Espainiako Vueltaren ez-amaiera nahasia, egunotan bizi izandakoen bidetik

  • Espainiako Vueltak zeresan handiagoa eman du aurten Palestinaren aldeko ekintzengatik, ziklisten arteko lehiagatik baino. Bosgarren etapan –taldekako erlojuz kontrakoan– dozena erdi ekintzailek Israel Premier Tech taldeko txirrindulariak geratu zituztenetik, etengabeak izan dira genozidioa salatu eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko ekintzak, izan Herrialde Katalanetan, Euskal Herrian (Nafarroan eta Bizkaian), Asturiasen, Galizian edo, azken etapan –igandean– ikusi dugun bezala, Madrilen, non helmugarako 56 kilometro falta zirenean amaitu den Vuelta, manifestari eta polizien arteko liskarrengatik.


2025eko irailaren 15ean - 09:10
Azken eguneraketa: 10:42
Azken etapako helmuga inguruak, manifestariek hartuta. Sirotti
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Madrilera sartu aurretik geratu dituzte txirrindulariak, helmuga inguruan zeuden "segurtasun arazoengatik". Palestinar banderak eskuetan, milaka manifestari bildu da ibilbidean zehar, eta bide ertzeko hesiak errepiderantz bultzatu eta bat-bateko manifestazioa hasi dutenean sortu dira liskarrak. Egunotan ikusitakoak ikusita, pentsatzekoa zen horrelako zerbait gerta zitekeela, baina, hala ere, deigarriak egiten dira igandean gertatutakoaren irudiak, liskarretakoak bezala antolaketak presaka osatu behar izan zuen podiumean hartutakoak, adibidez.

Almeida, Vingegaard eta Pidcock, aparkaleku batean jarria dirudien podiumean.

"Ez da gerra bat, genozidioa baizik"

Milaka manifestari bildu da –100.000, Madrilgo Gobernuko ordezkari Francisco Martinen arabera– azken etaparen ibilbideko hainbat puntutan. Polizia iturriek jakinarazi dute bi pertsona atxilotu dituztela desordena publikoa egotzita, eta 22 polizia zauritu direla jasotako kolpeengatik.

"Ez da gerra bat, genozidioa baizik" gisako oihuen pean manifestariek Madrilgo erdigunea zeharkatu dute, eta iluntzean eserialdi baketsua egin dute Zibeles inguruan.

Argazkia: Orain.eus

"Salatu bai, baina...

... ziklisten eta lasterketaren segurtasuna arriskuan jarri gabe". "Gertatutakoek ez diote kausari mesederik egiten". "Gazako gerra amaituko da zuek errepidea mozteagatik?". "Politika eta kirola nahasten direnean, gauza onik ez". "Etakideak". "Terroristak". "Perroflautak". "Errua du gobernuko presidente Pedro Sánchezek" (Madrilgo alkate Martínez Almeidak esana). "Biolentzia erabili dute biolentziari aurre egiteko, eta demostratu dute horrek ez duela gerra amaituko" (TVEko esatari Pedro Delgadok esana)... Vuelta nahasi honetan bizi izandakoek balio izan dute, hein batean, lasterketen antolatzaile, txirrindulari ohi, kazetari eta bateko eta besteko iritzi emaileek auziaren gainean duten posizioa azaleratzeko. "Protestatu, bai, baina inori enbarazurik egin gabe", Delgadok dioen moduan.

Aldiz, Palestinarekin Elkartasuna eta Gernika-Palestina bezalako taldeek egunotan antolatutako ekintzak txalotu dituzte. Irailaren 3an Bilboko etapa bertan behera uztera behartu zuten protesten harira, esaterako, "oso positiboa" izan zela zioen Gernika-Palestinak, eta "palestinar herriaren aldeko garaipena" izan zela Palestinarekin Elkartasunak.

Ikusteke dago, orain, Espainiako Vueltan gertatutakoek segidarik izango ote duten beste kirol edota kultur ekitaldi batzuetan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Eguneraketa berriak daude