Final estu eta hunkigarri baten segida izan zen buruz buruko are estu eta hunkigarriagoa; Etxebarriazarraga eta Enbeita, alboz albo. Lanak amaituta, Aitor Etxebarriazarragak (Gernika-Lumo, 1993) lortu ditu Bizkaiko bertsolaritzaren garaikurrak, txapela eta aginte makila. Oraindik bezperakoa guztiz digeritu barik eta loari zenbait orduko zorra eginda, ARGIAren galderei erantzun die txapeldun berriak.
Puntu erdira, Onintza Enbeita.
Bai. Egia esan, puntu erdira geratzea, hainbeste bertso epaitu eta gero, esanguratsua da: berdinketarik existitzen bada, hauxe izan behar da bat. Uste dut puntuazio hori badela saio osoaren erakusgarria, sailkapenari begiratu eta puntu gutxiren barruan bertsolari asko baitaude. Baina tira, nik zer esango dut bada; pozik nago puntu erdi hori neuretzat izan zelako.
A ze astea Busturialdearentzat...
Benetan bere. Guggenheim Urdaibairen proiektua bertan behera geratzea bazen eskualdeak aspalditik nahi zuen eta borrokatu duen albiste bat, eta hori bere ospatu dugu astean zehar. Eta zapatukoa oraindik ez dugu bukatu ospatzen, baina uste dut eskualdeko bi bertsolari finalean izatea, bere horretan, badela nahiko adierazgarri Lilibertso gure bertso eskolarentzat eta eskualdearentzat; baina, gainera, biak buruz burukoan egotea, suposatzen dut, gure poza ez ezik beste askorena bere izango zela.
"Onintza eta biok buruz burukoan egotea, suposatzen dut, gure poza ez ezik beste askorena bere izango zela"
Oso final koralaren sentsazioa nabarmendu zen publikoan: denok izan zenuten momentu onen bat zuenetik emateko. Zuk ere horrela bizi izan zenuen?
Bai, oholtzatik bere horrela bizi izan nuen. Batzuetan izaten da norbait edo pare bat asko nabarmentzen direnak, baina zapatuan oholtzako kideekin komentatzen ibili ginen saioa oso ondo zihoala. Publikoa jasotzeko gosez sentitzen genuen, baina gu bere jaten ematen genbiltzan sentsazioa neukan. Buruz burukoaren aurretik, ganbarara joaten garenean, gure kinielatxoak izaten ditugu, nahiz eta ez esan; baina baten bat ikusten baduzu lasaixeago edo dagoela, esaten diozu: “Txo, eutsi!”. Baina zapatuan ez genekien hori nori esan bere ez, denok gurutzatzen genituen begiradak eta denok egon behar genuen adi.
Publikotik emankor eta bizkor nabari zitzaizun: bereziki bakarka, bederatzi puntuko motzeko doinua hartuta, eta puntu erantzunetan. Zu ere horrela sentitu zinen?
Esango nuke txapelketa osoan nahiko eroso eta sendo, osorik, sentitu naizela kantuan; bertsoak ekartzen nahiko eroso. Gai batzuetan asmatzen da gehiago edo gutxiago, baina ideiak etortzen zitzaizkidan, eta bertsoak josteko nahiko gustura ibili nintzen. Buruz burukoan apur bat gain hartu zidaten emozioek, eta egin nuen laprastadatxoak ez zidan lagundu. Kostatu egin zitzaidan buruz burukoan nengoela sinestea eta eskatzen duen tenple horrekin kantatzea. Baina gero, ganbaran, uste dut lortu nuela berriro pultsazioak bajatu eta saioan zehar ibili nintzen lasaitasun horrekin osatzea ariketa. Susto horiek sortutako emozio buelta hori kenduta, orokorrean eroso eta gustura ibili nintzen kantuan.
Finalisten prentsaurrekoan bertan aipatu zenuen zure bertsiorik onena ematetik hurbil nabaritzen zenuela zure burua, baina inoizko prestaketa txikienarekin. Horrela izan da?
Ez dakit ondo aukeratu nituen berbak: ez da gutxien prestatu dudan txapelketa izan, baina bai kaotikoena. Irailean oposaketak egin nituen, urrian ebakuntza bat izan nuen eta gero bertso eskolako kideen agendak aurten gaitzagoak izan dira, eta horrek eragin du aste batean geratu ezina, hurrengoan geratu eta batek aurretik alde egin beharra... Ez da ez dudala prestatu, baina bai apur bat kaotikoagoa izan dela prestaketa. Eta nik neuk bere txapelketa analizatzeko tarte handiegirik ez dut hartu, bertsotan egiteko bai: entrenatu dut eta uste dut maila onean heldu naizela txapelketara, baina ez da izan aurreko txapelketetako prestakuntza ustez ganorazkoa.
"Publikoa jasotzeko gogoz sentitzen genuen, baina gu bere jaten ematen genbiltzan sentsazioa neukan"
Aldarrikapen askoko finala izan zen, eta zerorrek ere utopiei eta borrokan segitzeko indarrari egin zenien keinu amaierako agurrean. Zer nahi zenuen plazaratu horrekin?
Agian baten batzuk pentsatuko dute esplizitatzea falta zaiola agurrari. Baina oholtzan zapatuan nabarmen ikusi zen ze momentu ari garen bizitzen, eta bertsolaritza bere gizartearen egoeraren eskutik joaten da. Iraultza asko egon ziren oholtzan: bizitzen gabiltzan hizkuntzaren aurkako oldarraldia, borroka transfeminista, Euskal Herriko gatazkan oraindik erreparazio absoluturik ez daukagula... Agur hori bota nuen sentitzen baitut erreakzionatzeko momentuan gaudela, eskumak indarra hartzen hasi baitira; eta ez du balio irudikatzen egoteak zer izan nahiko genukeen, irudikatzetik harago egin egin behar da, eta gaur egin behar da.
Euskararen aurkako oldarraldia aipatu duzu, eta sarri landu duzun gaia da: 2023ko finalean horri eskaini zenion amaierako agurra, aurtengoan hasierakoa. Bereziki kezkatzen zaitu?
Bai. Xabat Illarregik Nafarroako Bertsolaritza Txapelketako finaleko bukaerako agurrean ondo biribildu zuen kontua: nik sinisten dut Euskal Herri libre ganorazko baten, eta horretarako, nahitaez, gure hizkuntza behar dugu, aurrera egin beharko du. Kaleetan-eta ikusten da erabilera ez dabilela hainbestekoa izaten, eta badut sentsazioa inertzian jausten garela: apur bat despistatzen garenerako, inertzia globalek eramaten gaituzte erdarara, eta uste dut bertsoa badela leku bat kontzientziak pizteko, jendeak inertzia horiek apurtu eta gauza batzuk kontzienteki egiten hasteko.
"Bertsolari asko gara, plaza kopurua agian ez da denoi jaten emateko bestekoa, baina ate batzuk zabalduko balira gogoz aprobetxatuko nituzke"
Laugarren txapelketa izan duzu aurtengoa, hirugarren finala. Ez duzu, gainera, bide ohikoa egin bertso munduan.
Egia da bertsolaritzak egitura osoa duela, Hezkuntza araututik hasita Eskolartekora, bat-bateko taldeetatik pasatuta. Nik Hezkuntza arautuan jaso nuen bertsolaritza, Jon Lopategiren eskutik, baina gero ez nuen jarraitu. 22 urtegaz hasi nintzen bertsotan, eta uste dut zaletasunetik hasi nintzela. Bertsozalea izan naiz umetatik, gure amama bertsozalea izan da, gure etxean bere bertsoak entzuten ziren. Ibai Amillategi eta biok inguruetako saioetara joaten ginen, eta halako batean esan genuen: “Saiatu egingo gara”. Eta hortik amaitu nuen Lilibertsora etortzen eta hiru finaletara heltzen (barreak).
Txapelaren jabe zara orain. Ze pisu du zure buruaren gainean? Zer suposatu ahal dizu?
Esango nuke txapelak berak errekonozimendu bat ematen diola nik egindako lanari eta saiakerari, eta horrek berak asetzen nau jada. Nahiko nuke, momentu honetan hain gustura sentitzen naizenez bertsotan, ateren batzuk zabaltzea; pozarren zeharkatuko nituzke. Bertsotan egiteko gogoz nago. Bertsolari asko gara, plaza kopurua agian ez da denoi jaten emateko bestekoa, baina ate batzuk zabalduko balira gogoz aprobetxatuko nituzke.