"Gazte ausartak baino ez ginen izan, egoera sozial baten espoleta"

  • (Altzola-Elgoibar, 1933). 1958an apaiztu zen. 1968an klandestinitatera pasa zen, ETAko kide liberatua bihurtuz. Mogrovejon atxilotu zuten. Burgosko prozesuan epaitua beste hamabost kiderekin. Zamorako Konkordatu kartzelan zazpi urte eman zituen. 1977an libre geratu zen.

"Agian, Manzanas hiltzea onartzea errazago izan zen ETAk dirua lapurtzea baino".Dani Blanco

Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eskutik kaleratu du Zamorako landan liburua. Berak dioenez, 1977ko sasi-amnistiarekin geratu zen aske. Euskara irakasle aritu zen Eskola Publikoan jubilatu arte. Iaz, Etxarri Aranatzen hemeretzi urte bizi ostean, Eibarrera itzuli zen Maria Luisa Ruiz Arana bikotearekin.

Nola gogoratzen dituzu Altzola auzoa eta haurtzaroa?

Umetako herria, txikia. Auzo txikiek duten alderdi on eta txarrekin. Herri handietan egoten diren gauza asko falta zen, baina elkarren ezagutza handia zegoen, elkartasuna. Bainuetxera jende asko etortzen zen, erdaldun asko ere bazebilen, beraz.

Zure aitak Altzolako Batzokiaren inaugurazio egunean ikurrina jarri ei zuen, 1936ko gerra aurretik. Gero frontera joan behar izan zuen aitak.

Hori da uste duguna. Nik gero jakin nuen, anaiak kontatua, artean, hiru urte bainituen. Anaiari herriko batek esan zion: “Hire aitak jarri zuen ikurrina”. Aita nazionalak herrira heldu eta gerra-frontera joan zen, ihesi. Bera eta beste batzuk, jeltzaleak. Geratu zirenetako bat hil zuten bertan, beste bat erietxera eraman eta beste bat herriko “jauntxo” batek libratu omen zuen bere alde egina zuelako. Herritar asko fusilatu zuten Altzolan.

Gerra ostean, frankismoaren Eskola Nazionaletan ikasiko zenuen?

Bai. Guk Cara al Sol ez genuen abesten, baina fusilak genituen, egurrezkoak, eta patioan desfilatzen genuen. Neguan “Señorita hace frio” esaten genuen, eta hark “desfilen, pin, pan, pin, pan”. [Espainiako] bandera jartzen genuen egunero eskolako balkoian. Haurrak ginen eta gustura ibiltzen ginen, borrokan. Hura jolasa zen guretzat. Ez genuen gerran gertatu zenaren kontzientziarik.

Aita langilea zen. Ikasia, hala ere.

Bai, aitak ipuinak euskaraz kontatzen zizkigun. Gaitasun handia zuen, haren ipuinak naturaltasunez hartzen genituen. Gaur egun harrituta gogoratzen dut, irakurtzeko erraztasun izugarria zeukan. Aita gipuzkeraz eta bizkaieraz entzuten genuen, biak nahasiak erabili ohi zituen. Mendaro, Altzola eta Elgoibarreko muga-euskara. Altzolako euskara holakoa da. Gero, gaztetan, oso lagungarria izan nuen, bi aldeetan lagunak erraz egiten nituen.

Hamahiru urterekin seminariora joan  zinen. Saturraran, Gasteiz eta Donostiako seminarioak ezagutu zenituen. Zergatik joan zinen?

Amarengatik, ama bihotzekoa.   Zaldibarkoa zen, euskaltzalea bera ere. Bost anai-arreba ginen, hiru mutil eta bi neska, ni hirugarrena.  Ni apaizgai izan baino lehenago anaia zaharragoa izan zen, hark utzi eta amak “zergatik ez zoaz zu?”,  esan zidan. Saturrarango garaia ez dut ia gogoratzen. Gero, lagunekin hitz eginda, diziplina handia zegoela gogoratu dugu. Ezin genuen binaka ibili, hirunaka baino ez. Ez zuten biren arteko laguntasunik onartzen: “Nunca dos, a lo menos tres” esaten ziguten. Bi ikusiz gero, zigorra. Nota jaisten ziguten. Gasteizera 17 urterekin joan nintzen, mutil eginda. Filosofia eta humanitateak ikasi nituen, gero, Donostian, filosofiako azken urtea eta teologia lau urtez.

Eta gero apaiza izan zinen.

Lourdesen apaiztu nintzen, urte berezia izan zen, hango basilika egin berria zen, horregatik edo.  

Ordurako, Euskadi zenaren ideiaren bat izango zenuen, ezta?

Bai. 18-20 urte inguru nituela, Jose Antonio Agirre lehendakariaren De Guernica a Nueva York pasando por Berlín liburua aurkitu nion aitari. Kuriositate handiz irakurri nuen. Ez nuen abertzaletasunaren ezagupen handirik eta asko lagundu zidan. Euskal Herriaren problematikari buruzko lehenengo hausnarketa serioak egin nituen. Liburuarekin batera aitak bazeukan lauburu txiki bat, ezkutuan, zilarrezkoa.

1954an Francok seminarioa inauguratu zuen Donostian. Zu bertan zinen. Zein zen orduko giroa?

Seminaristen artean, nolabait, bazegoen euskal sentimendu nazionalista. Baina, kalean ez zen hori sumatzen. Franco eszenatoki gainean gogoratzen dut, sermoi antzeko hitzaldia bota zuen, militarrez inguraturik. Pasilloan pasa zen eta “Viva el Papa” zioten inguruan. Roman Orbek, falangista eta gure teologia irakaslea, Francoren aldekoa zela esaten zigun harro. Lehen aldiz, haren kontrako jarrera moduko bat zegoela jabetu nintzen. Baina giroa ez zen politikoa, ez genuen politikaz hitz egiten. Etxetik kanpo, erregimenaren aurkako nire lehen sentipen abertzaleak izan nituen orduan.

25 urterekin, Marin auzora apaiz joan zinen, Eskoriatzara.

Gaztetxoak ginen, eskarmentu gutxi genuen, baina esperientzia polita izan zen. Ikasleak gaztetxoak ziren eta abertzaletasuna modu naturalean berpiztu zen herrian. Antzerkia eta kantua lantzen genituen, nire kasa antolatuta. Meza latinez ematen nuen, eta dotrina eta kantak euskaraz. Denbora bat egin eta apaiza herriz aldatzeko joera izaten zen apezpikutegian. Beste leku batzuetara joateko proposatzen zidaten, eta ezetz esaten nuen. 1963an, Eibarreko Azitain auzora joatea onartu nuen, ez nuen ezetz esaterik. Esperientziak aberasgarriak izan ziren, baina orain ohartzen naiz, jaun eta jabe nintzela herrian. Apaiza gauza izugarria zen. Mukizu bezala gogoratzen dut nire burua, eta herriko nagusietako bat.

ETAn berriz nola sartu zinen?  

Neurez ez nintzen ETAn sartu. Lagun bat nuen [egungo bikotea, Maria Luisa], hark eskatu zidan ea lagun talde bat leku batetik bestera eramango ote nuen. ETAko kideak zirela esan zidan. Eibarretik Arrasatera eramateko, baita eraman ere. Seat 600 bat neukan. Kotxe hura orduko rifa batean tokatu zitzaidan.

Haiek armatuak ibiliko ziren, noski.     

Bai, haietako batek –gauzak agerian  uzteko edo– pistola atera eta halako erakustaldia egin zuen. Ez zidan inpresiorik egin.

Nor ziren esaterik, bai?

Jokin Gorostidi, Javier Larena, Unai Dorronsoro eta Teo Uriarte. Pottolo, Mudito... Ezizenak baino ez nituen ezagutzen. ETAko zuzendaritza Maria Luisaren etxean egoten zen aldian-aldian.

Txabi Etxebarrieta ere ezagutuko zenuen.

Bai. Behin baino gehiagotan eraman nuen kotxez. Nik inpresio ezkor samarra nuen Txabiri buruz. Eztabaida politikoan oso berritsua zen, bilbotar itxura hartzen nion. Gero jakin nuen nor zen. Zenbaterainoko zen ideologoa eta pentsalaria...

Geroago, 1968an, Txabi Etxebarrieta Tolosako Benta Aundin hil zuten.

Garai gogorra izan zen guretzat. Iñaki Sarasketa txakurren eskuetan erori zen eta izenak kantatuko ote zituen beldur, Maria Luisa eta biok Bartzelonara joan ginen. Egun batzuk pasa ondoren, Eibarren mugimendurik ez zegoela jakin ostean, itzuli ginen.

Handik gutxira ETAk Meliton Manzanas hil zuen. Txabi Etxebarrietaren hilketak Manzanas hiltzeko pausoa ematen “lagundu” zuela esan dute historialariek. Iritzi berekoa al zara?

Beharbada. Ez dakit Txabiren hilketak eragin ote zuen. Nik uste, Manzanas hiltzea erabakita zegoela lehenagotik ere.   

Apaiza izanda, nola hartu zenuen Manzanas hiltzea? 

Izugarri gogorra izan zen niretzat eta denontzat. Lehenengo atrakoak bezala. ETA dirua bankuetan lapurtzen hasi zenean, jendeari kosta egiten zitzaion onartzea. Agian, Manzanas hiltzea onartzea errazago izan zen dirua lapurtzea baino. Beste hilketak etorri zirenean are zailagoa izan zen onartzea, noski. Ni ordurako kartzelan nintzen.  

Artean ETAn sartua zinen jada.

Txabi hil eta gero ere laguntzaile nintzen, legala, ez nintzen ETAko kide. Bartzelonatik itzuli ostean, txakurrak atzetik neuzkala ohartu nintzen. Maria Luisa klandestinitatera pasa zen, eta orduan, esan zidaten ea nahi nuen ETAn sartu. Baietz esan nuen, baina erabakia hartzea oso zaila eta gogorra izan zen.

Nolakoa da horrelako unea?

ETAn sartu eta hainbat urtetara lagun batek esan zidan: “Ni ere berdin sar nintekeen ETAn”. Alegia, neurri batean zirkunstantzien arabera gertatzen zen eta niri gertatu zitzaidan.

Nor zen laguna? Bizi al da?  

Bai, baina ez dizut haren izena esango.

Apaiz bat talde armatu bateko kidea.  Apezpikuak zer pentsatuko zuen?

Ez dakit... Elizan eskandalizatuko ziren, noski. Klandestinitatean sartu eta nire gogoeta hauxe izan zen: “Elizaren dotrinaren arabera apaiz bat talde armatu batean sartzea kristoren kontraesana da. Baina herri honetakoa naiz eta aukera hau egin dut. Eliza ofizialari begira jarri, eta kristau bezala, pentsatu nuen: Elizak beti hartu ditu armak. Erromako enperadore Konstantinok izugarrizko borrokak izan zituen bere buruarekin, biolentzia erabiltzeko unean. Gurutze bat agertu omen zitzaion. Bada, niri ere halako zerbait. Kristauak talde armatuetan antolatuak ziren eta harremanetan zeuden Konstantinorekin. Hura gerra galtzeko zorian egon zen, eta kristauek haren alde egin zuten.  Erdi Aroan ere Elizan borroka izugarriak izan ziren, armatuak. Adibidez, Nafarroa inbaditzeko baimena eman zuen Elizak.

Gure herriaren historia...

Bai. Eliza historian inplikatu izan da biolentzian. 1936ko Altxamendu Nazionala bedeinkatu zuen. Non babestu ziren Nafarroako erreketeak? Elizak Altxamendua antolatzeko lekuak izan ziren. Gerra bedeinkatu eta gotzain gehienak Francoren alde jarri ziren. Orduan, halako eskandalua apaiz batzuk pistolaz ibili zirelako frankisten aurka? Ni pistola hartuta ibili nintzela Francoren aurka? Talde armatu batean? Kontraesana dela? Baliteke. Baina elizaren praktika hori izan da, nirea ere horren barruan ulertu behar da. Nirea eta beste askorena.  

Mogrovejon harrapatu zintuzten, Santanderren, ETAko zuzendaritzarekin. Torturatua izan zinen.

Izugarri gogor gainera: “Tu no eres cura. El obispo está contra tí” entzun nituen hasteko. Donostiara eraman ninduten eta obispoak Unidad egunkariaren lehen orrialdean zioena irakurri zidaten. Gero jakingo nuenez, gotzainak gezurtatu zuen egunkariak idatzitakoa. Jacinto Argaia zen gotzaina eta defendatu ninduen. Francoren aldekoa zen, noski, baina rol berezia jokatu zuen Burgosko prozesuan.

Konta ezaguzu nola bizi izan zenuen Burgosko prozesua.

Guk prozesua politizatu nahi genuen. Epaiketari buelta eman, hura salatu, frankismoa epaitu nolabait. Gaurtik begiratuta harrigarria ematen du, baina historian izaten dira une batzuk... –zaila da azaltzen zergatik eta zerk eraginda– zeinetan herria altxatzen den. Jendea kokotaraino zegoen frankismoaz, urte pila zeraman diktadurapean. Jendea kalean zegoen, Euskal Herrian eta Espainian ere. Burgosko prozesua zela eta, munduko apaizak mugitu ziren gure alde. Maria Luisak kontatua ondo dakit hori, bera Parisen zegoen. Gu gazte ausart batzuk baino ez ginen izan, egoera sozial baten espoleta izan ginen nolabait.

Epaiketa nolakoa izan zen?

Oso ongi prestatu genuen. Epaileak hitz egiten hasten zirenean moztu egiten genituen. Nire egitekoa eliza “ukitzea” izan zen. Apaiza bezala agertu nahi nuen: talde armatuko kidea nintzela, pistola eraman nuela. Apaizen artean eztabaida hori eragin nahi genuen. Ez zidaten utzi noski, baina apaizaz jantzita agertzea lortu nuen. Apaizen txaketa moduko bat eraman nuen eta lepoko xafla zuria poltsikoan, epailearen aurrean jarri nuen. Ez neukan apaiz jarraitzeko asmorik, baina eztabaida bilatu nuen. Armak bai edo ez? Ez genuen eztabaidatzea lortu, noski, baina polita izan zen. Ramón Camiña nire abokatuak, EAJkoa, galdetu zidan une batez: “Usted reconocería su pistola?”. Altxatu nintzen eskuz seinalatzera eta denak mugitu ziren aretoan. Izugarrizko tentsioa zegoen, eta gu gustura.

Gero ETA zatitu zen: ETA V eta ETA VI. Zuk VI.aren alde egin zenuen.

Hori izan zen nire lehenengo eztabaida teoriko garrantzitsua. Ordura arte ez zen eztabaida politiko sakonik egina. Batzuek gure izenean eztabaidatu bai, baina taldean erabakirik ez zen hartzen, kanpoko dokumenturik ez zegoelako. Geroago informazio asko jaso genuen, joera askotako txosten pila. Nire funtsezko ideia hauxe izan zen: “Langileriak askatzen du Euskal Herria edo honek ez du benetan askatasunik lortuko. Independentzia politikoak ez du herria askatzen”. Borroka armatuak ez zuen lehentasunik niretzat, independentzia lor zitekeen, baina herriaren benetako askatasunik ez. Langileria askatzaile eta aske izan gabe, ez zela hori beteko pentsatu nuen.   

Jarrera hartu zenuen, argi eta garbi.  

Borroka armatuaz eztabaida gutxi izan genuen Zamoran, baina kanpotik postura hartzea eskatzen zitzaigun. Gehiengoaren iritzia hau izan zen: “Dokumentu pila irakurri dugu, baina kaleko giroa ez dugu ezagutzen. Eztabaida sustatzeko kanpoan egon behar dugu. Kanpoan izango garenean erabakiko dugu”. Nik ETA VI.ari eman nion atxikimendua. Postura hartu nuen ofizialki.

Zamorako kartzela berezia izan zen.

Elizak erantzukizun handia izan zuen Zamoran gertatuaz. Ez zen Estatuaren kartzela soila, Elizaren Konkordatua ere partaide izan zen.

Carrero Blancoren hilketa ongi ikusi al zenuen?

Poztasuna orokorra izan zen eta ospatu egin genuen. Gauza horiek erlatiboak dira, frankismoaren errepresioan ulertu beharrekoak.

Espainolista deitua izatea nola bizi izan zenuen?

Ohitzen zara. “Nik bide hori hautatuta ere, ni bezain abertzalea ez zela” esan nion orduko norbaiti. Eta egun ere horrela da. Euskal Herriak bere buruaren jabe izan behar zuela, baina beste herriekin elkartuta egin behar zuela bide hori.

Eta gaur egun nola pentsatzen duzu?

Euskal Herriak bere buruaren jabe izan ahal izateko lehenik geure nortasuna landu behar dugula. Herri bezala pausoak eman ahal izateko independentzia behar dugula pentsatzen dut. Garaiak aldatu dira. Madrilgo boterea ikusita, borroka armatuak ez zuela irabaziko pentsatu dut beti. Gatazka luzatu bai, herrian eragin ere bai, baina irabazi ez. Estatua gainditzeko aukera hori ez dut behin ikusi, baina borroka armatuak herrian eragin handia izan duela onartzen dut. Geroak esango du zer-nolako eragina izan duten azken  hiru hamarkadetako borrokek. “ETA izan ez balitz hobe ginateke”, diote batzuek. Beste batzuek “baina ez genuke orain dugun burujabetza maila edo herriak burujabetzaren alde daukan jarrera” diote. Dilema hori ez dago neurtzerik une honetan. Hori esanda, hauxe ere pentsatzen dut: azken urteetan ETAren bidea hartu dutenek borroka mota hori aukeratzeko eskubidea ere badute.

Zamorako kartzela ipuinetan

Apaiz nintzenean motorrez ibiltzen nintzen, eta gero kotxez ere bai. Garai hartan ez zen ohikoa. Liburuaren azala Jose Martin Urrutiak egin du (Txotxe), nire lagun minak. Kartzelako leihoa, motorra eta ihesa irudikatu ditu. Motorrez bizkor ibili ohi nintzen. Zamorako kartzelan zuloa egin genuen, baina halako batean txibatazoa izan zen eta ihesa zapuztu ziguten. Imajinazioa eta psikologia izugarri lantzen genituen. Zuloa aurkitu eta esan zidaten: “Ingeniaria ikasketak egin al dituzu?”. Batzuek zuloa egin bitartean, bestetzuek kartzelariak engainatzen zituzten. Xabier Amuriza lagunak bultzatu ninduen Zamorako Landan liburua idaztera. Ez nuen aparteko gogorik. Banuen ipuin bat idatzia, eta sari bat irabazia ere. Tunela nola egin genuen kontatzen duena. Xabierrek “segi, gehiago kontatu behar duzu” esan zidan. Eta hara, narrazio gehiago idatzi dut liburua egin arte. Xabierrena bultzada baino gehiago izan da, aholkuak  eman dizkit. Bera eta bertan izan ginen guztiak gogoan ditut. Nikola Telleriarekin oroitzen naiz sarritan. Orain harritzen naiz, orduan ez nintzen jabetzen. 60 urterekin sartu baitzen borrokan. Preso politikoa, apaiza, langilea, euskaltzalea. Kartzelako bizi latza jasan zuen Nikola lagunak. Preso sartu berria gaixotu zen. Zein gaizki tratatu zuten! Erraz ahazten zaizkigu presoak.

«Presoen indarrarekin harrituta nago»

Etxarri Aranatz [Nafarroa Garaia] herrian lagun asko egin genituen Maria Luisa lagunak eta biok. Presoen mundua hurbiletik segitu dugu, presoen familiarenak bereziki. Presoek atxiki duten indarrarekin harrituta nago. Askok arazo psikologikoak omen dituzte. Nola ez dauden erabat jota eta deuseztatuak pentsatzen dut nik. Batzuek 30 urte barruan egin dute. Bakarka, isolatuak, talde txikietan. Nondik atera dute indarra? Kanpoko berrien bonbardaketa jasaten dute. Hedabideetatik zabaltzen diren berrien nahasketa izugarria da. Informazioa partzialki eta modu txarrean iristen zaie. Taxuz eztabaidatzeko aukerarik ez dute izan. Baldintza horietan, horrenbeste urte preso pasa ostean –gure garaian hamar urte izugarria zen– horrela ateratzea. Denetarik dago jakina, denak ez daude osasunez ondo, baina nik asko gogotsu ikusi dut.


ASTEKARIA
2014ko abuztuaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Urduñako espetxe frankistatik identifikatutako bederatzigarren pertsonaren gorpuzkiak, bere senideen eskuetan

Francisco de la Cruz Orellanaren gorpuzkiak identifikatu ditu Gogora Institutuak, eta bere senideen eskuetan utzi ditu. 


Eguneraketa berriak daude