“Izugarrikeriaren aurrean ezin da neutrala izan”

  • Azaroaren 15ean gizonezkoen euskal futbol selekzioak Palestinaren aurka jokatuko du Bilbon. Karga sinboliko handiko hitzordua izango da. Nazioarteko hainbat erakundek genozidioaren aurrean isiltasunari eusten dioten bitartean, elkartasunak ozen egingo du oihu San Mamesen, Palestinako Estatua aldarrikatu zela 37 urte beteko diren egunean.

    Erresistentziaren ikur, hamaika trabari egin behar izan dio aurre Palestinako selekzioak. Futbola ere checkpoint artean erdibiturik dago, estadioak israeldar bonbek suntsituta... Jokalari ia denak atzerriko klubetan ari dira, ez dute beste biderik, futbolean egin nahi badute. Eta urteak dira selekzioak etxean jokatzen ez duela.

    Duela ia 90 urte, Euzkadi ere bonben artean aritu zen  ostikoketan. Eta gaur palestinar herriarekin bezala, euskal herritarrekiko elkartasunaren isla bilakatu zen kirol hura. Bi selekzioak aurrez aurre izango dira orain, aurkari baina lagun. Gutxitan izango zuen emaitzak hain garrantzia txikia.


2025eko azaroaren 05ean
Palestinako selekzioko futbolariak, 2024an Hong Kong-en aurka jokatutako partida amaituta, garaipenaren keinua egiten.
Giuseppe CACACE / AFP
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pasa den ekainaren 10ean, Palestinako eta Omango futbol selekzioek bana berdindu zuten Jordaniako  hiriburuan jokatu zen partidan, 2026ko Munduko Koparako sailkapen fasean. “Etxean” jokatzen zuten palestinarrek, eta Abdullah II. Erregea estadioan bildu ziren 8.500 lagunek biziki ospatu zuten Oday Kharoub erdilariak sartutako bat eta hutsekoa. Partidaren hondarrean, baina, Omanek berdinketaren gola sartu zuen penaltiz... eta Palestina sailkapen fasetik kanporatua izan zen.

Jordanian, Malaysian, Qatarren… Gerrak palestinar selekzioa ere erbesteratu du, eta beharturik dago inguruko herrialdeetan ostatu hartzera. Bere gordinean, balio sinboliko handia du komunitate kolpatu baten ordezkari gisa futbolean jokatzen jarraitzeak, genozidioaren kontrako erresistentziaren ikur. Palestina bizirik dagoela eta bizirik jarraituko duela esateko modu bat da, Leioan sortua den Palestinako selekzioko jokalari Yaser Hamed-ek dioen bezala. Athletic-en harrobian hasi zen futbolean Hamed, 2007an, eta ordutik etengabeko joan-etorrian murgildu da. Erromon jokatu zuen, Getxoko Arenasen, Gallartan, Santurtzin, Leioan eta Portugaleten; eta handik joan zen Bahraingo Busaiteen taldera, Egiptora gero, Qatarrera, Kuwaitera, Indiara, berriro Egiptora eta azkenik Qatarrera. Han jokatzen du 2025eko otsailaz geroztik, Al-Gharafa klubean.

Palestinako selekzioko futbolarien zerrendari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu hura osatzen duten ia denak Palestinaz kanpoko klubetan ari direla, Qatarren, Egipton, Tailandian, Polonian edota Eskozian. Zatituta bizitzera beharturik, elkar helduta entrenatu eta lehiatzea zaila da eurentzat –geroz eta hobeto ari diren arren–, ez dira sekula Munduko Txapelketarako sailkatu, eta Asiako Kopan lortutako emaitzarik onena 2023koa izan zen, final zortzirenetara iritsita.

Ezin liga bakarra antolatu

Selekzioko bi jokalari soilik ari dira jokatzen Palestinako talderen batean, Zisjordaniako Premier League edo West Bank Premier League deitutako ligan biak. Egiaz, jokatzen ari direla esatea ez da zuzena, 2023an bertan behera geratu zirelako txapelketa hura bezala Gazako Lerroko Liga ere –ezinezkoa baitzaie konpetizio bakarra antolatzea–, Israelek jaurtitako bonbek futbol estadioak txikitu dituztelako. “Hamasek koheteak botatzen zituen handik”, zuritu du bere burua armada sionistak. Palestinako Futbol Federazioak emandako datuen arabera, kirol instalazio ia guztiak kaltetu edo erabat suntsitu ditu Israelek, erakundeak Al-Ram hirian duen egoitzari ere egin dio eraso. Eta hil ditu 400 futbolari baino gehiago, haietako asko umeak.

“Kirola ez dela politikarekin nahasi behar diote, narratiba hori elikatzen dute arabiar jokalarien artean, baina politika eta kirola bereiztea ezinezkoa da”. Ataa Jaber, Palestinako selekzioko jokalaria

Abuztuaren 8an, mezua plazaratu zuen UEFA Europako futbol organo gorenak sare sozialetan: “Agur, Suleiman al-Obeid, ‘Pelé palestinarra’. Ume askorengan itxaropena piztu zuen, baita momenturik beltzenetan ere”. Biharamunean, Liverpoolen ari den Mohamed Salah egipziarrak mezuari erantzun zion, galdera bat airean: “Esan ahal diguzue nola hil den, non eta zergatik?”. Isiltasuna. Suleiman al-Obeid, Palestinako selekzioko jokalari ohia, laguntza humanitarioa jaso zain zegoen Gazan, ilaran kieto, soldadu israeldarrek akabatu zutenean.

Selekzioa osatzen duen jokalari bakoitzaren historia, Palestinak bizi duen egoera gogor eta konplexuaren isla da, futbolak gidatutako geopolitika lezioa.

Barkamenik ez

Selekzioko kide bakarrak jokatzen du Israelen, Ahmed Taha atzelariak. Israelgo Kafr Qasim arabiar hirian jaio zen, Tel Aviv-etik 20 kilometro ekialdera, eta izen bereko taldean ari da, 2. mailan. Israelen jaioa, Palestinaren ordezkari, askok ez dio barkatzen. Maccabi Jaffa taldeko jokalariek, adibidez, partida baten hasieran ez zioten bostekoa eman, eta Israelgo Kirol eta Kultura ministro Miki Zohar gogor mintzatu da bere aurka: “Israelgo Estatuko liga nazional batean jokatzen duen futbolariak, ezin du haren existitzeko eskubidea aitortzen ez duen entitate bat ordezkatu”. Patua, zein krudela izan daitekeen batzuetan: Ahmed Tahak egin zuen Omanen kontrako penaltia, partida amaitzeko segundo gutxi batzuk falta zirenean. Jokalaria, lur-jota, negar-malkotan ikusi genuen area ertzean belauniko.

Hainbat lagun futbolean, Zisjordaniako Jenin hiriko estadioan, 2023an. Palestinako Futbol Federazioak salatu du Israelgo Armadak erabat suntsitu dituela dozenaka kirol instalazio. / GETTY

Beste futbolari bat, Ataa Jaber, Majd al-Krum hirian jaioa, Israelgo Iparraldeko barrutian, non gehienak diren palestinar jatorriko musulmanak, Maccabi Haifa taldean hasi zen futbolean, eta 2015ean Israelgo 21 urtez azpikoen selekzioak deitu zuen. Kapitain bezala ere aritu zen hainbatetan, baina duela bi urte Palestinako selekzioarekin jokatzea erabaki zuen. Askok ez dio barkatzen. 2023ko urriaren 7ko erasoen ondotik, Israelgo Barne ministro Moshe Arbelek eskatu zuen futbolariari israeldar herritartasuna kentzeko, “erabaki duelako Hamas erakunde nazi-terroristarekin identifikatzea”. Jaber ez da damu, ordea: “Kirola ez dela politikarekin nahasi behar diote, narratiba hori elikatzen dute arabiar jokalarien artean, baina politika eta kirola bereiztea ezinezkoa da”. Qatarreko klub batean ari da gaur egun.

Isiltasunaren aurrean, oihu

Oso zaila da Palestinako selekzioaren historia orrialde bakar batean laburbiltzea, hain baita korapilatsua. Duela ia 100 urte, 1928an, Palestinako Britainiar Mandatuko agintariek futbol selekzio bat sortu zuten, zeinak biltzen zituen jokalari arabiar, judu eta britainiarrak. Urtebete geroago FIFAk ofizialki onartua, 1934rako hiru zutoinetako bat galdua zuen selekzioak: Munduko Koparako sailkapen faseko partidetan, soilik aritu ziren jokalari judu eta britainiarrak. Eta, taldearen izaeraz zalantzarik bazegoen, partiden atarian bi komunitate horien ereserkiak besterik ez zituzten haizatzen futbol zelaietako bozgorailuek.

Talde hark Palestinako Futbol Federazioaren gerizpean jokatzen zuen –1928an bertan sortu zuen komunitate juduak–, 1948an, Israelgo Estatua sortu ostean, erakunde horri Israelgo Futbol Federazioa izena jarri zioten arte. Hala, Britainiar Mandatuko selekzioa, bilakatu zen gaur egun ezagutzen dugun Israelgo selekzioa.

Jardunean den Palestinako Federazioa, bestalde, 1952an sortu zen, FIFAk 1998ra arte onartu ez zuena. Lehenbiziko partida ofizialak Libano, Siria edota Jordaniaren aurka jokatu zituen, etxetik kanpo beti. 2008ko urriaren 26an aritu zen aurrenekoz Zisjordanian, Jerusalemgo aldirietan kokaturik dagoen Faysal Al-Husseini estadioan, Jordaniaren aurka. Han ziren, besteren artean, Mahmud Abbas Palestinako presidentea, Abdala II. Jordaniako erregea eta Joseph Blatter FIFAko burua. Urak bare direnean palestinarren aldeko keinuak egin ohi dituen erakundeak, benetan posizionatzea dagokionean, Israel txapelketetatik kanporatzeko eskatu izan zaionean, adibidez, baloiak kanpora botatzen ditu, ez dagokiolako berari arazo geopolitikoak konpontzea, gaur egun FIFAko presidentea den Gianni Infantinok serio demonio dioenez. Hainbat kazetarik galdetu izan diote, Ukrainaren inbasioa hasi eta ordu gutxira errusiar kirola zigortzea erabaki bazuten, zergatik Israel ez. Alferrik, futbolari trebeena baino trebeagoa da driblinak egiten.

Selekzioa osatzen duen jokalari bakoitzaren historia, Palestinak bizi duen egoera gogor eta korapilatsuaren isla da, futbolak gidatutako geopolitika lezioa.

Jibril Rajoub da Palestinako Futbol Federazioko presidentea. Zera zioen, euskal selekzioaren aurkako partida aurkezteko urriaren 4an Gernikan emandako prentsaurrekoan: “Oroimenaren gune sakratu honetan hartzen du futbolak bere esanahirik handiena. Hau ez da trebetasun erakustaldi hutsa, futbolaren botere moralaren erakusgarria baizik. Adierazi diguzue Palestina ez dagoela bakarrik, erakutsi diguzue giza duintasunak oraindik badituela defendatzaileak, eta horrek esperantza pizten digu. Partida honi esker futbolaren munduko erakunde nagusietako korridore isilek oroitu dezatela izugarrikeriaren aurrean ezin dela neutrala izan”.

Europako selekzio baten aurka estreinakoz

Bigarren Intifadaz geroztik, 2000. urtetik aurrera, Palestinako selekzioak oztopo ugari topatu zuen bidean, eta ezin izan zituen 2006 eta 2010eko Munduko Kopetarako sailkapen faseak etxean jokatu. Taldea erdiz erdi moztuta zegoen, gainera, Israelek ez zien Gazako jokalariei handik irteten uzten, eta taxuzko hamaikakoa osatzea bera ere nekeza zen oso. 2009an, adibidez, Singapurren aurka berdinketa adostu behar izan zuen Palestinak, nahikoa jokalari ezin bilduta. 2010etik aurrera gauzek hobera egin zuten, selekzioak aurrenekoz jokatu ahal izan zuen Ramallah hirian, eta Zisjordanian liga profesional bat eratu zen, West Bank Premier League deitua.

Badira bost urte, ordea, selekzioak bere lurretan jokatzen ez duela.

Bilbokoa izango da Palestina Europako selekzio baten aurka neurtuko den lehen partida. “Historikoa” izango da, hortaz. Udan, zorigaiztoko penalti haren ostean, Malaysian eta Argelian lagun-arteko hiru partida jokatu zituen; eta Kataluniaren aurka ere jokatuko du, hilaren 18an Bartzelonan. Azaroaren 25ean helduko dio berriro ofizialki lehiari: Arabiar Koparako sailkapen fasean, Libiako selekzioa hartuko du Qatarren. Partida horretan ere “etxeko” talde bezala jokatuko du Palestinak, etxetik 2.000 kilometrora, erbesteratua, duela ia 90 urte euskal selekzioari gertatu zitzaion antzera. 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
Eguneraketa berriak daude