Elkartasunak orro egin du San Mamesen

  • 51.000 zaletu baino gehiago bildu ditu euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida "historikoak", larunbat iluntzean Bilboko San Mamesen. Palestinar herriaren aurkako genozidioa salatu eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute bai estadioan eta bai partidaren atarian egindako mobilizazio jendetsuetan. Futbolean, euskal selekzioak irabazi du (3-0).

Gu ere bai!

2025eko azaroaren 16an - 08:06
Azken eguneraketa: 09:59
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Gutxitan izango zuen emaitzak hain garrantzia txikia", genioen pasa den astean ARGIAn plazaratutako erreportajean. Eta hala izan da. Elkartasun keinuek goia jo duten partidan, genozidioaren kontrako eta bakearen aldeko mezuak gailendu dira, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldekoekin batera. Harmailan, milaka ikurrina eta palestinar bandera. Eta etengabeko oihu eta txalo zaparradak. "Palestina askatu!" eta beste hainbat aldarri makina bat bider oihukatu dira estadioan.

Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea
Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea

Zelai erdian Gernika koadroaren parte bat; pantailetan palestinarrek bizi duten egoera islatzen duten irudiak; Eñaut Elorrieta, Izaro Andres eta Palestinako Sol Band-en kontzertua; euskal selekzioko jokalariak Ofizialtasuna zioen pankarta eskuetan; bi selekzioak Bakea idatzita zuen pankartaren gibelean... Partidaren atarikoak San Mamesen bildutako jendetzaren barren eta kanpoak astindu ditu, eta giroa ez da amaitu artean apaldu.

Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea
Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea

Mobilizazio jendetsuak

Eguerditik hasita bete dituzte bateko eta besteko aldarriek Bilboko kaleak, eta jendetza bildu da deitutako bi kalejiretan. Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek deitutakoa Arriaga zubitik abiatu da, 17:30ean, Herri libreak! Euskal Herria-Palestina. Genozidioa stop! lelopean. 

Bestetik, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta futbol taldeen zale harmailek deitutakoa ordubete geroago hasi da. Gora palestinar erresistentzia zioen pankarta nagusiak; eta Israel estatu terrorista aurrealdean zabaldutako oihan handiak, zeinak marrazki bat ere bazuen: futbol jokalari palestinar bat, Netanyahuren buruari ostikoa ematen, baloi bat bailitzan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
Eguneraketa berriak daude