Non dago ‘urde zuriak’ lapurtutako dirua?

  • Francoren heriotzaren 50. urteurrena aukera paregabea da gogoratzeko espainiar diktadoreak, ohean hiltzeaz gain, poltsikoa ondo beteta eman zuela azken hatsa. Mariano Sánchez Soler kazetariak La Familia Franco S.A. liburua berrargitaratu du, azken hamarkadak diru horren zidorrean ibili ostean, eta deskubritu du sekretua ez dena: Francisco Franco fundazioak, eskuin muturrak eta kapitalismoak, aska beretik edaten dutela.   

Irudi-muntaia: Maialen Arana / ARGIA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Harkaitz Canok joan den astean orriotan zioskun historiako gaiak kontatzerakoan nahitaezkoa dela umorea erabiltzea, ziurtzat ditugunak kuestionatzeko balio duelako. Gure historia hurbila ikusita, arrazoia emango diogu. Por el río Nervión bajaba un cerdo blanco... kantatzen zuten 1970eko hamarkadako Bilbon, errekete karlisten ¡Ánimo pues! himno zaharra moldatuta. Urde zuri bat Nerbioi ibaian behera zetorrela, alegia. Eta abestiak jarraitzen zuen: …era Francisco Franco con un biquini blanco, rumba la rumba la rumba, la rumba del cañon! Herri kantetan kategoriek ez omen dute baliorik –horrela zioten Oh! Euzkadi aldizkarian– eta hemen ere antzeko zerbait gertatuko zen, herritarrek, umorez, kaudilloari bere izenez deitu baitzioten.

Herri kantetan kategoriek ez omen dute baliorik, eta hemen ere antzeko zerbait gertatuko zen, herritarrek, umorez, kaudilloari bere izenez deitu baitzioten

Berrikitan, Francisco Franco fundazioa ilegalizatzeko prozedura judizialari ekin dio Pedro Sánchezen espainiar gobernuak. Aldizkari hau argitaratzeko orduan batek daki nola egongo den asuntoa, baina ikusita Espainiako Estatuan nolako pazientziaz hartu dituen justiziak frankismoarekin zerikusia duten auzi guztiak, garagardo asko edan beharko ditugu hori gertatu zain gauden bitartean.

Fundazioak Memoria Demokratikoaren legea hausten duela dio gobernuak, Francori gorazarre egiten diola. Normala, horretarako sortu baitzuten 1976an. Baina ez horretarako bakarrik, baita diktadorearen eta bere familiaren dokumentu salagarriak zazpi giltzarrapoz gordetzeko ere.

Azaroaren 20an Franco hil zela 50 urte bete bezperatan iragarri dute prozesuaren hasiera. Kontakizunaren xake taulan pieza baliotsua mugitu dute. Baina taula horretan oraindik dorre ugari jauzi behar dira, espainiar Trantsizioak ondo lotuta utzi baitzituen gauza asko, tartean diktadura garaian Franco familiak pilatutako –edo hobe esanda, ostutako– aberastasunari dagozkionak. Mariano Sánchez Soler kazetari beteranoak diru horren usainari jarraitu dio hiru hamarkada baino gehiagotan eta La Familia Franco S.A. (Roca, 2025) liburuaren berrargitalpena da azken emaitza. 

Urte askoan, sosik gastatzen ez zuen agure xuhur baten gisan aurkeztu nahi izan dute espainiar diktadorea bere hagiografoek, eta horretarako datu bat errepikatzen dute zulagailu-makina baten antzera, ta-ta-ta-ta, behin eta berriz: hiltzean apenas utzi zuela herentziarik, biloba bakoitzari bi milioi pezeta eta familiari bizpahiru jabetza “besterik” ez. Baina nork sinetsi ez zela genozidiotik, espoliaziotik, oparietatik, lapurtutakotik aberastu? Kontua da orain arte ezin zela zehazki halakorik demostratu.

Sozietate anonimoen sarea

“Ez dago modu zientifikorik bere fortuna kuantifikatzeko, ez da posible, ez dago manerarik”, dio Sánchez Solerrek burua alde batetik bestera pin-pon partida bat ikusten balego bezala mugitzen duen bitartean. Liburuaren berrargitalpenaren harira egindako aurkezpenetan –sarean ikusgai daude Santiago de Compostelakoa eta Alacantekoa– ahoan bilorik gabe mintzo zaigu: “Logikoa da hori, berrogei urteko diktadura, ilunkeria, gezur sistematiko eta demokrazia faltaren ondoren”. 

“Ez dago modu zientifikorik Franco familiaren fortuna kuantifikatzeko. Logikoa da hori, berrogei urteko diktadura, ilunkeria, gezur sistematiko eta demokrazia faltaren ondoren” 
(Mariano Sánchez Soler)

Badaki zertaz ari den, Sánchez Soler eskarmentu handiko kazetaria baitugu; besteak beste, Le Monde Diplomatique, El Periódico de Catalunya eta Interviu bezalako hedabideetan ibili izan da, eta ikerketa ugari egin ditu frankismoari buruz. La Transición sangrienta (Trantsizio odoltsua) azkeneko liburuan, esaterako, Espainiako Estatua demokraziara modu “baketsuan” pasa zela dioen errelato ofizialari aurka egiten dio, Poliziak hildakoen eta zaurituen datuak eskuan.

1988an Francoren emazte Carmen Polo hil zenean Tiempo aldizkariko zuzendariak diktadorearen familiaz erreportaje bat egiteko eskatu zion. “Orduan gauza flipante bat gertatu zitzaidan: deskubritu nuen beraiena omen zen [Madrilgo] Hermanos Béquer kaleko eraikina Ursaria izeneko sozietate anonimo baten izenean zegoela”. Hari horretatik tiraka, deskubritu zuen sare oso bat zegoela muntatuta, Francorenak ziren 22 higiezin bere ondorengoei ezkutuan pasatzeko, tartean jauregiak, txaletak edo 1970eko boom turistikoarekin Mediterraneoko kostaldean balioa izugarri handitu zuten orubeak, Benidormen kasu. 

Ondasun horiek guztiak Franco hil eta hurrengo 25 urteetan pixkanaka saltzen joan zen familia inongo arazorik gabe, Carmen Franco alaba, haren senar Cristobal Martínez-Bordiú Villaverdeko markesa, eta bilobak tarteko. Ondasunen artean dago, adibidez, Valdefuenteseko lursaila Madrilen, diktadoreak ehizarako eta oiloak hazteko erabiltzen zuena. 2003an, birkalifikatze baten ondorioz milaka etxebizitza eraiki zituzten toki horretan eta Franco familiak dirutza irabazi zuen, milioika euro.

Aberatsak aberatsago

Bere hitzaldiak, gerraosteko bideo gastatu batekin hasten ditu Sánchez Solerrek. Irudietan, diktadorea saiatzen da ingelesa dirudien hizkuntza batean hitz egiten: ai-guan-muviman indepens-o-civilireison... “Ez dakit badakizuen Franco gidoigile zinematografikoa izan zela. Ez dakit informazio hori baduzuen”, dio kazetariak. Umorea ororen gainetik, mesedez. 1941ean erregimenak Raza pelikula estreinatu zuen nazionalkatolizismoa sustatzeko asmoz, baina aldi berean Francok oso garbi utzi zuen altxamendu kolpistaren benetako ideologia: “Gure gurutzada, aberatsak gerra batetik aberatsago irten diren bakarra izan da”, esan zuen lotsarik gabe. 

saldi hori entzun zuten milioika herritarrek Nodoan, milaka etxetan txanpain botilak irekitzen ziren bitartean. Sánchez Soler kazetariak diktadorearen heriotza dokumentatzen duen ziurtagiria ekarri du liburura: "Badaezpada, inork ez dezan zalantzan jarri hilda dagoela". 

Nola pilatu zuen dirua generalísimo-ak? Sánchez Solerrek garrantzia berezia ematen dio oparien kontuari. Asteartero El Pardo jauregian Francok harrerak antolatzen zituen kultur eta kirol elkarte, enpresari edo erakundeekin, eta oso modu protokolizatuan opariak jasotzen zituen barra-barra: “Nik behin kalkulua egin nuen eta berrogei urtetan 40.000 pertsona hartu bazituen... 4.000 milioi pezeta ateratzen zitzaizkidan”. Hori guztia ere saltzen joan zen Franco klana, urrea eta zilarra diru bihurtzen, edo Suitzara eramaten. 

Oparietatik eta lursailen pelotazo-etatik ez ezik, diktadorearen inguruak mota guztietako industria eta enpresetatik ere bete zuen katanarrua, siderurgiatik hasi eta osasungintzaraino. Franco familiak gutxienez 52 enpresa estrategikotan parte hartzen zuen

Oparietatik eta lursailen pelotazo-etatik ez ezik, diktadorearen inguruak mota guztietako industria eta enpresetatik ere bete zuen katanarrua, siderurgiatik hasi eta osasungintzaraino. Ikerlariak han eta hemengo merkataritza-erregistroetan ikusi ahal izan duenez, 52 enpresa estrategikotan parte hartzen zuten gutxienez: “Jende guztiak nahi zuen Franco bat jarri bere administrazio kontseiluan”, dio Sánchez Solerrek. 

Abizenak ate asko irekitzen zituen eta influentzia-trafikoa eguneroko ogia zen, are gehiago kapitalismo monopolistak agintzen zuenean: “Espainiar kapitalismoa diktadurapean sortu zen, salbuespenik gabe, eta familia horiek boterea garatzen joan ziren oligopolioaren bidez, esaterako energia-enpresetan. Ezin dugu jakin zenbat diru zuten, baina badakigu Franco familia 2.000 milioi pezetako kapital sozialeko sozietateetan zegoela. Non dago hor austeritatea?”, galdetzen du kazetariak. 

 Hamar hodi baino gehiagorekin mantendu zuten bizirik ospitalean: "Hilabete eduki zuten intubatua, bere familiak torturatua, ez zioten hiltzen uzten denbora irabazi nahi zutelako, eta ez da imajinazio askorik behar jakiteko zergatik". 

Kapitalismoaren zein frankismoaren artean, pribatuaren zein publikoaren artean, ustelkeriak loturiko marra lauso bat zegoen, ministerioetatik zuzenean enpresetako zuzendaritzetara irrist egiten zuena. Eta larriagoa dena, Sánchez Solerren esanetan kronologikoki gaur egun arte irauten du: “Mende erdiz hipokresian bizi izan gara eta kolpera, azkenean egia deskubritu dugu: enpresariek opariak egiten badituzte, trukean zerbait jasotzeko dela. Zer gertatu da hemen? Gezurra beti aterako da azalera, nahiz eta barrura bultza, olioa uretan bezala aterako da azkenean”.

Urde zuriarenak egin zuenetik 50 urte igaro direnean, Iruñean, uztailaren 6an honela kantatzen dute txupinazoan, ¡Ánimo pués! doinu bera erabilita: Si no tienes un duro no te hace caso nadie... Alegia, dirudik ez baduzu ez dizula inork kasu zipitzik egiten. Umorez hartu beharko dugu hori ere. 

Fundazio bat, Francoren dokumentuak eta VOX

Franco hil eta gutxira bere izena daraman fundazioa sortu zuten erregimenaren aldeko sutsuenek, 1976ko urriaren 8an. Diktadorearen alaba Carmen Franco izendatu zuten presidente, eta hamabost milioi pezetako kapitalarekin, bere zereginetako bat familiaren eskuetan zeuden 27.000 dokumentuak kudeatzea izan zen. 

Dokumentu horiek esku publikoetan egon beharko liratekeela aldarrikatu dute askok, baina soilik zati txiki bat iritsi zaio Espainiako Gobernuari. Francisco Franco fundazioak bere webgunean frankismoko milaka dokumentu zintzilikatu dituen arren, Sánchez Solerren esanetan beste ministerioetako “fotokopiak” baino ez dira. Francoren eta bere familiaren paper konprometigarrienek kontrol ofizialetik kanpo jarraitzen dute.

Fundazioak, artxibo hori gorde eta diktadurari gorazarre egiteaz gain –horretarako Jose María Aznarren gobernuak dirulaguntza oparoak eman zizkion–, beste funtzio bat ere izan du azken urteetan: oroimen historikoari buruzko legea oztopatzea. Eta hor, Vox alderdi ultraeskuindarrarekin egin du topo bidean, batez ere 2017an Carmen Franco hiltzean haren biloba Luis Alfonso Borboikoa ohorezko presidente izendatu zutenetik; ez gutxitan ikusi dira elkarrekin bera eta Santiago Abascal Voxeko liderra.    

“Voxeko buruzagien, Francisco Franco Fundazio Nazionaleko kide esanguratsuen eta Franco familiaren arteko lotura agerikoa da –ondorioztatu du Sánchez Solerrek La Familia Franco S.A. liburuaren amaieran–. Erlazionatu egiten dira, jeneralaren figura defendatzen dute eta fundazioaren ekintzetan parte hartzen dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
2025eko uztailaren 2
Meloi saltzailea
Senar puteroak

Eguneraketa berriak daude