Neoliberalismoaz ikastaro trinkoa Amikuzen

  • Broma asko egin da behikia zelakoan zaldi haragia zeramaten lasagna eta beste jaki industrialen kontura. Nafarroa Behereko Amikuze dago eskandaluaren erdian: haragi faltsutua Lur Berri kooperatibaren filial batek merkaturatu du eta haien bien nagusia Berthelemy Agerre da, gainera auzapez eta kontseilari orokor ere badena.

Nahia Garat argazkilariaren irudi handian, otsailaren 17an Donapaleun plazaratutako Libertimenduko zirtziletako batzuk. Mattin Irigoienen zuzendaritzapean 18-20 urteko arizale gazteek emankizun bikaina eskaini zuten, Amikuze eskualdeko Kitzikazank, Iruski
Nahia Garat argazkilariaren irudi handian, otsailaren 17an Donapaleun plazaratutako Libertimenduko zirtziletako batzuk. Mattin Irigoienen zuzendaritzapean 18-20 urteko arizale gazteek emankizun bikaina eskaini zuten, Amikuze eskualdeko Kitzikazank, Iruski eta Burgaintzi taldeetako aktore, musikari eta dantzarien elkarlanez, ikusitako eszenak bertsotan komentatzen Joanes Etxebarria eta Maddi Sarasua. Nekazaritza industrialaren kalteak, notable politikoen jokaldi maltzurrak, karrikan bizia galdu ahala agintariek turistentzako ederragotzen dituzten karriketako obrak, mundializazioaren astakeriak ... horiez eta gehiagoz egin zuten jolas umorez, euskaltzaleez ere irri egitea ahaztu barik. Amikuztar baten jardunak josten zituen antzerkiaren hariak oro: Amikuzeko aginte faktikoetarik den eta Lur Berri kooperatiba erraldoiaren buru dabilen Berthelemy Agerrek

Jean Pitrauren bizia eta ideiak ezagutu dituenak –Larrun bat eskaini zitzaion duela urtebete– Iparraldeko nekazaritza irauli zuten gizonaren eta asmoen ifrentzua aurkituko dute 2013ko Lur Berri kooperatiban eta Berthelemy Agerre enpresaburu eta politikariarengan.

Baina horretarako irakurleak lotu beharko ditu behiki itxuran zaldi haragia zeramaten lasagna eta bestelako jakien eskandaluak eta Amikuze, Spanghero eta Lur Berri, Findus eta haren hornitzaile den Berthelemy Agerre. Globalizazioaren adibide nabarmenetako bat etxean bertan, Donapaleu ondoko Aiziritzeko bulegoetan, daukagula ohartzea ez da erraz; are gutxiago Espainiako hedabide handien agendek itota bizi garenean.

Kazetariek Horsegate eta Chevalgate bataiatu dutena laburbildu dezagun. Ikerketa batean aurkitu dute zaldi haragia behikia eduki behar zuen Findus markako jaki industrial batzuetan. Okela faltsuaren arrastoek daramatzate ikuskatzaileak Findusen filiala den Comigel enpresara, honetatik Luxenburgoko Tavola hornitzailera, eta atzerago joaz heldu dira Spangherora.

Bulegoak Okzitaniako Tolosa ondoko Castelnaudaryn dauzkan Spanghero Lur Berri kooperatibaren filiala da; Spangheroren burua da Barthelemy Agerre Lur Berriko presidenteordea, Lüküzeko alkatea eta Pirinio Atlantiarreko kontseilari nagusia, mailaz igo den Jean-Jacques Laserreren oinordekoa.

Liburua osatzeko adina xehetasun mamitsu badu afera honek. Adibide kaxkar bat hona: auzitan dauden 42 tona zaldiki merkaturatu zituen Draap Trading Ltd.-ek egoitza Zipren dauka eta haren buru da Jan Fasen holandarra. Fasen duela justu urte bete kondenatu zuen Bredako (Herbehereak) auzitegiak 9 hilabeteko espetxe zigorrez, Hego Amerikatik ekarritako zaldikia tranpatan saldu zuelako... musulmanek eskatzen duten halal haragitzat!

Spangheroko arduradunek hasieran aldarrikatu bazuten haiek ere engainatu egin zituztela, ikerlariek erakutsi dute jakinaren gainean ari zirela, bulegoetan aurkitutako fakturak horren froga. Asteak aurrera joan ahala, 42 tonaren faltsutzeak azaleratu ditu agro-industriaren hainbat kontu ilun.

Asko hitz egin da jakien etiketatzeaz eta trazabilitateaz. Jakien kontrolaren hipokresia salatu zuten, hain zuzen, Lur Berriren Aiziritzeko bulegoen atarian nekazari kooperatibista batzuek ELBko militanteekin batera egindako agerraldian: laborariari azienda bat kamioian eramateko baimenak zorrotz eskatzen zaizkio, larrean daukan aberea zehazki identifikaturik egotea... baina gero horren haragia agro-elikaduraren sarean sartzen denetik kontrola galtzen du, hizki bitxiz etiketatutako hainbat osagairekin nahastuta. Handien kontrolik ezaren gainean eraiki dela, alegia, mugarik gabeko merkatu globala.

Agro-industriaren mundu mailako sarean lekua egin nahi izan du Amikuzeko Lur Berrik. 1971n sortua, ordura arte gari eta artoaren kudeaketan ari ziren kooperatibei segida harturik, 1980ko hamarkadatik eten gabe handitu da, gaur dauzkan 211 milioi euroko kapitala eta 1.130 milioiko salmentak erdietsi arte, lurgintza, elikadura eta banaketa atalen artean.

Lur Berrik notableak sortzen ditu

Aiziritzen elkartu ziren kooperatibista eta sindikalistek salatu zuten: “Handitzea, enpresak erostea, enpresetan sartzea... azken hamarkadotan Lur Berrik hartu duen estrategia da edonola handitzea mundu mailako merkatuan aktore nagusi izateko, azkenean hegoak erre dituen arte afera honetan”.

Urteotako etekin guztiak erosketa berriak egiteko erabiliz, lekuko herritarrak eta nekazariak ahaztu dituela esan dute ELBtik. Bertako produktuen sustapena baztertu du, Donapaleuko hiltegia ixten lagundu, Ossau-Iraty sor-markako produktuek behar duten arto garantizatua ekoiztea ukatu laborariei...

Estrategiak harrapatu ditu korporazioaren 300 langileak eta kooperatibistak ere. CFDT sindikatuak azaldu du langileen erdiaren soldatak hileroko 1.300 euro netoen azpitik dabiltzala, antzinatasuna barne. Sauveur Bacho sindikalista historikoak publikoki salatu ditu enpresaren metodoak, berari ere “irteteko atea non dagoen” erakutsi ziotela.

CFDTk eta 194 langilek duela aspalditik auzitan daukate Lur Berri, 1993tik 2000ra arteko etekinen zatia zor dielakoan, guztira 1,8 milioi euro baino gehiago. Kasualitateak nahi izan du Spangheroren sikulusaltsa haizatzearekin batera erabaki duela Parisko Cour de Cassation auzitegiak langileen auzia berriz irekitzea.

Afera guztiaren erdi-erdian, izen bat: Berthelemy Agerre. 1955ean Lüküze-Altzümartan sortua, 21 urterekin bihurtu zen bertako alkate. Hala segitzen du gaur ere. Gazterik alkate eta gazterik Lur Berri kooperatibako presidenteorde, 1980 ingurutik. Pirinio Atlantiarretako Kontseilu Orokorrean ordezkari; lekua Jean-Jacques Laserre  ezagunari hartu dio, hau ere luzaz Lur Berriko presidente izana delarik.

Frantziako legebiltzarrerako azken hauteskundeetan, 2012an, Jean Lasalle biarnesaren bigarren aurkeztu zen Modem alderdi zentristaren zerrendetan. Kanpaina hartan Agerreri egindako jarraipenaren ondotik Elsa Fayner kazetariak erreportaje mamitsua plazaratu zuen Le Nouvel Observateur astekariaren taldekoa den Rue 89 gunean.

Faynerrek Lassalle, candidat de la ruralité. Au menu, viande avariée ou importée (“Lasalle, nekazal munduaren hautagai. Menuan, haragi ustela edo inportatua”) kontrajartzen zituen Aspe bailara menditsuko artzain-semea den Lassalle eta agrobussinesseko enpresaburua den Agerre. Honen agintepean lotu zaie Lur Berri Pioneer bezalako multinazionalei, zabaldu da nekazaritzaz gain elikaduretan edo brikolajean muturra sartuz.

1.600 langile omen dauzka Agerrek agindupean, gehienak bera hautetsi den Amikuzetik aparte. Baina urrutira begiratzen ohitua, dozena bat urtez lursail zabalen jabe izan zen Argentinan. Haiek salduta, familiak –bi seme gaztek hartu omen dute aitaren bidea– alorrak erosi dituzte Marokon, han beterraba edo erremolatxak lantzeko.

Azken eskandaluaren ondoren, Guillaume Gendronek Libération egunkarian plazaratu du: Barthélemy Aguerre, l’appétit sans limite du patron de Spanghero. Iparraldeko notablearen indarraz mintzatu da Libérationen Sauveur Bacho sindikalista: “Eskualde honetan ez dagoenez enplegu askorik, esan daiteke bera dela nagusi bai politikan eta bai nekazari munduan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura
2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-03 | Estitxu Eizagirre
Juanma Intxaurrandieta, ekonomia irakasle eta INTIAko kudeatzaile ohia
"Merkatu globalean elikagaien prezioa oso hauskorra da, zuzenean erosita egonkorragoa"

Elikagaien prezioak zergatik igo dira hainbeste? Nola ezartzen dira prezioak? Juanma Intxaurrandieta Nafarroako Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta INTIAko kudeatzaile ohia da, egun erretiratua. Eli Pagolak Egonarria saioan egin dion elkarrizketan, hizkuntza arruntean eta... [+]


Eguneraketa berriak daude