Ekintzaile bat atxilotu dute Bilbon, CAFen aurka egindako protestan

  • Beasainen (Gipuzkoa) eta Zornotzan (Bizkaia) egin bezala, Bilbon ere protesta egin dute CAFek sionismoarekin negozioak egitearen aurka. Bilboko tranbiaren aurrean eserialdi baketsua egin dute; Ertzaintzak kargatu egin du, eta ekintzaile bat atxilotu du.


2025eko abenduaren 13an - 15:15
Hibai Agorria/ARGIA CC-BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

CAFek Israelgo genozidioan eta apartheidean duen papera salatzeko kanpainak ez du etenik: aste honetako bigarren ekintza egin dute larunbat goizean, Bilbon. Euskal Herriko Global Movement to Gaza plataformak deituta, Plaza Biribilean batu dira eta protesta egin dute, berriro ere, salatzeko azpiegituren enpresa sionisten konplize zuzena dela. Bilboko tranbiaren aurkako ekintza egin dute, enpresa Jerusalemen egiten ari den tranbia ilegalari keinu eginez. Eta bertara agertu da Polizia: zenbait ekintzaile identifikatu, euren aurka kargatu eta ekintzaile bat atxilotu du. Atxilotuaren kideekin hitz egin du ARGIAk, eta bera “lehenbailehen” askatzeko aldarria egiteaz gain, salatu dute elkartasuna kriminalizatzen ari direla, eta alderantziz beharko lukeela, CAF eta bere laguntzaileak kriminalizatu beharko lituzketela: “Beraiek gabe ez litzateke posible genozidioa aurrera eramatea”.

Jada ohiko bihurtu den Boikot Israel, Palestina askatu! lelodun pankartarekin batu dira Bilboko Plaza Biribilean larunbat eguerdian. Hamarnaka ekintzailek egin dute bat plataformaren deialdiarekin, eta, ekintza baketsu batean, bidea itxi diote Bilboko tranbiari, errailen gainean etzanda. Ertzaintza bertaratu eta bertaratutakoak identifikatzeari ekin dio. Mugimenduko kideek, identifikazioa eskatzerakoan, “Palestina askatu” erantzun dute, eta orduan hasi dira liskarrak: aldarri hori plazaratu duen kideetako bat izan da atxilotua.

Hirugarren ekintza du Israelen aurkako boikotera deitzeko eta euskal enpresei daukaten erantzukizuna aurpegiratzeko sortu den kanpainak. Orain artekoak, Beasainen eta Zornotzan, baketsuak izan dira: lehenengoan Ertzaintza gerturatu bezain pronto joan zen eta suhiltzaileek askatu zituzten bertan kateatutakoak; bigarrenean, ekintzaileak identifikatu zituen Ertzaintzak, baina ez zen atxiloturik izan. Hirugarrena izan da, beraz, bortitzena.

Taldeak aldarri argia plazaratu du hiru protestetan: CAFek “berehala” eten ditzala Israelekin eta okupazioan konplize diren enpresekin dituen kontratu guztiak. Boikoterako dei argia luzatu dute, arlo guztietan: “politikoa, ekonomikoa, akademikoa, kulturala eta kirolekoa”. Oraingoan ere gogorarazi dute Beasaingo enpresa NBEk kaleratutako zerrenda beltzean dagoela, Jerusalemeko tranbia ilegalaren proiektuagatik. Gogorarazi dute, hain zuzen ere, tranbia hura "anexio eta apartheid" tresna dela, kolonia ilegalak lotzen dituelako, auzo palestinarrak isolatu eta Ekialdeko Jerusalem zatitzen duelako eta kolonoen mugikortasuna erraztu bitartean palestinarren bizitzak okertzen dituelako.

Protestako zenbait irudi, Hibai Agorriaren eskutik:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
Eguneraketa berriak daude