Auschwitz: Holokaustoa beste begirada batez ikusteko proposamena Donostian

  • Seeing Auschwitz erakusketa paratu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Naziek eurek heriotzaren esparru hartan ateratako argazkiak beste begirada batez ikusi eta horien analisi kritikoaren bidez gertaturikoa hobekiago ulertzeko. Uztailaren 3ra arte egongo da zabalik.


2021eko urtarrilaren 28an - 16:20

Asteazkenean, Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Egunarekin batera, Auschwitzeko giza sarraskia agerian jartzen duen argazki erakusketa zabaldu dute Donostian, Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa areto nagusian. Aurretik Unescoren Parisko egoitzan eta New Yorken egon da ikusgai, eta oraingoan eduki gehiagorekin ekarri dute Donostiara, Musealia enpresaren eskutik.

Gure iruditerian markatuta geratu zaizkigun argazkiak dira honakoak, baina erakusketak pauso bat harago joan nahi du Izan ere, ezagutzen ditugun argazki gehienak nazien SS agenteek ateratakoak dira, eta beren neutraltasuna zalantzan jarri beharko litzateke: “Benetan Auschwitzeko laztura neurrigabea erakusten al dute ‘iraganari begirako leiho’ horiek? Eta, are garrantzitsuagoa dena, egiaz esan al dezakegu haien bitartez Auschwitz ‘ikusi’ dugula?” galdetu dute erakusketaren antolatzaileek.

Argazkiek presoen erretratuak erakusten dituzte, baita ofizialen eguneroko bizitza edo sarraski sistematikoen prozesu osoak ere. Milaka dira, naziek hasiera batean ez baitzuten egindakoa ezkutatzeko inongo asmorik, garaipena eskuan zutela seguru zirelako. Baina 1945ean sobietarrak gerturatu ahala, esparrua suntsitu eta krimenen frogak desegiteko saiakera egin zuten. Nolanahi ere, argazki horiek geratu zaizkigu egindakoaren lekuko deseroso gisa. Ehun irudi hautatu dituzte Donostiako erakusketarako.

Hautaketa uztailaren 3ra arte egongo da zabalik eta bisita gidatuak ere egingo dituzte aldez aurretik erreserbatuz gero.

Deportatuak gogoan

Hainbat kalkuluren arabera milioi bat lagun baino gehiago hil zituzten Auschwitzen, horietako gehienak juduak, eta Bigarren Mundu Gerrako heriotzaren esparru handiena Holokaustoaren sinboloa da. Baina badira beste esparru batzuk euskal herritarrekin lotura estua dutenak. Batez ere deportatuak eraman zituztelako –astekari honek egindako kontaketa baten arabera 600 baino gehiago izan zitezkeen euskal deportatuak–, Auschwitzera ez ezik, baita Buchenwald, Dachau, Ravensbrück edo Mauthaussenera ere.

Azken honetan, Mauthaussenen, 1936ko Gerratik ihesi joandako preso errepublikarrak izan zituzten gatibu eta testigantza garratzak ezagutu ditugu berriki, Marcelino Bilbao milizianoarena kasu. 1940tik 1945era Mauthaussen eta Ebensee esparruetan egona, makina bat bider izan zen hilzorian nazien esku, Bilbao en Mauthaussen liburuan Etxahun Galparsoro historialariak kontatu bezala. Hain justu, Bilbaoren omenezko oroitarria jarri berri du Alonsotegiko Udalak bere herrian.

Marcelino Bilbaoren omenezko monolitoa Alonsotegin (arg.: Etxahun Galparsoro)

Deportatuen gaiaren inguruan, baita ere, larunbata arte zabalik dago Irungo Oiasso museoan Bidasoko Deportatuak erakusketa ibiltaria, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak antolatua –eskualde horretan bakarrik 90 lagun baino gehiago deportatu zituzten– eta ostiralean Galparsorok hitz egingo du III. Reichera deportaturiko euskal herritarren kasuari buruz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude