Itzalak zutik dabiltza herri goibel honetan. Autoa gidatzen dudan bitartean izaten ditut artikuluak idazteko ideiarik biribilenak. Oro har, esango nuke C-Max-a dela nire pentsamenduen tenplua. Burua eta Izaki Gardenak-en diskoa biraka ditudala, Musikariak Palestinarekin ekimenaren inguruko zenbait gogoetarekin egiten ari naiz etxerako bidea. Azalean zehar galderak eta erantzunak, denak begietan.
Iragan azaroan, 160tik gora musika taldek Spotify plataforma uztea erabaki zuten, enpresaren ugazabak Helsing Defense armagintza enpresarekin 700 milioi euroko inbertsioa egin zuela jakin ostean. Spotifyri eginiko boikotak merezitako zeresana izan duen arren, susmoa dut ez dela horrenbeste hitz egin musika-industriak plataforma horiekiko duen mendekotasunaz.
Spotifyren morrontzatik askatzeko aukerarik hoberena kulturgileengana gerturatzea eta bertatik bertara erostea da; horixe eskertuko digute gehien
Musikariek palestinar herriarekin erakutsiriko elkartasunaz harago, entzuleek duten erantzukizunean jarri nahi nuke azpimarra; izan ere, oker geundeke arazoa beste plataforma batera jauzi eginda konponduko dela pentsatuko bagenu. Hau guztia ez genuke errei aldaketa hutsal baten gisan ikusi behar. Jakitun izan behar dugu produktua urririk baldin bada, gu garela haien produktu. Hortaz, nork behar du nor? Musikazaleak kontsumitzaile pasibo izatetik entzule kritiko bilakatzeko aukera du, irtenbidearen eragile aktiboa da.
Era berean, gogoan izan dezagun hemen egiten denak oihartzuna duela han, askotan kontrakoa sinetsarazi diguten arren. Musikak, antzerkiak edota literaturak gertatutakoa gure ahotsez kontatzeko boterea ematen digu. Guk egin ezean, gureak egin du.
Durangoko Azokan bezala, Spotifyren morrontzatik askatzeko aukerarik hoberena kulturgileengana gerturatzea eta bertatik bertara erostea da; horixe eskertuko digute gehien.
Euria goian behean ari du; Jon Basagurenen ahotsa entzuten ari naiz teklatu noten gainetik: Ez zaitez mugitu, ez dituzu kateak inoiz sentituko. Askok eta askok nahiko lukete besoak gurutzaturik geratzea, lotuta bizi garela sinestea. Baina, agian, beti izan gara aske, eta ez gara orain arte jabetu.
Aritz Peñagarikano
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.