Bestelako bizitza baterako baserri kolektiboa

  • "Urritza: komunitatea, baserri kolektiboa" zioen karteltxoarekin egin nuen topo sare sozialetan, eta kartelaren atzean zegoen proiektuaz gehiago jakiteko gogoz bila jarri nintzen. Egitasmoa bultzatzeko lanean Jon Intxausti donostiarra eta Marcos Menendez barakaldoarra daudela jakin nuen. “Bi edo hiru urte generamatzan lagunak eta biok hiritik ateratzeko gogoz, landa eremura mugitzeko zerbaiten bila”, azaldu du hasierako ideia Intxaustik. Hiritik baserrira lekualdatzea baino gehiago, bizitzeko modu oso baten aldaketa da planteatzen dutena, dena dela.


2022ko abenduaren 1ean - 10:24
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bizitza proiektua martxan jarri ahal izateko, baina, toki egoki bat topatzea zen lehen pausoa. “Guretzat oinarrizko irizpide batzuk izan behar zituen lekuak, hala nola, 600 metro inguruko altueran egotea, lursailean ur naturala izatea eta landatzeko moduko eremu zabala edukitzea”, dio Intxaustik. Hainbat lekutan bila aritu ondoren, azkenean, Bidania-Goiatzeko Urritza baserriarekin egin zuten topo; haien proiektua garatzeko baldintza guztiak betetzen zituen: espazio asko duen baserri handia da, 15 hektareako lursaila du iturri naturalekin… “Pentsatu genuen, ‘hau duk gure lekua!’”.

Momentuz bi familia besterik ez badira ere, azken hilabeteotan proiektua zabaltzeko hainbat bilera ireki egin dituzte, eta bultzatzaileek beste sei familia Urritzara batzea nahi dute. “Hasierako proba fasean gaude orain, baina guztira 20 bat lagun hemen elkartzea da gure helburua”, azaldu du. Baserria ez dute oraindik erosi, urrira arte proba moduan ari baitira jabeekin adostutako prezioa ordainduz, baina datorren urtean komunitatera behar den jendea bildu eta erostea dute asmo. “Egin ditugun bileretara jende dezente hurbildu da eta interesa badago, beraz, hazia botata dago. Ea udaberrirako uzta jasotzen dugun”.

Auto-hornitutako komunitatea, dirurik gabea

Kaleko jendea naturarekin bat eginda bizitzera bultzatu nahi dute proiektu kolektiboaren bultzatzaileek. Haien oinarrietan hainbat puntu bildu dituzte: hezkuntza, elikadura, osasuna, baserriaren berreskuratzea, teknologia berriak bultzatzea eta dirurik gabe bizitzea, adibidez. Egungo jendartean esparru horietan guztietan ematen diren dinamikekin kritiko dira, eta esparru horiei begira proiektu eraldatzailea izan nahi dute. “Dirurik gabe bizi nahi dugu, gure jakiak sortuz, energia libreen bidez funtzionatuz”, dio. Erronka ez da makala, baina nabarmentzen duenez, ez dute presarik, eta pixkanaka pausoak ematea da asmoa.

Ekoizpenari dagokionez, lursailean autokontsumorako nahikoa elikagai ekoiztea da haien asmoa, eta soberakinak beste komunitate batzuekin partekatzea: “Ez truke zuzenaren bidez, baizik eta sobran duguna emanez eta falta duguna beste komunitate bati hartuz”. Nekazaritza biodinamikoa praktikatzen dute, eta aurtengo lehen uztarekin pozik gelditu dira. “Babarruna, kalabaza, patata, artoa eta bestelako barazkiak egin ditugu”.


Baratzetik mundura kanalean gehiago
2026ko irailaren 14
Bionekazaritza
Iraila, agroekologiaz bustia!

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...