“Ez gintuen harritu nola hartu gintuzten Euskal Herrian, ezker muturreko ekintzaileen eta separatisten gotorlekua baita”, adierazi du Sylvan Adams-ek.
                                                        Iragan asteazkenean Palestinaren aldeko mobilizazioak Espainiako Vuelta txirrindularitza lasterketa erabat baldintzatu zuen, eta antolakuntzak lasterketa aurreikusitakoa baino hiru kilometro lehenago amaitutzat ematea erabaki zuen azkenik. Manifestariek Israel-Premier Tech taldea lasterketatik kanporatzea eskatzen zuten, genozidioa zuritzen duela egotzita. Gertatutakoaren balorazioa egin zuen ostiralean talde israeldarraren jabe den Sylvan Adamsek Israeleko Sports 5 telebista katean, eta gogor egin zuen euskal herritarren aurka.
“Ez gintuen harritu nola hartu gintuzten Euskal Herrian, ezker muturreko ekintzaileen eta protesta egitea gustuko duten separatisten gotorleku gisa ezaguna den eskualde batean, baina edonola ere, ez nuen inoiz halako gorroto dosirik ikusi”, adierazi zuen Adamsek. “Inoiz ez dut horrelakorik ikusi txirrindulari lasterketa batean. Palestinaren aldeko eta Israelgo Estatuaren aurkako bandera eta pankarta kopuru izugarri eta neurrigabea, eta gorroto dosi izugarria”.
"Munduko zalegorik onena", baina “terroristak” tartean
Gorrotoarekin ez ezik, protestak ETArekin ere lotu zituen Adamsek: “1960ko eta 1970eko hamarkadetan, ETA euskal erakunde klandestinoak PAErekin [Palestina Askatzeko Erakundea] aliantza bat egin eta harekin batera jardun zuen. Ez gintuen harritu egin ziguten harrera ez adiskidetsuak”. Palestinaren alde mobilizatu ziren herritarrak “terrorista” izendatu zituen: “Talde bortitz honi [manifestariena] terrorista deitzen diot, pertsona bortitzak direlako”.
“Euskaldunek munduko zalegorik onena dute, eta pena da horrela amaitu izana”, borobildu zuen Adamsek.