Euskal Herriko bi muturretatik datoz Itziar (Bilbo, 1982) eta Ekaitz (Erriberri, 2002), sortzen ari den Burujabetzaren Aldeko Mugimenduaren berri ematera. Euskal Herrian diren burujabetza prozesu ugariak arloz arlo bultzatu eta indartu nahi ditu BAMek. Lan horretan hasteko, Herri Mugimenduko kideak eta burujabetza zein herri boterearen aldeko jendea elkartu nahi dute, Tafallan, maiatzaren 24an. Argitu digute ez direla bozeramaileak, sare horretako bi kide baizik.
Zer da Burujabetzaren Aldeko Mugimendua?
Ekaitz: Herri Mugimenduari aurkeztu nahi diogun tresna da, eragileak saretzen laguntzeko, arloka burujabetzaren aldeko ekarpena lantzeko, eta denon artean herri boterearen eta burujabetzaren alde lan egiteko.
Itziar: Euskal Herriko Herri Mugimendua asktoarikoa da eta, bereizten gaituenari baino, batzen gaituenari heldu nahi izan diogu. Horretarako, bi kontzeptutan jarri nahi dugu indarra: burujabetza eta herri boterea. Ez gatoz inori inolako kapelarik jartzera, baizik eta jadanik naturalki egiten den zerbait eraginkortzera edo sendotzera. Aurrekoan adibidez, Aroztegiako manifestazioan egon ginen. Manifestazioaren ostean, beste mugimendu batzuetan dabiltzan kideekin topo egin nuen, eta elkarrizketa asko horrelakoak izan ziren: “Ah! Pasatu behar diguzu ez dakit zeinen telefonoa” edo “eta hau nola egin zenuten?”. Betidanik halako momentuak aprobetxatu izan ditugu elkarren berri izan, kontutxoak lotu edota laguntza eskatzeko, eta BAMekin, berez naturala den sare horri tresnak eskaintzen saiatuko gara.
Noiz egingo duzue publiko?
Ekaitz: Tafallan maiatzaren 24an egingo ditugun topaketak izango dira gure lehen mugarria, jendea hurbiltzeko eta ezagutzeko nora goazen. Ekitaldi jendetsua izatea espero dugu.
Itziar: Hemendik eta maiatzera bitartean ekimentxoak egingo ditugu deialdia indartzeko eta proiektua ezagutarazteko, baina batez ere indarrak jarriko ditugu Tafallan Burujabetza eta Herri Boterearen aldeko topaketak prestatzen. Hala ere, ez dugu mugimendua zer den azalduko argazki edo prentsaurreko jendetsu baten bidez, uste dugulako egiten dugunak errazago azalduko duela zer den BAM; izan ere, topaketak ikuspegi pedagogiko batetik antolatu nahi ditugu. Konfluentziak eta konplizitateak era natural batean lantzeko eguna izango da eta hortik aurrera zer egin dezakegun pentsatzeko.
Bi urtez baino gehiagoz herri mugimenduetako hainbat kiderekin eztabaida prozesu bat egin duzue Euskal Herri osoan...
Itziar: Duela bi urte inguru, hainbat herrialdetako jendea, hainbat eragiletan ibiltzen garelako elkar ezagutzen dugunok, antzeko kezkarekin genbiltzala ohartu ginen: nola erraztu mugimenduen arteko harremantzea? Zer behar du Euskal Herriko Herri Mugimenduak? Bada, bi urtez, horri buruz hausnartzen aritu gara, hamaika arlotako pertsonekin batuz, talde txikietan, batzar zabalagoetan, buruz burukoetan... garagardo eta kafe asko hartu dugu tarte honetan! Mugimendua sortu ala ez ere eztabaidatu genuen, akaso ez baitzen beharrezkoa, txiringo asko baitago gure herrian! (barreak). Azkenean, jaso genituen ekarpen eta iritzi ugariek erakutsi ziguten baietz, berez baden sarea indartzeko beharra eta gogoa dagoela, Euskal Herria behetik gora eraikitzen jarraitzeko. Asko errepikatu da ere Herri Botereaz baliatzeko beharra, bai eragileek beren kabuz, baita elkarrekin eragina indartuz. Herri Mugimenduari nola lagundu aztertzen jarri dugu, beraz, gure esfortzua.
"Dagoeneko abian dauden alternatibak zabaltzeko kanpainak egitea proposatzen dugu"
Gainera, prozesuan atera da mahai gainean jarri nahi ditugula lanerako ditugun tresna ugariak, baita desobedientziaren esparrukoak ere. Guztiok batzen garenean indar handia daukagu, ikusi berri da Aroztegiko manifestazioan, edo lurraren defentsan eta etxebizitzaren gaiarekin azken aldian egindakoetan. Horrekin lotuta, etxebizitzaren gaiarekin jadanik saretu egin dira Euskal Herri mailako eragileak, eta nahi genuke gainontzeko arloetan ere hori ahalbidetzea. Dagoena indartzen lagundu eta halakorik eginda ez dagoen esparruetan lan egin.
Ekaitz: Etxebizitza, komunikazioa, elikadura, energia... burujabe izateko tresnak baditugu eta horien artean harremanak sendotu behar ditugu. Hizketan aritu ginen gaur egun polarizatuta dagoela Herri Mugimendua kaleetan, bai behintzat gazteriari dagokionez, eta guk eskaini nahi genuke elkar topatzeko espazio atsegin bat. Horrez gain, gauzak egiteko modu berriak probatzeko gogoa ere aipatu da.
Energia, elikadura, finantzak, etxebizitzak, telekomunikazioa... landu nahi dituzue. Nola?
Itziar: Ezin diegunez arlo guztiei aldi berean erantzun, pentsatu dugu epe baterako arlo bat aukeratzea eta horrekin kanpainak eta ekimenak eginez hastea. Euskal Herrian, Herri Mugimenduan ari diren eragile guztiei egiten diegu dei, arlo guzti-guztietakoak. Gure asmoa da arlo bakoitzeko eragileak biltzea eta beraiek adieraztea zeintzuk diren euren beharrak, zer eskaini diezaiokegun elkarri, zein den burujabetzan aurrera egiteko bidea... Zer egin genezakeen elkarrekin. Beraz, adibidez, energiaren eremuari buruzko lanketa nolakoa izango den sare horretan batzen direnek erabakiko dute. Horrez gain, argi dugu eraikitzeaz gain, deseraiki ere egin beharko dugula. Deseraikitzeko, adibideari jarraiki, ekimenak eta kanpainak egin ditzakegu arrotzak zaizkigun energia konpainien aurka.
Ekaitz: Eraikitzeko, berriz, dagoeneko abian dauden alternatibak zabaltzeko kanpainak egitea proposatzen dugu, sektoreka eragile eta kooperatiba ugari dagoeneko ari direlako lanean. Oraindik esparruz esparruko burujabetzaren aldeko alternatibak ezagutzen ez dituztenei esan nahi genieke: “Zuk darabilzun zerbitzu ala enpresa honek, edo erosten duzun produktu horrek, kalte hau eragiten dio gure herriari, munduko herriei, jendarteari edota Ama Lurrari; aldiz, alternatiba mordoa daukazu, herritik jaiotakoak eta herriarentzat direnak, hau eta hau adibidez”.
"Tafallan helburua izango da ilusio giroan, jaia eta borroka uztartuz, arloz arloko eragileen topaketak egitea"
Itziar: Ezagutzera eman nahi genituzke proiektu horiek, jendea animatu horietan izen ematera edo parte hartzera. Nik bizitako zerbait kontatuko dut: Izarkomekin daukat mugikorra eta konturatzen naiz oraindik inguruko jende askok ez duela ezagutzen. “Zer da hori? Nola egin duzu?”, galdetzen dit askok, eta beraz, horien zabalkundeari eutsi nahi diogu. Baina ez gara soilik ari kooperatibei buruz! Maila guztietako eragileak saretu eta indartzeaz ari gara.
Jendeak zer egin behar du mugimenduan parte hartzeko?
Itziar: Topaketen eskema bat zabalduko dugu sareetan eta bertan egongo da izena emateko aukera, harreman agenda osatu dioen lekuan. Bestalde, Topaketen egunean proposatuko dugun egitarau oparoan besterik gabe parte hartzeko aukera egongo da, noski! Horrez gain, Herri Mugimenduaren mapeo bat ere egiten ari gara, hori ere proiektu honen helburuetako bat baita, jakiteko zonaldeka zer aukera dagoen, nola gauden, zer dugun faltan...
Ekaitz: Arlo bakoitzean zer kolektibo eta kooperatiba dagoen, adibidez.
Euskal Herriko herri mugimenduen mapeoa egitea lan handia da...
Itziar: Bai, badakigu. Zonaldeka joango gara mapeoa egiten, txikitik handira elikatzen. Dakigun arren, lagun batek dioen moduan, mapeoa amaitu orduko berriro hasi behar dela, etengabe eraldatzen baita Euskal Herriko Herri Mugimendua, zorionez! Gaur egun eskura dauden teknologiek lan hori egiteko erraztasunak ematen dituzte. Helburua ez da herrialdeka taldeak sortzea, gero nazio mailako koordinazioa eta abar egitea, inondik inora ere ez, baizik eta zonaldeka eta harreman naturalen bitartez elikatu nahi den mugimendu bat sortzea.
Burujabetzaren aldeko topaketak Tafallan, zein da asmoa?
Itziar: Egun osoko egitaraua izango da. Batez ere eguneko eskaintzan jarri nahi izan dugu indarra eta ez horrenbeste gaueko parrandan –agian hurrengo urtean, denon artean erabakiz gero, egingo dugu zerbait luzeagoa, kar kar–. Helburua da ilusio giroan, jaia eta borroka uztartuz, arloz arloko eragileen topaketak egitea. Horrez gain, egun horretarako eskaintza oparoa ere prestatzen ari gara: kirol ekimen herrikoiak, umeentzako eskaintza hezitzailea, sortzaile, laborari eta ekoizleen azoka, ikuskizunak, desobedientzia tailerrak eta hitzaldiak, konspirazio-bazkari berezia... Azken hau konspirazio gunea izatea nahi dugu eta, arratsaldean, eguna ospatzeko kontzertuak.
Ekaitz: Hala ere, arloz arloko bilera horiei eman nahi diegu batez ere garrantzia. Lehen aipatu ditugun arlo horietako bakoitza elkartzean, hainbat galdera proposamen izango dituzte eztabaidagai: Nola gaude gure eragilean? Zer behar dugu hobeto egoteko? Zer eman diezaiokegu elkarri gure arloko eragileok? Elkartuz gero, zer eskaini diezaiokegu askapen prozesuei? Eragile horietako batzuk gaurdanik lantzen ari dira zer antolatu nahi izango duten, hitzaldiak eta abar.
Eta topaketak eta gero, zer?
Itziar: Oraingoz kontaktatu ditugun eragile guztiek era positiboan erantzun dute eta parte hartzeko prestutasuna adierazi digute, izan kooperatibak edo herrietako mugimendu txikiak... ilusio polita zabaltzen ari dela ematen du! Berez, topaketa horietan elkarren arteko bide-orri bat osatzea litzateke helburu gorena. Egun horretan, Euskal Herriko prozesu askatzaileak elikatu eta saretzen jarraitzeko zer behar dugun identifikatu nahi dugu, esaterako, komunikazioari begirakoak. Webgune edo atari digital dinamiko bat sortzea aurreikusten dugu jendeak bere euskarriak edota deialdiak igo eta gainontzekoon eskura jartzeko. Zer behar du herri mugimenduak? Zer behar dugu? eta zer eman dezakegu? galderei erantzun behar diegu. Herri mugimenduok era askotako beharrak izaten ditugu: adibidez, ez dakit zein herritan postutxoak behar badituzte eta norbaitek eskura baditu uzteko moduan, edo emakumezkoen taldeen kontaktuak behar baditu norbaitek kontzertuak lotzeko... bi adibide besterik ez dira. Guk Euskal Herriaren burujabetzari zer ekarpen egin diezaiokegun ere pentsatu nahi dugu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
Komunikazio ministro eta gobernuaren bozeramaileak iragarri du neurria. Berehala galdetu diote ea mehatxuren batek bultzatu duen erabakia, eta horri erantzun dio "mehatxua Israelgo eskuin muturretik" datorrela.
Iñigo Urkullu lehendakari ohiak adierazi du Txiki eta Otaegi Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktimak direla, eta hala "errespetua" merezi dutela. Haien biktima izaera ezin dela zalantzan jarri azpimarratu du.
Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".
Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]
Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko.
Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]
Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]