arkenbout (ToxicoWatch): "Erraustegi mondernoenek ere dioxinak isurtzen dituzte, hala erakutsi dugu Holandan"

  • Azken belaunaldiko erraustegiak seguruak dira ala badaukate arriskurik elikadura katea, ingurumena eta gizakiarentzat? Benetan kontrolatzen dira ala ez dioxina isuriak? Apirilaren 13an Hernanin (Gipuzkoa) izango da Abel Arkenbout toxikologoa jende aurrean azaltzen nola aurkitu dituzten agintariek aitortu gabeko dioxina isuri ezkutuak Harlingeneko erraustegian, Holandako Frisia eskualdean.

     

Abel Arkenbout Harlingeneko erraustegiaren aurrean.
Abel Arkenbout Harlingeneko erraustegiaren aurrean.

2019ko apirilaren 14an

Mesedez, aurkeztu gure irakurleei nortzuk diren Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman eta zer den ToxicoWatch fundazioa.

ToxicoWatch Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da ikertzen dituena kutsagarrien eraginak ingurumenean, animalietan eta pertsonengan. Ikerketa toxikologia zientzian oinarrituta, elkarlanean ari gara beste espezialista, ikerlari zientifiko eta GKE-ekin.

Neu, Abel Arkenbout, Toxikologia ikasia naiz Utrechteko unibertsitatean. 70eko hamarkadan hainbat artikulu idatzi ditut PCB Bifenol Polikloratuei buruz. Zenbait batzordetan hartu dut parte, Omrin erraustegiko zuzendariarekin, gobernuarekin eta Herbehereetako Osasun Zerbitzu nazionalarekin negoziatuz erraustegiaren atal guztiez.

Kirsten Bouman 2015etik ari da ToxicoWatchentzako lanean, ikerketan eta kudeaketan. Bere espezialitatea biologia eta hezkuntza dira, Leideneko Unibertsitatean ornogabeen bioaniztasunaren alorrean. 2001etik hitzaldiak ematen ditu hainbat naturguneetako dendrologiaz –bereziki zuhaitzen eboluzioaz– eta bioaniztasunaz.

Harlingenen bertan bizi zarete, Frisian (Holandan). Aurkeztuko al diguzue laburki zuen udalerria eta bere ingurua?

Harlingen leku oso polita da Herbeheren ipar aldean, Frisia probintzian, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatuta daukan Wadden itsasoaren bazterrean. Aspaldiko portu bat dauka Harlingenek, eta bertan, arrantzako baporeak, alokairuzko ontziak eta uharteetara joateko ferryak. Frisia nagusiki nekazaritzari lotua da eta ezaguna ur kiroletarako dauzkan aintzira ugariengatik.

Harlingeneko erraustegia 2011n hasi zen lanean baina zuek 2008rako ToxicoWatch antolatuta zeneukaten.

Ni sortua naiz Rotterdam ondoko uharte berde zoragarri batean, zeina bereganatu zuten zabaltzen ari zen industriarentzako. Gure gurasoen lurra saldu nahi izan nuenean, lurzoruko laginek azaldu zuten dioxinak eta PCBak zeuzkatela. Ahaztu gabe gobernuak behartu ninduela lurzoruaren garbiketa ordaintzera, sortutako galdera nagusia zen ea nola iritsi ziren substantzia haiek guztiak gure ustetan osasuntsua zen baratzeraino. Ohartu nintzen zerbait fundamentuzkoa egin beharra zegoela eta nik bezala pentsatzen zuten beste batzuekin batera sortu genuen ToxicoWatch.

Erraustegiaren aurkako protesta Harlingenen. Pankartak dio: "Erraustegia, lanpostu gutxi, kantzer gehiago Frisian". (Argazkia: Pierrebo)

Omrin erraustegia 2011ean jarri zuten martxan, urtean 230.000 tona erretzeko gaitasunez, “puntako teknologiazko” [“in the state of the art”] erraustegia. Jendeak erraz onartu al zuen?

Ez, bada, inolaz ere ez. Hasieratik herritarrek izugarrizko erresistentzia egin zioten, traktoreekin blokeoak, etxe gehienetako hormetan “Erraustegirik ez” dioten banderak jarriz. Alderdi politiko bat ere sortu zen helburu bakar honekin: “Erraustegirik ez”. Talde hau iritsi zen udal batzaraino baina gainerako alderdi politikoek eten gabe egiten zioten kontra. Orduan erabaki zuten ToxicoWatch fundazioari deitzea dioxinen ikerketa bat egiteko erraustegiaren inguruetan.

Erraustegia abiatu eta urtera erakutsi zenuten agintariek ofizialki aitortuak baino askoz toxina gehiago isurtzen zituela. Nola izan zen hori?

2013an Harlingen inguruetako oilategi txikietako arrautzetan aurkitu genituen dioxina kontzentrazio handiegiak, CALUX bioteknologia berrizalea erabiliz. Ondoren Gobernuak egindako kontra-ikerketak gure aurkikuntzak berretsi zituen. Ondorioz,  zenbait azterlan gehiago burutu ziren dioxinen iturriak identifikatzeko. Horietako garrantzizkoenetako bat izan zen tximinietako gasen epe luzeko laginketa AMESA teknikarekin.  Honek oso argi erakutsi zuen erraustegia dela dioxinen iturri nabarmen bat, batik bat itzali ostean berriro pizteko uneetan, dioxinen emisioan ordu gutxi batzuetan gaindituz 6 urte osoko emisio normalak.

ToxicoWatchek Harlingeneko arrautzetan doixinak aurkitu ostean, albistea Leeuwarder Courant egunkarian, 2013an. Titulua: "Hamabi oilo eder eta arrautza dioxinadun asko". Argazki oina: "Anne Bleekerrek ezingo ditu gehiago jan bere oiloen arrautzak".

Erraustegi inguruko oiloen arrautzek dioxinak dauzkatela erakutsita, nola erreakzionatu zuen jendeak?
Sekulako inpaktua egin zuen. Ez bakarrik Harlingenen, albistea Holandako telebista nazionaletako programetan ere azaldu zen. Oiloak dauzkatenek beren arrautzak senideei ematen zizkieten edo arrautza ustez ekologikoak bizilagunei saltzen, edo azoketan, baita lekuko kafetegi edo jatetxeei.

Arrautzetako dioxinak albisteetan azaldu zirenean, batzuk lur jota geratu ziren, ohartuz beren bilobak pozoitzen ari zirela arrautzokin. Bizilagunek ez dute gehiago jan nahi horietatik. Oiloen jabe batzuk damutu ziren ikerketan parte hartu izanaz eta beste batzuek berehala kendu zituzten oiloak. Baina nire ikerlanaren helburua ez zen hori izan inoiz.

Gatazka Holandako prentsan: "Amaitu zaie pazientzia erraustegiarekin". Herritarrak haserre Harlingeneko udalaren osoko biltzarrean 2018ko urriaren 15ean.

Geroago agintariek eta Omrin erraustegiko arduradunek onartu zuten jarraian egitea dioxina isurketen laginketak AMESA teknikarekin…

Omrinek onartu zuen etengabeko laginketak egitea, uste zutelako honek frogatuko zuela erraustegiak arau guztiak zorrotz betetzen zituela. Lehenbiziko bi hilabeteetan AMESAk erakutsitako kopuruak bikain zeuden, baina hirugarrenean neurketek bestelako errealitate bat azaleratu zuten. Ordu gutxi batzuetan gertatutako istripu kate batek eragin zituen gehiegizko dioxina emisioak, parekatu zitezkeenak 6 urteko emisio normalekin. Alabaina, numero handi hori bera ere azpitik dago jota, arrazoi sinple honengatik: istripuak iraun zuen bitartean denbora gehienean itzalita egon ziren laginak hartzeko tresna, ToxicoWatchek “Ezkutuko emisioak” agirian azaldu dugunez.

Omrinek zergatik eten du AMESA bidezko jarraiko laginketa? Agintariek ezin dute derrigortu askoz errealistagoa dirudien kontrol horretara?

Neurketek erakusten dute errealitatean errausketa egiten dela idealak liratekeenetik baldintzetatik urrun, okerreko funtzionamendua ohikoa dela. Frogatu dugu ez dela errealista urtean 6 edo 12 orduko neurketak egitea, arauek derrigortzen duen gisan. Gainera, erraustegia abian jartzen den aldi orotan gertatzen dira dioxina isuri gehiegizkoak. AMESA neurketak 2017an eten zituzten, berriro emisio oso handiak gertatu zirenean. Jendeak eta baita gobernuak ere nahi dute neurketa horiek jarraitzea, baina erraustegiak uko egiten dio.

Harlingenen erakutsi duzuena Euskal Herrian berdin gertatzen dela diote OEIT-GEISeko medikuek eta errausketaren aurkako mugimenduak. Uste duzu Europa osoan dagoela zabaldua arazo hori?

Uste dut Harlingenen gertatzen den gauza berdina gertatzen dela mundu osoan. Guk erraustegiaren “sukalde” barruan begiratu ahal izan dugu eta aukera hau oso gutxitan gertatu da. Ondorioz, gaur badakigu Eskueran diren Teknika Hoberenak [Best Available Techniques] erabilita ere oso zaila dela hondakinak zuzen erraustea nahi gabe dioxinak bezalako substantzia toxiko iraunkorrak sortu gabe.

Garbi esateko, ez dugu ezagutzen zer nolako eraginkortasuna lortzen duen erraustegi batek konbustio-ondorengo gunean 1.100 gradutan ari denean. Harlingeneko ‘puntako teknologiazko’ erraustegiaren emaitzetan oinarrituta, oso serioski galdetu behar da ea horrelako instalazioek ahalmena daukaten nahi gabeko POP Kutsagarri Organiko Iraunkorrak  ezabatzeko eta horrela kunplitzeko Stocholmeko Itunak agintzen duena: substantzia oso toxikoak [extreme toxic substances] minimora eramatea.

Abel Arkenbout Sao Paulon 2015an dioxinez burututako biltzarrean. (Argazkia: Toxicowatch)

ToxicoWatch fundazioa IPEN POPak Ezabatzeko Nazioarteko Sarearen partaide da. IPENek dio bere aurkezpenean: “Mundu mailan gero eta handiagoa da kimiko toxikoen ekoizpen eta erabilera (...). Eta herrialde gehienek oraindik ez dauzkate jendeak horien isurietatik babesteko nahiko lege eta derrigortze mekanismoak”. Holandan eta Europan ere ez?

Gobernuaren arauek ez daukate beti ahalmenik industria behartzeko gai arriskutsuak mugatu edo murriztera. Errealitatean, legeak ez dira betetzen edo industriaren abokatuek aurkitzen dituzte saihesbideak. Horren adibideak dira erraustegietako konbustio-ondorengo gunearen tenperaturak edo dioxinen mailak urratu ahal izatea itzali ondoren berriro abiarazteko uneetan. Konbustioan zaborrik ez errez gero, arauak aplikatu beharrik ez daukatela diote erraustegien jabeek. Baina abiarazteko faseetan emisioak askogatik gainditzen dituzte ohiko funtzionamendukoak. Dudarik gabe, emisio arriskutsu guztiak hartu behar dira kontutan.

Frisia eta Holandako prentsatik ulertu ahal izan dugunez, Harlingenen eztabaida bero dago uneotan: herrialdeak errausteko kapazitate handiegia daukala, erretzera atzerritik ekarri behar dutela zaborra, eztabaidatzen da lanpostuez eta alternatibez, kontrolak zorroztearen  edo Omrin ixtearen kosteez…

Bai, eztabaida dago uneotan erraustegiaz. Azken asteotan ixtea bera ere aukeratzat aipatu da. Nire ustean erraustegiek akats gehiegi dauzkate. 2011n hasi zenetik Omrin 70 aldiz baino gehiagotan itzali dute eta berriro abiarazi. Eta hori gehiegi da. Urtean behin bakarrik daukate baimenduta itzali eta berrabiaraztea. Herbehereak zaborra inportatzen ari dira, Omrinekoek ez dutela egiten esan arren. 23 udalerri daude finantza interesez inplikatuta hondakin plantan. Itxiera 200 milioi eurotik gora kostako litzatekeela kalkulatu da. Baina zein izango da eragina ingurumenean edo jendearen osasunean erraustegia ixten ez badute?

Apirilaren 13an Hernanin mintzatuko zara. Zein izango da zure mezua erraustegietatik hurbil bizi diren jendeentzako eta oro har guztientzako?

Hondakinena arazo handietakoa da mundu osoan. Errausketa ez da soluzioa. Aldiz, bide alternatibo bat ari dira garatzen, Zero Zabor eredua. Ekonomikoa da beste arazo handia. Errausketa bezalako hondakin kudeaketa batek diru asko sortzen du jende kopuru txiki batentzako. Nire gomendioa da gobernuarekin lan egitea ahalik eta ikerketa objektiboenak bideratu ahal izateko.

Neurketak jarraian egitea, markagailu biologikoekin lan egitea, beharbada giza odolarekin… eta konbentzitu behar duzue gobernua erraustegia irteerarik gabeko bidea dela. ToxicoWatchen ikerketek erakutsi dute erraustegi moderno batek ere sortzen dituela izugarri toxikoak diren kutsagarri iraunkorrak, bat ere produzitu ezin dituenak. Gure planeta bakar hau babestu behar dugu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketa
2023-09-08 | ARGIA
Errausketaren aurkako giza katea antolatu dute Kontxako estropaden egunean

Gipuzkoako hondakinen kudeaketak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Donostiako erraustegiak kutsadura areagotu eta gaikako bilketa beheragotu duela azaldu dute, eta herrialdean aurreikusten diren proiektu berriek bide hori sakonduko... [+]


2023-08-04 | Ilargi Manzanares
GHK-k onartu du aurrez tratatu gabeko hondakinak errausten aritu dela 42 egunez

“Behin-behinean” egin dutela adierazi dute, “mantentze-lanen" ondorioz. “Ingurumen eskaera guztiak” bete dituztela ere esan dute, eta araurik ez dutela apurtu.


2023-05-28 | Zero Zabor
Agur, Iñaki Usabiaga

Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.


2023-04-24 | Zero Zabor
Paris hiriburuko oilategietako arrautzak ez jatea gomendatu dute agintariek, dioxina, furano eta PCBz kutsatuta daudelako

Ile-de-France (Paris hiriburua eta inguruko metropoli osoa) eskualdeko Osasun Agintaritzak herritarrei gomendatu die beren etxeetako oilategi txikietako arrautzarik ez jatea: aginte publikoak enkargatutako azterketa batek berretsi du aurretik ToxicoWatch fundazioak beste ikerlan... [+]


2023-02-27 | Zero Zabor
PFAS toxikoak kontrolik gabe hedatzen ari direla eta, Europako Batzordeak horien arautzeari ekin dio

Europako zenbait hedabide handik sustatutako ikerlan batek argitu du PFAS kutsagarriak milaka puntu beltzetan hedatuta daudela kontinente osoan. Oinezko herritarrak aipatzen entzun ez dituen PFAS-ak (konposatu per- eta polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl... [+]


Eguneraketa berriak daude