Duela bi aste Beasainen egin moduan, asteazkenean ere zenbait ekintzailek eserialdia egin dute Zornotzako (Bizkaia) CAF enpresan. Salatu dute enpresa Israelgo genozidio eta apartheidaren konplize dela. Ertzaintza bertaratu eta identifikatu egin ditu.
Azaroaren 29koa ez zen ekintza isolatua izan. Orduko hartan CAFeko enpresa nagusian, Beasainen (Gipuzkoan) dozena bat ekintzaile kateatu ziren enpresak apartheidarekin eta genozidioarekin duen harreman zuzena salatzeko. Oraingoan gauza bera egin dute enpresaren Bizkaiko egoitzetako batean, Zornotzan. Gogorarazi dute NBEko zerrenda beltzean dagoela CAF, Palestinako okupazioan sionismoarekin kolaboratzen duen enpresa gisa, eta gehitu dute: "CAFek ez du soilik okupazioaren gainean eraikitzen: okupazio hori martxan jarraitzen du". Segurtasuneko langileekin zenbait liskar izan eta gero, Ertzaintza gerturatu da, eta banan-banan identifikatu ditu bertaratutakoak.
Asteazkenean hogei bat ekintzaile gerturatu dira Zornotzako enpresara, eta zenbaitek eserialdia egin dute, enpresako ateetan kartelak jartzearekin batera. CAFek zerrenda beltzeko txartela Jerusalemeko tranbia ilegalagatik lortu badu ere, ekintzaileek gogorarazi dute Tel Aviveko metroan ere kolaboratzen duela, eta mezu zuzena bidali diote enpresari: "Israelgo kontratu bakoitza odolez zikindutako kontratua da". Hori horrela, boikot erabaterako deia egin dute, tresna "zilegiena eta eraginkorrena" dela argudiatuta.
Enpresa parean jarri bezain pronto, liskarrak hasi dira segurtasuneko langileekin, eta horiek Ertzaintzari deitu diote. Ertzainek bertaratutakoak identifikatu dituzte, eta ordu eta erdiren buruan sakabanatu da bertaratutako ekintzaileen taldea.