Ur kontaminatua ur mineral eta ur natural gisa saltzen aritu dira urte luzeetan Nestlé eta Sources Alma multinazional frantsesak. Legez kanpoko filtrazioak, iturburuko ura txorrotakoarekin nahasi izana... kontsumitzaileen osagarria bigarren mailan jarri eta bere interes ekonomikoak lehenesteko hautu argia egin dute batak zein besteak. Eskandalu hori argira ekarri du Le Monde eta Radio France komunikabideek bideraturiko ikerketak. Are gehiago, estatu-eskandalua ere badela dirudi: Frantziako Gobernuarekin eskuz esku bideraturiko lege aldaketak eta erabakiak egon direlako. "Iruzurra" argitzeko, salaketa jarri du Foodwatch elkarteak eta ikerketa abiatu du Parisko Auzitegiak otsailaren 13an.
Nestlé eta Sources Alma: bi izen, bi multinazional, baina bien esku artean supermerkatuetako ur botila kasik guziak: Perrier, Hépar, Contrex, Vittel, San Pellegrino, Acqua Panna, Cristaline, St-Yorre, Vichy Célestins, Mont Blanc eta beste anitzez gehiago. Ura supermerkatuan erosten duen orok du segur aski bi etxe horietako ura edaten. Beste gisa batera erranda, azken urteetan ura supermerkatuetan erosten ariturikoa segur aski ur kontaminatua edaten aritu dela, ustez eta, hain justu, txorrotako ur dudazkoa alde batera utzi eta ur mineral sanoa edaten zebilela.
Iazko urtarrilean Le Monde eta Radio France komunikabideek bideraturiko ikerketak argira ekarri digu ur kontaminatua saltzen aritu direla, kutsadura kontrolak faltsututa. Uraren kasuan debekatuta diren mikrofiltraziorako sistemak –filtro ultramoreak eta ikatz aktiboak– baliatu izan dituzte urte luzeetan.
Salaketa jarri zuen irailean elikagai osasuntsuen aldeko borroka eramaten dabilen Foodwatch elkarteak, eta otsailaren 13an ireki du Parisko Auzitegiak auzibidea, "iruzurrik" egon ote den argitzeko. Paraleloki, Frantziako Senatuko ikerketa batzarra ere dabil afera ikertzen.
Alma Sources enpresaren langile batek 2020 hastapenean pausaturiko iruzur abisua dugu guzi horren oinarrian. DGCCRF Lehiaren, Kontsumoaren eta Iruzurrak Zigortzeko Zuzendaritza Nagusiak ikerketa abiatu eta laster azaleratuko zen eskandalua, orduan icebergaren punta bakarrik ez zena: "Burdin sulfato eta karbono dioxido industrialak injektatzea", "baimendutakoa baino mikrofiltrazio-maila apalagoak", baita ur minerala txorrotakoarekin nahastea ere. Orduan konturatu ziren Sources Alma ez zela joko zikinean zebilen bakarra, ondoan zuela Nestlé multinazional ezaguna ere. Legez kanpoko jokabideak bideratzen aritu dira beraz, kutsatua izanik ere, konfiantza dakarten "natural" ala "mineral" izendapenen pean ura saltzen segitu ahal izateko. Xeheki eta maltzurki antolaturiko iruzurra dela ageri da ikerketan: "Kontrolak bideratzen dabilen Eskualdeko Osasun Agentzietako agenteak engainatzeko edo tronpatzeko gailuak erabili ditu enpresak. Zuzenean iturburuko ura eramatea pentsatzen bazuten ere, aitzinetik tratatutako ura zuten hartzen".
Baina eskandalua ez da horretan gelditzen, badirudi estatu-eskandalua ere badela: "Email trukaketa eta ohar andanak erakusten digu Eliseoak [presidentearen egoitza] eta Matignonek [Lehen ministroaren egoitza] lehenetsi izan dituztela Nestlé multinazionalaren interesak, eta hori kontsumitzaileen kalterako".
Iazko agorrilean ukan zuten bilera bat multinazionalaren buruen eta Emmanuel Macron presidentearen hurbilekoen artean, tartean zirela Ekonomia ministroa eta Industria ministroa. Debekaturiko filtrazio metodoak erabili izana aitortu zieten, baina gertaera isilean atxikitzea erabaki zuten gobernuko ordezkariek. Gainera, ur mineral naturalei buruzko 2009/54/CE direktibak behartzen ditu estatuak legedi urraketaren susmoa izanez gero, jakinean atxikitzea Europako Batzordeko estatu kideak.
Le Monde eta Radio Franceren ikerketak iazko otsailean buruturiko bilera sekretu baten berri ere dakar, eskandalua are eskandalagarriagoa bihurturik: "Ekintza eta moldaketa plano bat" adosten aritu ziren eskuz esku botere politikoak –gobernukoak– eta ekonomikoak –kasu honetan, Nestlékoak–, eta hori legedia beren alde aldatzeraino: 0,2 mikrometroko mikrofiltrazioa onartzeko baimena bideratu zien iazko otsailaren 23an prefetei gobernuak.
Ordura arte 0,8 µm-koa zen filtro-maila, berez hori baino ttipiagoa izateak uraren osaketan eraginen lukeelako. Funtsean, Europako beste herrietan ez da nehon hein hain apaleko filtraziorik onartzen –apalena Espainiako Estatuan eta Belgikan delarik, 0,45 µm-ko langarekin–. Nestlé, bere aldetik, 2010z geroztik zebilen 0,2 µm-ko filtro-maila erabiltzen, kontzientzia osoz legearen gainetik pasata.
Berez, ur mineralaren edo naturalaren izendapena atxikitzeko ez litzateke tratatu behar, prozesuan bere mineral eta oligoelementu guziak atxikitzeko gisan. Baina errealitatea da, ingurune geroz eta kutsatuak izanik, iturburutik ateratako ur hori ere dugula kontaminaturik. Legediaren aldaketa horrek dakarrena ongi esplikatzen du Mediapart-ek Scandale des eaux en bouteille: le pouvoir politique au service de Nestlé (Ur botilen eskandalua: botere politikoa Nestléren mesedetara). Gaia hurbiletik segitu duen funtzionario batek ondokoa aitortu dio kazetariari: "Arau berriak hartzen ari gara Nestlék erabilitako uraren kalitatearen eta purutasunaren gaia saihesturik. Ur jakin batzuk gure osasunerako hobeak direla diogunean, istorio bat kontatzen ari gara: iruzurra legeztatu dugu. Baina normala al da talde industrial batek nahi duena egitea Frantziako lurraldean?".
Eskandalua zartatzekoa zela sentiturik, 0,45 µm-ra igoko zuen muga Frantziako Estatuak iazko azaroan. Baina ez du inporta, kazetarien lan sakonari esker atera da argira (estatu-)eskandalua.
Horra beraz: beste behin interes ekonomikoak gailendu zaizkie interes ekologikoei eta osasunari. Eta nolakoa den mundua, kexarazi bai, baina harritu, erdizka harritu gaitu albisteak.
Valle de Odietako epaiketa epaiaren zain geratu da ostiral honetan Iruñeko Justizia Jauregian akusatuek deklaratu eta akusazioek eta defentsak haien ondorioak azaldu eta gero. Ez da aldaketarik egon alde bakoitzak egindako eskaeretan.
Astearte honetan egin da Valle de Odietako makroetxaldearen aurkako epaiketa Iruñeko Justizia Jauregian. Epaileak ebatzi behar du ea 2021ean haien lur sailetan egindako isuri baten ondorioz, lur eremu horiek larri kutsatu zituzten ala ez, eta nork eragin zuen. Aditu... [+]
Plastikoaren kutsadura saihesteko azken gailurra porrot izugarriarekin amaitu da Suitzako Geneva hirian, abuztuan. Hori zuten bilatzen petrolio-herrialdeek, plastikoa milioika tonatan sortzen jarraitzeko. Birziklapena da beraien tekno-soluzioa, baina gero eta garbiago dago... [+]
Irailaren 2an hasi da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte. ARGIA... [+]
Ikerketa batek ondorioztatu du adituek uste baino AMOC korrontearen kolapsoa egoteko aukera handiagoak daudela. Korrontean aldaketa handiek eta azkenengo kolapso batek euri tropikaletan eraldaketa handiak eragingo lituzke, Europan negu oso hotzak eta uda lehorrak izango... [+]
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari eta erabilerari jarri nahi dizkiete mugak bereziki. Plastikoaren ekoizpena bikoiztu dute mende hasieratik, eta igoera horren arrazoia erabilera bakarreko plastikoak dira nagusiki.
The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.
220 milioi tona plastiko sortzen ditugu munduan eta %10a soilik birziklatu. Zifra hori, gainera, hamar urtez jarraian ez da aldatu. Iaz zabor plastiko horren herenak gaizki kudeatzeagatik gure inguruko bazter, erreka, itsaso eta atmosferan bukatu zuen. Greenpeacek salatu... [+]
220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.
EHUko ikerketa-talde batek dio Europako emisio-inpaktuaren %60 datorrela sektore energetikotik.
EHUko Ekopol ikerketa taldearen datuen arabera, Bizkaia da Euskal Herrian ingurumen inpaktu handiena eragiten duen lurraldea, guztizkoaren %52 izanda. Euskal Herrian ingurumen-inpaktu handiena duten 25 industria-instalazioen artean, Muskizeko Petronor petrolio-findegia da... [+]
EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.