Orain bi urteko kontua da. Behin eta berriz eta askotan bezala, ohar egin zigun irakurle zuhurrak, Anberesen den familia euskaldun baten berri emanez. 36ko Gerrak Oiartzundik Belgikara eraman zituen Regina Iragorri Iriarte eta Erramun Mitxelena Berrotaran, eta Anberesen osatu zuten familia. Haien seme laugarrena da Imanol. Anberestarra, gurasoen euskara goxo zahar fosildua du mingainean.
Gerrak Belgikara eramandako gurasoen semea. Euskaldun hazi zuten gurasoek etxean Anberesen, eta flandrieraz, berriz, anai-arreba eta lagunek hiriko eskola eta kalean. Kimika ikasketak egin zituen jaioterrian, eta bertako unibertsitate politeknikoko irakasle izan da bizi guztian, ikasleei euskalduna dela adieraziz, bere izena esanez eta flandrierara “itzuliz”: Emmanuel Michiels(en). Aspaldi handian, familia hartu eta Orion ematen ditu oporrak. Horri esker, aise eutsi dio noizbaiteko euskarari, Oiartzungo hizkeraren ezaugarriekin beti. Anberesen, Hei Pasoep koruaren zuzendari izan da 40 urtean, injustizien kontra mundu guztiko kantuak kantari eta Txoriak txori, besteak beste.
Harrigarria ere bada, Anberesen euskaldunak izatea, hantxe jaioak eta euskaraz gu bezain jator mintzo direnak…
Niretzat, berriz, normala da. Gurasoak oiartzuarrak genituen, baina hantxe jaio ginen gu! Hona etorri, eta esaten didate: “Anberesen jaioa, eta euskaraz hitz egiten duzu!”. Erantzuna ere erraza da: “Gurasoak euskaldunak nituen, euskaraz hitz egiten zuten. Bai, erdaraz [gaztelania] bazekiten –eskolan ikasia–, eta frantsesez ere bai, pixka bat, baina euskaldunak ziren eta euskaraz hitz egiten zuten”. Txikitan, akordatzen naiz, guk zerbait ez entenditzea nahi zutenean, erdaraz hitz egiten zioten batak besteari. Gu, anai-arrebok, elkarri flandrieraz egiten geniola hazi ginen.
Gerrak markatutako historia duzue…
Gure aita jaio zen 1907an, Oiartzunen. Aita Karrika auzoko baserri batekoa zuen, baina gerra karlisten garaian, karlistek baserria erre zioten: kale gorrian geratu ziren. Herrian bazen palazio bat, [Pablo] Beiner zen hango nagusia. Suitzarra esaten zioten gizon hari. Gure aita palazio horren ondoko behitegian jaio zen. Noizbait, Beiner horrek gure aitona handik bota egin zuen, eta, orduan, parrokoaren bitartez, Iturriotzeko Almazene baserrian hasi zen lanean. Ez alferrik, ze gure ama zen auzo berekoa, Garmendi baserrikoa. Bata bestetik 200 metrora zeuden bi baserriak, eta hantxe ezagutu zuten elkar gure gurasoek.
Hara!
Zaude! Garmendin hamasei ume izan zituzten, baina gure aitonak bi andrerekin: lehenengoarekin, hiru; hura hil zenean, eta handik hilabetera-edo, parrokoak Ergoiengo baserriko neska bat ekarri zion gure aitonari, bera baino hamabost urte gazteagoa. Huraxe izango zen gure amona. Berak neuri esanda dakit: “Nik gizona ezagutu nuen, ezkontzeko momentuan”. Aitonak hamahiru ume izan zituen bigarren andrearekin: eta gure ama izan zen haietan zaharrena. 1912an jaioa, gure aita baino bost urte gazteagoa zen.
Parrokoa ibili zen tartean…
Bai, seguru da horrela izan zela. Osaba Nikasiok kontatu zidan. Hartu-eman handia neukan Nikasiorekin, eta gure aita hil zenean, bideoa hartu eta elkarrizketa egin nion. 95 urte-edo izango zituen garai hartan, baina burua argi zeukan. Grabatu izan ez banio, galdu egingo zen historia.
Gerra sartu zenean, zuen aitak ihes egin behar izan zuela irakurri nuen Orio eta Aiako Karkara aldizkarian [2019, abuztuak 30, 408. zk.]
EAJkoa zen eta! Halaxe ziren bere kuadrillako denak ere. Ez ziren buruak ere, baina nazionalistak! Gerra sartu zenean, jende mordoxkak ihes egin zuen Oiartzundik. Aita eta hiru anaiak elizako kanpandorrean zeuden, zelatan, tropak [erreketeak] Lesakatik barrena noiz sartuko ote ziren. Eta bazetozela ikusi zutenean, lau anaiak korrika joan ziren eskapo, oinez Hondarribira, lehengusuenera, Jaizkibeldik barrena. Han errepublikanoen kanpamentu bat bistaratu zitzaien, eta esan zieten Hondarribira zihoazela, lehengusuak bisitatzera. Eta ez zituzten troparako hartu. Bestela, akabo!
"Lehen emaztea hil zenean, eta handik hilabetera-edo, parrokoak Ergoiengo baserriko neska bat ekarri zion gure aitonari, bera baino hamabost urte gazteagoa. Huraxe izango zen gure amona. Berak neuri esanda dakit: 'Nik gizona ezagutu nuen, ezkontzeko momentuan'"
Hondarribira ere sartu ziren erreketeak...
Baina ez berehala. Denbora pasatu zen Francoren tropak Hondarribira heldu artean, eta aitak-eta hilabeteak egin zituzten han. Tropak Irundik barrena sartu zirenean –lehengusuak arrantzaleak, eta barkuak izaki–, Hendaiara eraman zituzten lau anaiak. Bi urte egon ziren Urruñan eta Azkainen, lehengusu batzuen baserriko lanetan-eta laguntzen, gerra noiz bukatuko zain, etxera noiz joango. Baina gerra gaizki bukatu zen, eta ez zuten bueltatzerik izan. Esate baterako, anaietako bat, Inazio, bueltan joan zen, eta segituan sartu zuten kartzelara, eskubide zibil guztiak kenduta. Ez zen ongi ibili. Arotza zen, eta ezin izan zuen bere kontura lanik egin. Besterentzako lan egin behar izan zuen. Aitaren aldeko aitona ere kartzelan eduki zuten; beste osaba bat ere –baserrian gelditua–, kartzelara… Gainerako senideak moja eta apaiz ziren, eta libratu ziren.
Hurrengo helmuga, Landak.
Gerra bukatu zenean, eta ezin zutela bueltatu jabetu zirenean, zer edo zer egin behar! Eta Landetan lan egin zuten. Noizbait suteak izanak ziren, arbola asko erreak, eta langileak behar zituzten pinuak botatzeko. Euskaldun asko joan ziren orduan Landetara. Urteak egin zituzten han hiru anaiek –Nikasio, Antonio eta Erramun, gure aita– txaboletan biziz.
Eta 1947 arte izan ziren han. Ama, bitartean, Oiartzunen?
Bai, Arizmendiren etxean, neskame. Palazioa da hura ere, eta hantxe dago etxea oraindik, plazatik bertara. Anjel Arizmendirena zen. Arizmendi abokatu prokuradorea zen, dekanoa, dirutua, eta oso abertzalea. Andrea ere, Juana Aiestaran, bera bezain abertzalea zen, EAJren Emakumeetakoa zen [Emakume Abertzale Batza]. Esaterako, berak sortu zuen Oiartzunen EAJren Emakume taldea. Francoren tropak Oiartzunen sartu zirenean, hartu Arizmendi jauna, Iruñera eraman eta fusilatu zuten.
Hori ere bai! Eta Arizmendiren alarguna zaintzen gelditu zen zuen ama…
Baina ordurako alarguna oso gaixorik zegoen, oso ahul. Asmak jota bizi zen eta, esaterako, maiz joaten zen Lizarrara, giro sanoago eta lehorrago baten bila. Arizmendik lau alaba zituen, zaharrena Maria Teresa, gure amaren adin bertsukoa. 26 urte-edo izango zituen Maria Teresak, eta berak hartu zuen etxearen ardura. Nobioa zuen Juan Mari Agirre, lehendakariaren anaia. EAJren aristokraziakoak ziren, nolabait esateko. Juan Mari eskapo joan zen Belgikara, eta hortik etorri zen gure gurasoak ere hara joatea.
"Anai-arrebak beren artean flandrieraz hasi ziren, eta ni ere bai, eta
gure artean halaxe hitz egiten dugu”
Agirre-Arizmendi haiek Belgikara ihesi joanagatik ere, ordea, nola joan zen zuen ama hara? Eta nola joan zen zuen aita Landetatik Belgikara?
Ihes egindako jendea Gurutze Gorriaren bitartez-eta komunikatzen zen, kartak idatziz. Gurutze Gorriak halako lanak ere egiten zituen: jendearen kartak bideratu, errefuxiatuak biltzeko modua egin… Behin, esate baterako, gure gurasoek Irungo zubian elkar ikusi zuten. Hitz egin zuten, eta handik lasterrera gure ama Sarara joan zen, Etxalarretik barrena, aitarekin egotera, zer egin erabakitzera. 1947an-edo izango zen hori. Eta erabakia hartu zuten, nonbait, eta Arizmendiko alabak Belgikara joateko pasaportea atera zuenean, gure amari ere atera zion, neskame zihoala adieraziz.
Ari gara litsak ateratzen…
Juan Mari Agirre eta Maria Teresa Arizmendi 1947an ezkondu ziren, eta urte hartako irailean gure aita Anberesen zen. Pentsatu ere ez amarekin batera bizitzen jartzea oraindik, eta gelaren bat-edo inguratu zuen han edo hemen. Paperik gabe ibili zen hainbat denbora. Orain dela urte batzuk, gure aitaren agiri zibilen bila ibili nintzen, eta jakin nuen Anberesera heldu zenean bertan ibiltzeko hiru hilabeteko baimena eman ziotela. Gero, epea bukatu zenean, berriz eskatu zuen baimena –bateko abokatu, besteko epaile…–, eta dokumentu bat daukat non polizia buru batek beste bati eskatzen dion mesedez gure aitaren kasua ondo aztertzeko, zergatik “euskaldun hauek jende ona dira”; horixe esaten du frantsesez, kristau onak zirela eta hau eta hura.
1947an ezkondu ziren zuen guraso izango zirenak Anberesen.
Ez ziren Anberesen ezkondu, Donibane Lohizunen baizik, Nikasio eta Antonio beste familiakorik gabe. Eta gurasoak ezkontzen ari ziren aldi berean, Oiartzunen ezkontza-meza esan zuen bertako apaizak. Frankista omen zen, baina meza hura behintzat egin zuen! Amaren ahizpak esan zidan behin, Oiartzungo hura benetan izan zela ezkontza-meza, baina ezkontiderik gabe egin behar izan zutela! Gero, betikoa, bazkaria eta festa egin zituzten Garmendin.
Zer bizimodu egin zuten gurasoek Anberesen?
Aitak unibertsitatean egin zuen lan, sukaldean, baina ez sukaldari, ontziak garbitzen baizik. Aita ez zen eskolatua, baina pertsona inteligentea hala ere. Landetan baso-mutil ibili zen garaian, frantsesez ikasi zuen, eta horri esker salbatu zen Anberesen. Ama Agirre-Arizmendirekin joan zen neskame, baina ezkondu eta laster utzi zion egiteko hari. Hala ere, beti segitu zion haien etxera joateari. Sukaldari abila zen, eta Maria Teresaren etxean afari handiren bat-edo zutenean, hantxe zen beti. Gainera, ia parez pare bizi ginen bi familiak, kale berean, Elena avenue-n –baina nik Mitxelena avenue esaten nuen beti—, gu 11. zenbakian eta haiek 18.ean.
Eta etorri zineten mundura sei anai-arreba. Zu 1954an jaioa, bosgarrena zaitugu.
Baina hor bada historia triste bat… Amak 35 urte zituen ezkondu zenean; aitak 40. Ezkondu eta hamar hilabetera lehen haurra jaio zen: Miren Garbiñe. 1950ean, bigarren alaba jaio zen. Ama urtarrilaren 5ean ospitalera joan zen, eta biharamunean, lehen alaba hila zela esatera joan zitzaizkion. Hesteetako gaitz bat, nonbait, garai hartan oso arraroa, eta hil zen. Amak sekula ez zuen heriotza hura gainditu. Bada, bigarren ume hari, Miren Garbiñe izena jarri zion: bigarren alabak lehenbizikoaren papera jokatu behar izan zuen. Trauma izugarria, amarena. Gau-mahaian beti eduki zuen argazki bat, lehenbiziko umearena: “Hauxe zen gure aingerua” esaten zuen. Bost gara, baina sei izan ginen. Hamabost hilabetero, haur bat egin zuen amak: Miren Garbiñe, Miren Garbiñe berriz ere, Joseba, Andoni, Imanol eta Elixabet gara, edo izan gara.
"Kulturalki, hangoa naiz, flamenkoz perfektu hitz egiten dut, unibertsitateko profesorea izan naiz, baina ez naiz flamenkoa, euskalduna naiz"
Abertzalea behar du!
Belgikako erregistroan halaxe gaude. Baina Espainiako kontsulatuan ez. Han Manuel, Antonio eta halakoak ageri dira, baina gu euskaldunak gara, txikitan euskaraz besterik ez genekien. Parbulariora hasi nintzenean, ez nekien flandrieraz, hantxe ikasi nuen. Anai-arrebak beren artean flandrieraz hasi ziren, eta ni ere bai, eta gure artean halaxe hitz egiten dugu. Hala ere, euskalduna naizela sentitu dut beti, Anberesen jaioa izanagatik ere. Aitak ere horixe esaten zigun beti, euskaldunak ginela.
Noizbait, Oiartzuna etortzen hasi zen familia...
Lehenbiziko aldiz, nik 3 urte nituela etorri ginen, 1957an. Ez dakit zer izan zen, baina kanpoan bizi zirenak kastigurik jaso gabe etxera bueltatzeko modua-edo egin zuen Francoren erregimenak. Aitak hogei urte pasatu zituen Oiartzuna ezin bueltatuta, baina akordatzen naiz ordurako guk euskaldun izateko sentimendua genuela: hizkuntza sekretu bat geneukan, gure familiak beste inork ez zekien hizkuntza, Anberesen beste inork hitz egiten ez zuena. Oiartzuna etorri ginenean, jabetu ginen hizkuntza hartan hitz egiten zuela jendeak.
Alabaina, flandrieraz hazi zinen. Hizkuntzak identitatea ardazten dutela diote.
Ni ez naiz behin ere flandriarra sentitu, gauza arrotz bat bezala sentitzen naiz Anberesen. Euskalduna naiz, baina Anberesen jaioa naiz, han bizi izan naiz beti, eta euskalduna bai, baina, askotan, mitxelena-iragorritarrak “euskaldun bereziak” garela pentsatu dut. Etortzen naizenean, ez naiz etxean bezala sentitzen: zertxobait kanpotarra. Esate baterako, badakit zer den hemengo lagun-giroa, baina ez dut bizitu. Kulturalki, hangoa naiz, flandrieraz perfektu hitz egiten dut, unibertsitateko profesorea izan naiz, baina ez naiz flandriarra, euskalduna naiz. Anai-arrebek ere euskaldunak direla sentitzen dute. Ni baino gutxiago etorri dira hona eta nik baino okerrago hitz egiten dute orain euskaraz. Baina euskaldunak dira.
Aldiro-aldiro Euskal Herrira etortzeak lagunduko zizun, beharbada.
Dudarik gabe. 1957an lehenbiziko aldiz etorri, eta bi-hiru-lau urtero etortzen hasi ginen. Tradizio bihurtu zen gure amarentzat. Ateratzen zen Anberesen trenez bost ume ttikirekin, eta Parisera, Paris Nord geltokira. Handik Paris Austerlitzera, autobusez edo taxian. Akordatzen naiz Parisen bazela emakume bat –oiartzuarra uste dut; euskalduna, behintzat, seguru, baina ez dakit haren izenik–, eta etortzen zitzaiola amari, guri tren-geltoki batetik bestera joaten laguntzeko. Akordatzen naiz zazpi ordu zain egon behar izaten genuela geltokian, eta gu hantxe, geldirik egon behar izaten genuela, amak ez zigulako kanpora irteten uzten, handik irtenez gero galduko ote ginen beldurrez. Parisetik, Irunera etortzen ginen. Osabak gure bila etorri, eta Oiartzunera. Aita ez zen gurekin batera etortzen, handik hamabost egunera baizik: oporrak hartzen zituen, eta abuztua elkarrekin pasatzen genuen Oiartzunen.
"Belgikako nazionalismoa oso diferentea da. Nazionalista flandriar gehienak eskuinak dira. Haien nazionalismoaren aurrean, antinazionalista naiz. Bestela, euskalduna naiz"
Ez diozu Euskal Herrira etortzeari utzi. 25 urte daramatzazue oporretan Oriora etortzen. Zer dela-eta Oriora?
Samurra da hori. 13 urte konplitu nituenean, anaia Andonirekin etorri nintzen. Oiartzunen pasatu genuen udara guztia, amaren anaiaren baserrian. Harrezkero, urtero etortzen hasi ginen. Eta ezkondu nintzenean, umeak izan baino lehen ere, Kristel [Imanolen andrea] eta biok Oiartzunera etorri ginen. Kristelen gurasoak ere etorri ziren –alaba zeinekin zebilen jakin nahiko zuten, nonbait, nolako mutila ote nintzen, bada–, eta karabana hartu eta hara eta hona ibili ginen, Euskal Herria ezagutzen. Orioko kanpinean ere izan ginen, eta gustatu egin zitzaigun; herriko giroa-eta, hondartza-eta. Umeekin egoteko toki espeziala da.
Oiartzunek itsasorik ez.
Baina hasieran Oiartzungo baserrira etortzen hasi ginen. Bertako zelaian uzten genuen karabana. Lau ume izan ditugu, eta batean, bazkaltzera baserrira; bestean, komunera, baserrira. Garmendi handia da, baina, hala ere, umeak entretenitu beharra dago, eta egunero-egunero baserrian, ez zen modua. Halako batean, kanpinera joatea pentsatu genuen. Eta aritu ginen Gipuzkoako kanpin guztiak ikusten, eta Orio aukeratu genuen. Herri euskalduna, Oiartzun bezalaxe. Donostia ez, han ez da euskara aditzen. Pena ematen nau horrek. Esate baterako, Anberesen-eta jendea flandrieraz ari da kalean barrena, irakaskuntza guztia ere flandrieraz da. Dena dute, edo autonomia oso handia, ia independentzia.
Flandriarrak, euskaldunak… waloniarrak ere ez dituzu urruti.
Belgikako nazionalismoa oso diferentea da. Nazionalista flandriar gehienak eskuinak dira. Haien nazionalismoaren aurrean, antinazionalista naiz. Bestela, euskalduna naiz. Ez zait interesatzen paperean zer nazionalitate jartzen duen, ni euskalduna naiz, harro nago, eta euskaraz hitz egiten dut. Hortik aurrera, mundukoa naiz, mundutarra.
Nola datoz zuen oinordeak?
Lau seme izan ditugu, eta poza ematen nau, biak sentitzen direlako, euskaldunak eta flandriarrak. Gustura etortzen dira Euskal Herrira, ez dakite euskaraz ez erdaraz, flandrieraz besterik. Hala ere, bi zaharrenak hainbestean moldatzen dira erdaraz eta, bi txikiak, aldiz, ingelesez. Baina ikusi beharko zenuke, etxean ikurrina jarrita daukate. Batek, Simonek –kantari bastante ezaguna han–, Euskal Herriko mapa dauka tatuatuta. Beste batek, lauburua… Sentimendua dute euskaldunak ere badirela.
* * *
Migrazioak
“Gu migratzaileen seme-alaba ginen; salbuespena, garai hartan. Orain, aldiz, Anberesen jaiotzen direnen artean, hirutik bik kanpoan dituzte sustraiak. Hemendik hogei urtera, populazioa zeharo aldatua izango da, baina flamenkoak izango dira, hala ere. Eta, bestalde, migratzailerik gabe problema izugarria genuke. Eskuina, ordea, behin ere ez da izan immigrazioaren aldekoa, horixe txarrena”.
Eskuin muturra
“Flamenko batzuk Hitlerrekin ibili ziren. Nazionalista ziren, flamenkoa aurrera atera nahi zuten, eta alemanekin kolaboratu zuten. Gerra bukatu eta gero, berriz, kolaboratzaile haiek errepresio gogorra jaso zuten, kartzela-eta. Uste dut gazte flamenko haiek inozente-inozente joan zirela Hitlerren atzetik. Ez dut onartzen, baina konprenitzen dut. Gaur egun, berriz, Belgikan faxismo handia dago. Eta begiratu zer gertatzen ari den oraintxe Holandan-eta! Beldurrez nago, ez ote den Euskal Herrian ere eskuin muturreko alderdi bat sortuko, euskalduna”.
Hika ez
“Ez genuen hika hitz egiten ikasi, amari itsuskeria iruditzen zitzaiolako. Hala ere, Oiartzungo baserrira etortzen ginenean, lehengusuek hika hitz egiten zuten, eta zer edo zer ikasi genuen. Baina ama haserretu egiten zen gu hika hasten baginen. Hika hitz egiteko postura hartzen nuen, baina amari ez zitzaion gustatzen, ez zigun hika egiten uzten”.
AZKEN HITZA
Hodei Egiluz
“Arreba baten semeak Hodeiren lagunak ezagutzen zituen, eta etxeko denak-eta Hodeiren bila ibili ginen. Nire andreak hitz egiten zuen prentsaren aurrean, Kristelek. Nik, berriz, kantatu egin nuen, hemengo kantuak-eta. Hodeiren kasua ahal zen gehiena zabaltzen saiatu ginen”.