argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria - Palestina
“Gure inoizko babesik handiena euskal herritarrak dira, bizitza osoan oroituko dut egun hau”
  • 51.000 zaletu baino gehiago bildu ditu euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida historikoak, larunbat iluntzean Bilboko San Mamesen. Palestinar herriaren aurkako genozidioa salatu eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute bai estadioan eta bai partidaren atarian egindako mobilizazio jendetsuetan. Futbolean, euskal selekzioak irabazi du (3-0), baina hori gutxienekoa izan da, bi taldeak berdin animatu dituzten zaleentzat.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko azaroaren 17a
San Mamesen partida hasieran, ikurrina eta Palestinako bandera erraldoiak Ekaitz Zilarmendi

"Ahaztezina –adierazi du Jagoba Arrasate Euskal Selekzioko hautatzaileak, partidaren osteko prentsaurrekoan– Jokalariek zerbait berezia bizi izan dute. Harro nago Euskal Herriak erakutsi duen bihotzaz, sufritzen ari den herri batekiko elkartasunaz. Hori guztia eramango dut nirekin: mosaikoa, isiltasuna, harmailak: irudi indartsuak den-denak. Lehen aldiz etorri dira hona eta betirako gogoratuko dute, eta hori da gure garaipen handia. Horrek asebetetzen gaitu. Futbolak nora eraman zaitzakeen erakusten du horrek. Ez naiz emaitzez ari, ez jokoaz, ez ezertaz. Futbola ez da bizitzako gauzarik garrantzitsuena, baina inoiz imajinatuko ez zenukeen tokietara eraman zaitzake".

Palestinako hautatzaile Abu Jazar ere erabat hunkituta mintzatu zen partidaren ostean, The Guardian egunkariak jaso duenez. "Banekien elkartasuna eta babesa aurkituko nituela hemen, baina horrelakorik ez: shock egoeran nago, ez daukat hitzik. Ez da soilik estadioan bizitakoa, baizik eta aireportura iritsi ginen unetik, kalean, leku guztietan gertatu dena. Hemen ematen duzun pauso bakoitza, sentitzen duzu. Euskal herritarrak dira inoiz izan dugun babesik handiena. Nire bizitzako egunik garrantzitsuena izan da gaurkoa. Ez ditut inoiz ahaztuko Euskal Herriko eta Palestinako selekzioak, historia egin dutelako. Bizitza guztian oroituko dut egun hau".

"Gutxitan izango zuen emaitzak hain garrantzia txikia", genioen pasa den astean ARGIAn plazaratutako erreportajean. Eta hala izan da. Elkartasun keinuek goia jo duten partidan, genozidioaren kontrako eta bakearen aldeko mezuak gailendu dira, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldekoekin batera. Harmailan, milaka ikurrina eta palestinar bandera. Eta etengabeko oihu eta txalo zaparradak. "Palestina askatu!" eta beste hainbat aldarri makina bat bider oihukatu dira estadioan.

Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea
Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea

Zelai erdian Gernika koadroaren parte bat; pantailetan palestinarrek bizi duten egoera islatzen duten irudiak; Eñaut Elorrieta, Izaro Andres eta Palestinako Sol Band-en kontzertua; euskal selekzioko jokalariak Ofizialtasuna zioen pankarta eskuetan; bi selekzioak Bakea idatzita zuen pankartaren gibelean... Partidaren atarikoak San Mamesen bildutako jendetzaren barren eta kanpoak astindu ditu, eta giroa ez da amaitu artean apaldu.

Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea
Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea

Mobilizazio jendetsuak

Eguerditik hasita bete dituzte bateko eta besteko aldarriek Bilboko kaleak, eta jendetza bildu da deitutako bi kalejiretan. Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek deitutakoa Arriaga zubitik abiatu da, 17:30ean, Herri libreak! Euskal Herria-Palestina. Genozidioa stop! lelopean. 

Bestetik, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta futbol taldeen zale harmailek deitutakoa ordubete geroago hasi da. Gora palestinar erresistentzia zioen pankarta nagusiak; eta Israel estatu terrorista aurrealdean zabaldutako oihan handiak, zeinak marrazki bat ere bazuen: futbol jokalari palestinar bat, Netanyahuren buruari ostikoa ematen, baloi bat bailitzan.