Zortzietarik bik 46 egun daramatzate jan gabe, eta gaurko egunean, orotara bost dituzte ospitalizatuta. "Arduragabekeriaz" eta "nahita bideraturiko gordinkeriaz" jokatzea leporatu diote presoen abokatuek Erresuma Batuko Gobernuari.
"Erresuma Batuko herritar gazteak presondegian hiltzeko probabilitatea benetakoa eta geroz eta handiagoa da, eta hori, delituren baten erruduntzat inoiz akusatuta izan gabe", irakurri daiteke Imran Khan & Partners abokatu bulegoak Erresuma Batuko Justiziaren Estatu-idazkari David Lammy-ri bidalitako gutunean. Al Jazeera komunikabideak eskuratu du gutuna eta horrela zabaldu da Erresuma Batuko kartzeletan dabiltzan Palestinaren aldeko aktibisten egoeraren berri. Zortzi dira, epaiketarik ukan gabe preso dauzkatenak eta egoera salatzeko gose greba luze batean sartuta daudenak. Lehenbizikoek duela 46 egun sartu utzi zioten jateari eta azkenak duela hamahiru egun.
"Arduragabekeriaz" eta "nahitara bideraturiko gordinkeriaz" jokatzea leporatzen diote presoen abokatuek Erresuma Batuko Gobernuari. Hain justu, presoen abokatuek abenduaren 9an bidali zioten gutuna Justiziaren Estatu-idazkari David Lammy-ri, ohartarazteko gose grebalarien egoera "konponbiderik gabekoa" bihurtuta zegoela, baina, orduz geroztik ez dute inolako erantzunik jaso. Minduta eta haserre daude abokatuak: "Britainiar herritarren osasuna eta ongizatea jokoan den honetan, atsekabetuak gara ikusita Gobernuaren geldotasuna".
Osasun egoerak txarrera egin arren, presoek garaipenera arte gose greban segitzeko asmoa dutela jakitera eman dute beraien hurbilekoek. Eskakizun nagusien artean dituzte: bat, fidantzapean berehala aske uztea; bi, epaiketa justua izateko eskubidea; hiru, Palestine Action taldearen kontrako errepresioaren bukaera; eta lau, Elbit izeneko armamentu enpresa israeldarraren lantoki guztien itxiera. "Gure aldarrikapenak sinpleak dira, eta argi utzi nahi dut gure greba kolektiboa ezin dela mugatu bizitzeko borondateari, makina inperialistari gerra egiteko gabiltza gosea erabiltzen. Eskubideen errespetua lortzeko, bukaera arte joateko prest gaude. Jasango ditugun kalte guztiak gobernuari egoztekoak izango dira", irakurri daiteke azaroaren 7az geroztik gose greban dagoen Teuta Hoxha-k.
Erresuma Batuko Parlamentuak Palestine Action taldea debekatzeko eskatu zuen –385 aldeko boto izan zituen eskaerak eta 26 kontrakoak– eta Kier Starmerren gobernuak hala egin zuen uztailean, Terrorismoaren Legea oinarri hartuta.
"Gose greban dauden Palestine Action-eko militanteak ospitaleratu dituztela jakiteak hotzikarak sortzen dizkigu", adierazi du Erresuma Batuko Amnesty Internationalek. Leporatzen zaien "lotura terrorista" bertan behera uzteko eskaera berretsi du Gobernuz Kanpoko Erakundeak, prebentziozko atxiloaldi luzeegi horien bukaera ere galdetuz. Gehienak "Filton 24" kasuaren parte dira, 2024ko abuztuan Filtoneko (Bristol) Elbit Systems fabrika baten aurka egindako ekintza batean parte hartzea leporatuta. Beste hiruei, aldiz, 2025eko ekainean Brize Nortoneko aire basean egindako manifestazio batean parte hartzea leporatzen diete, ustez militarren hornidura hegazkinak pintura gorriz estali zituztelako.
Esanguratsua da nazioartean, baita Erresuma Batuan ere dagoen black-out edo isiltasun mediatikoa: gose greba hori ez da aipatzen. Prisoners for Palestineko bozeramaile Francesca Nadinek gogorki salatzen du “ia erabatekoa den blask-out mediatikoa". Zarah Sultana diputatuak ere deitoratu egin du isiltasun hori: "Uste dut erredakzioburu batzuek uko egiten diotela gertaera horren jarraipenari, eta era guztietako arrazoiak aipatzen dituztela beren erabakia justifikatzeko; baina kontua da ez dutela gose grebaz hitz egin nahi, genozidio bati baitagokio".