“Amari eta lurrari eman egin behar zaie lehenengo, gero eurek eman dezaten”

  • Herriko arkupea jendez bete-bete eginda aurkeztu zen urriaren 10ean Muxikan Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana liburua. Feli Madariagarenak dira liburuak kontatzen dituen bizitzako pasarteak eta Onintza Enbeita da Feliren hitz esanak paperera eraman dituena. Biak izan ziren aurkezpenean protagonista.

Argazkiaren erdian, Onintza Enbeita eta Feli Madariaga, aurkezpeneko bi protagonistak. Madariagaren alboan Roke Ojanguren, Muxikako zinegotzia eta Enbeitaren alboan ARGIAko kide Estitxu Eizagirre. Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA

2025eko urriaren 14an - 06:05
Azken eguneraketa: 16:15
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aurkezpen nagusiak Muxikan izan beharra zuen. Izan ere, bertakoak dira Madariaga eta Enbeita. Gainera, Muxikako Udalak eta ARGIAk urteetako elkarlan harremana dute eta Muxikako Udala liburu honen babesle da, Ajangizko Udalarekin batera.

Hasieratik sentitzen zen ez zela ohiko liburu aurkezpen bat: batez ere emakume helduek hartu zuten udaletxeko plazako arkupea, baina bertan adi zeuden lau belaunaldi. Udalaren ordezkari gisa Roke Ojanguren zinegotzia egon zen Feli Madariagaren alboan eserita: Ojangurenek egin zuen hasierako agurra eta Madariaga aurkezterakoan, honela bukatu zuen "eta nire amama ere bada". Publikoak irri xamurra egin zuen, Madariaga hunkitu egin zen eta honentzat prestatutako sorpresa bati eman zioten txanda: kantu lirikoa, Feliren hurbilekoa den Irene Ojangurenek zuzenean abestua.

Lau belaunaldik bete zuten udaletxe plazako arkupea, batez ere emakume helduek. Publikoaren artean egon zen Maitane Gartziandia, liburuko ilustrazioak eta diseinua egin dituena. Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA
"Ausarta izan zara, Feli. Norberaren bizitza kontatzea eta argitaratzeko beste baten esku jartzea ez da edozer gauza"

Onintza Enbeitak azaldu zuen “emakumea eta lurra” gaiak lotzen dituen liburua idazteko enkargua egin ziola ARGIAk, eta berak nahiago izan zuela bere bizitzan oinarritu baino Feli Madariagaren bizitza kontatu. “Belaunaldi oso batekin nuen zorra kentzeko balio izan dit liburuak. Muxikako andreokin antzerkia egiterakoan estutu genuen gure arteko harremana eta haiei denei eskaini diet liburua. Horietako asko hemen aurrean zaudete gaur, beste batzuk dagoeneko ez daude gurekin”. 

Enbeitak azaldu zuen sarri irudikatu egiten dugula nolakoa izan den aurrekoen bizimodua, baina ez diegula haiei galdetzen, eta berak horregatik idatzi nahi izan duela lehenengo pertsonan, Feli Madariaga delako hitz egiten diguna, liburuak kontatzen duen bizitzaren jabea. “Dena ez dugu kontatu, bizitza batean beti daudelako esan ezin diren gauzak”, azaldu zuen Enbeitak. Baina Madariagari “ausarta izan dela” eskertu zion, “bere bizitzaren kontakizuna beste baten esku jartzea ez baita edozer gauza”. Liburua irakurtzen duenak nabarituko du tabuak diren edo esaten ez diren egoerak eta harremanak hortxe daudela adierazita.

Aurkezpenaren ostean artikulua idazten ari den honi publikoko andre batek zera adierazi zion, “inork idaztekotan Onintzak idatzi behar zuen liburu hau, bien lana ondo uztartzea ezinbestekoa baita. Antzerkian urtetan konfiantza sendotu zuten eta hau da emaitza”.

Feli Madariaga eta Onintza Enbeita aurkezpena hasi aurreko momentuetan. Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA
Baserritarrei hitza

Artikulua idazten ari den hau ere liburu aurkezpenean egon zen, eta bertan azaldu zuen nola ekin zion ARGIAk, Bizi Baratzea sailean, laborariek idatzitako liburuak argitaratzeari: laboraria ere baden kolaboratzaile batek adierazi zuen duela urte batzuk, jende askok hitz egiten duela baserriaren eta baserritarren alde, baina baserritar izan gabe. Eta gutxi direla laborariek hitza hartzeko duten espazioak. Behar horri erantzunez abiatu zuen ARGIAren Bizi Baratzea sailak ildo hau, eta Josebe Blanco artzainaren Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain izan zen kaleratutako lehen liburua. Bigarren liburua idazteko Enbeitaren etxeko atea jo genuen, baserriko alaba baita, etxean laborantza munduko gai asko bizi eta entzundakoa, eta hitzak sortu, kantatu eta idazteko grazia handia duena.

Onintza Enbeita eta Feli Madariagaren artean elkarrizketa bizia egin zuten liburu aurkezpenean, jendetza horren aurrean. Irribarrez eta zirika aritu ziren. Bertan geundenok irudikatu genuen liburua egiteko horrelako elkarrizketan arratsalde eder batzuk pasa izango zituztela. Publikoak algara egin zuen Madariagak egoeraren eszena ateraldi bihurtu zuenean: “Hainbeste jende batuko zenik baserritar bat ikusteko?!”.

Beste hainbat gauzarekin batera, Madariagak kontatu zuen azokan “lurrak ematen duen zerbaitengatik gehiegi kobratzen zuela” leporatu zion kaletarrarekin izandako elkarrizketa. Eta ondorioztatu zuen: “Bada esaera bat: ama eta lurra beti eman eta eman. Baina amari eta lurrari eman egin behar zaie lehenengo, ondoren eurek eman dezaten!”.

Kantu lirikoak tonu oso berezia eman zien aurkezpenaren hasierari eta amaierari. Feli Madariagari emandako sorpresa izan zen, eta honek horrela eskertu zion Irene Ojangureni: "Zu entzutearren noranahi joango nintzateke". Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA
Nork eta nondik irakurtzen duen

Liburua argitaratu orduko sumatu dugu ARGIAn, euskarazko narrazio liburu bat izateko, 70 urtetik gorako jende askok gustura eta erraz irakurri duela liburu hau. Eta horietako askorentzat aspaldian irakurri duen liburu bakarra da.

Enbeitak azaldu zuen irakurle askoren gutunak eta mezuak jaso dituela. Eta gehienek esan dietela euren ama edo amona ikusi dutela kontakizun horretan; eta adin nagusienekoek esan diote euretako edonoren bizitza izan zitekeela. Hori da liburu honen ezaugarrietako bat, berariaz emakume baserritar baten bizitza arrunt bat hautatu izana.

Irakurle bakoitzari gai edo egoera batzuek emango diote arreta: egungo bizimoduaren oso desberdina delako agian, eta ez direlako hainbeste urte pasatu. Edo alderantziz, egun aurrerakoitzat daukaguna duela hamarkada batzuk arrunta zela ikusiko duelako beste gai batzuetan.

Enbeitak adierazi zuen liburu hau ez dela buruarekin soilik irakurtzen. Jende bati oroitzapenak pizten dizkiola, aurreko belaunaldiarekiko maitasuna, eta abar.

 Marina Gallardo / ARGIA CC BY-SA

Jantzan eta askatasunean

Liburuan agertzen den Madariagaren aipu bat nabarmendu zuen Enbeitak aurkezpenean: “‘Ez dago gauza alegreagorik jantzan egitea baino’, esaten zidan Felik, baina gorputz osoarekin esaten zidan, eta hori esatean aurpegia pizten zitzaion. Eta hori nabarmenduta jarri dugu liburuan. Ez didate utzi ‘jantzan’ esaten, eta ‘dantzan’ dago idatzita liburuan, baina ‘jantzan’ da”, egin zuen aldarri Enbeitak. Azaldu zuen Madariagaren hitzei ahalik leialen izateko, lehenik transkribatu egin zuela bere horretan elkarrizketa osoa, ondoren bizkaiera jasora eraman zuela eta handik euskara batura.

Aurkezpena bukatzeko, Enbeitak liburuko pasarte bat irakurri zuen, Madariagak kontatzen duena baserri inguruan biluzik ibili nahi badu hala egin dezakeela eta hori askatasuna dela. Publikotik ere zoriondu zuten Madariaga, baserriko bizimodua askatasunarekin lotzeagatik.

Publikoaren galderak eta iruzkinak erantzun ostean, solasaldiak elkartean luzatu ziren, udalak eskainitako pintxo eta guzti.

Aurrerantzean ere emango du aukera liburuak solasaldietarako. Hona hurrengo hitzorduak:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Markos Zapiain eta Koldo Biguri ere saritu dituzte Euskadi Literatura sarietan, saiakera eta itzulpenagatik

Markos Zapiainentzat izango da saiakerako Euskadi saria eta Koldo Biguriri itzulpengintzakoa, astelehen goizean jakinarazi dutenez. Gaztelaniazko Literaturakoa Garazi Albizuari emango diote eta gaztelaniazko saiakerakoa Itxaso del Castillori. Honenbestez, aurreko astean... [+]


2025-10-13 | Iker Barandiaran
Besarkatu nazazu gehiago

Siempre me siento regular

Chuleria joder!

Autoekoizpena, 2025

--------------------------------------------------

Aspaldian entzun diot bati baino gehiagori Bizkaiko Ezkerraldeko Chuleria, Joder! taldea ez dela hain punkia, abeslariak aurretik izan zuen Desorden... [+]


Azken bi saioak jokatuta, osatu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak

Urriaren 11ko saioa, Galdakaon, Irune Basagoitik irabazi du; 12koa, Galdakaon, Ibai Amillategik. Lehen bost saioetako irabazleez gain, puntuazio altuena lortu duten beste sei bertsolari sailkatu dira finalaurrekoetara.


2025-10-13 | Bertsozale.eus
Julio Sotok irabazi du Mutiloako saioa, eta finalaurrekoetara sailkatu da
Azaroaren 8an Leitzan jokatuko den finalaurrekora zuzenean sailkatu da Iruñeko bertsolaria. 160 entzule elkartu dira Arangurengo Kultur Etxean, txapelketaren lehenengo faseko bigarren saioa zuzenean jarraitzeko.

Linguae Vasconum Primitiae
Euskaraz inprimatutako lehen liburua Paristik Baionara ekarri dute, aldi baterako

Euskara “mundu guzira” zabaltzeko 1545ean Bernat Etxeparek idatzitako Linguae Vasconum Primitiae liburua ikusgai jarri dute Baionako Euskal Museoan, urtarrilaren 11ra arte. Inprimatutako lehen edizio horretatik ezagutzen den kopia bakarra Frantziako Liburutegi... [+]


Ikusi Mikusi festibala
Haur eta gazte literaturak Sara hartuko du gaurtik aitzina

Bosgarren edizioa ospatuko dute ostiral eta larunbat honetan. Gaur eskolen eta profesionalen eguna izanen da eta publiko zabalagoari irekiko dizkiete ateak bihar. Euskara hutsezko azoka horren baitan, hamahiru euskal argitaletxe eta 60 bat animazio topatuko ditu bertaratzen den... [+]


Istorio ikusezinen bozgorailu izango da Bilboko Film Sozialen jaialdia

Bilbok berriro ere zinema konprometituaren epizentro bihurtuko da urriaren 16tik 23ra, Film Sozialak Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioarekin.


Txiki eta Otaegi Valentzian

Ahanzturaren leizea

Paco Roca eta Rodrigo Terrasa

Itzultzailea: Bego Montorio

Astiberri, 2024

------------------------------------

Zer gertatzen da Ahanzturaren leizea Txiki eta Otaegiri buruzko polemika betean irakurtzen denean? Guri iruditu zaigu ez dagoela momentu... [+]


Ea zer gertatzen den, edo zer gertatu da hemen?

Lohi Ensemble

Non: Montehermoso Kulturunean

Noiz: Irailaren 28an

-------------------------------

Igande arrats goibel eta hotz batez izan nuen, lehen aldiz, Lohi Ensembleren berri. Arabako musika eszena autogestionatuaz hitz egiteko Larraitzek jende jator pila bat... [+]


2025-10-09 | ARGIA
Erraldoi eta buruhandiek lagunduta aurkeztuko du ARGIAk 'Abentura erraldoia. Hegan' liburua

Bidasoako erraldoi eta buruhandien kalejira eta dantza ostean aurkeztuko dute Adur Larrea eta Gorka Bereziartuak Abentura erraldoia. Hegan liburua Irunen, urriaren 18an (larunbata), 17:30ean.


Euskal Herriko hainbat musika taldek bat egin dute Spotify-ri boikot kanpainarekin

Naxker, Fermin Muguruza eta Bloñ musika taldeek, besteak beste, bat egin dute Musikariak Palestinarekin plataformak abiatutako Spotify-ren aurkako ekimenarekin. Hain justu, musika erreproduzitzeko aplikazio erraldoiaren jabe nagusiari, Daniel Ek-eik, egozten zaio Israelek... [+]


"Kontentzio ariketa izan da pelikula hau egitea"

Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) Kirmen Uriberen nobelan oinarrituta, Karmele pelikula zine aretoetan estreinatzear da Asier Altuna (Bergara, 1969). Lehen lurreratzea Donostiako Zinemaldian izan du, eta bertako ateak ireki orduko eman dio elkarrizketa ARGIAri, goizean... [+]


2025-10-08 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Argiztapena

Gaua egiten denean, eraikin asko ipurtargi bilakatzen dira hormigoizko basoan. Egunez ezkutuan gorde duten barnealdea eszena pusketetan voyeaur begibistara agertzen dira, argiztapen artifizialaren magia bitarteko. Gaueko auto zein oinezko paseoetan lurraldea eta eraikinak... [+]


Eguneraketa berriak daude