CAFen aurkako ekintzan trenen irteera oztopatu dute Donostiako Amarako geltokian

  • Beasain, Zornotza eta Bilboko protesten ostean, CAFek Palestinaren aurkako genozidioan kolaboratzen duela salatzeko mobilizatu dira Amarako Euskotrenen geltokian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du larunbatean Bilboko protestan atxilotutako laguna aske utzi dutela.

Orain.eus atariko bideo batetik aterata

2025eko abenduaren 15ean - 10:10
Azken eguneraketa: 15:33
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azkenaldian CAFen aurkako salaketak ugariak izaten ari dira. Beasain, Zornotza eta Bilboko protesten ostean, igandean Donostian mobilizatu dira herritarrak. Dozenaka pertsona bildu dira goizaldean Amarako tren geltokian, CAFek Jerusalemgo tren arinaren proiektuan parte hartzen duela salatzeko. Enpresa gipuzkoarrari, Palestinaren aurkako genozidioan kolaboratzen duela leporatzeaz gain, Israelekin harreman oro eteteko exijitu diote. Joseba Alvarez protestarien ordezkariak komunikabideei adierazi die Nazio Batuen Erakundearen iritziz ere ezinezkoa dela horrelako proiektu bat aurrera eramatea “sionismoarekin kolaboratu gabe”.

Protesta geltoki kanpoaldean hasi dute 10:30ak aldera, CAF jaitsi zaitez genozidioaren trenetik irakur zitekeen pankartaz lagunduta. Ondoren, geltokian sartu dira bidaiarien joan-etorria oztopatu gabe, eta pankarta bat jarri dute nasa batetik bestera. Ondorioz, tren baten irteera minutu batzuetan atzeratzea lortu dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EFE komunikazio agentziari jakinarazi dio eginbideak ireki dizkiotela kontzentrazioa deitu duen pertsonari, desordena publikoa egotzita.

Bilboko atxilotua aske

Larunbatean Bilbon tranbiaren aurkako ekintza egin zuten, enpresa Jerusalemen egiten ari den tranbia ilegalari keinu eginez. Poliziak zenbait ekintzaile identifikatu, euren aurka kargatu eta horietako bat atxilotu zuen. Segurtasun Sailak jakinarazi du igandean aske utzi dutela atxilotutako laguna, eta, era berean, atxiloketa eragozten saiatu ziren manifestariak identifikatu nahian ari dela ertzaintza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
Eguneraketa berriak daude