Angolan lehorteak 2,3 milioi pertsona mehatxatzen ditu, baina nori axola zaio?

  • Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean dabiltza egunero. Gainera, txarrera doan testuinguru sozioekonomikoari ere aurre egin behar diote. Guzti hori hedabide handien interesetik eta arretatik urrun. 

AEBek USAID laguntza humanitariorako agentzia itxi izanaren ondorioz, laborantzan ureztatze sistemak hobetzeko asmoa zuen proiektu bat dirugabeturik gelditu da Angola hego-mendebaldean. Argazkia: COSPE elkartea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urrun diren bertze herrialde txiroak bezala, gure latitudeetako hedabide handietan oso guti aipatu ohi da Angola. Euskal Herrian, herrialde hura ezagutzen duten gehienak atun arrantzaleak dira, baina han gaindi ibiltzean Benguela korronteko ur aberatsak dituzte xede. Itsasoan Benguela korrontea sortzen duen haizeak lurrean klima lehorra sortzen du Angola hego-mendebaldean. Cunene, Huíla, eta Namibe probintzietan euriteen urtaroa laburra da, eta adi egon behar dute bertako laborariek, ereintza une egokian egiteko.

Baina 2019tik gaur egun arte, hiru probintzi horietan asko ahuldu da urtaro hezea, bertan ezohiko lehortea sorturik. Salbuespen bakarra 2023ko abenduko eurite oparoa izan zen, baina euriak berandu hasi ziren, horren ondorioz uzta garaian etekina ez zen nahiko izan. Gaur egun, bertako 2,3 milioi pertsonek pairatzen dituzte lehortearen ondorioak. Estimatzen da gutienez etxeen %20an otordu kopuru normala ezin dela ziurtatu, ez bada etxeko jabetzak likidatuta epe laburrerako janaria erosita. Uzta garaietatik aparte, hazkurri desegokitasunaren –edo elikapen eskasaren– maila altua da. Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren arabera, 2,3 milioi pertsona horetarik 500.000 bortz urtez peko haurrak dira.

Lokatzaren bila putzuak aitzurtu

Cunene probintzian 2019an jadanik egoera gogorra zen. Ondjiva hiriko urtegia laster hustu zen, eurite urtaro eskasarengatik –edo zehazkiago, ura bazegoen baina lurzoruaren mailaren azpian, geruza freatikoan–. Bertze baliabiderik izan ezean, bertako hainbat familia hasi ziren lokatzean putzuak zulatzen, gehienak hiru metroko sakonera arte, batzuk dozena bat metrokoak, bertan zegoen uraz baliatzeko. Ura baino, lokatz gazia dute aurkitzen, eta putzuen aitzurtze eta mantentze lanak emakumeen eta haurren esku dira. Emakumeek, gainera, egurra saltzen distantzia luzetan ibili behar dute, janaria erosteko dirua lortzeko. Gizon helduak urtaro lehorrean ez daude etxean: abereekin transhumantzia egin ohi dute eremu berdeagotara –eta urtez urte etxetik gero eta urrunago joan behar izaten dute–. Putzuetatik ura lortzeak egunean lau eta zazpi ordu arteko lan nekea eskatzen du. Batzutan buztin hezeko putzu horien paretak erortzen dira eta zulatzea berriz abiatu behar da. Erortzen ez badira ere, lokatz buztintsua etengabe ari da isurtzen eta egunero putzu zolatik atera behar da, azkenean ura aurkitu arte. Baina egun guziak ez dira onak, eta batzutan zazpi ordu igarota ere, hamabi pertsonako familia batentzako 20 litro eskas lortzen dituzte. Eskolara joaten diren haurrek ez dute indarrik klaseak jarraitzeko, putzuko lanen nekaduraz eta janari eskasaz gain, askok gauez etxeko abereei edatera eramaten dietelako, lau ordu iraun dezakeen ibilbide bat eginda. Txerriak zituzten hainbat familiatan, gehienak hil dituzte, epe laburrean zerbait jateko –baina epe ertaineko baliabideak kolokan ezarrita–.

Angolako lehortea eta gosetea munduko hedabideetan gutien aipaturiko krisi humanitarioa izan da hiru urtez jarraian, 2022tik 2024ra. CARE International GKEak azpimarratzen duenez, 2024ko urtarriletik irailera, 2.000 artikulu baino gutiago argitaratu ziren munduan Angolako egoerari buruz –denbora berean 300.000 artikulu inguru atera zirelarik Barbie filmari buruz–. Lehortea pixkanaka zabaltzen den gaitza da, maiz bapateko gertakaririk gabe. Ur eta janari eskasak edota nekadurak bizitzak pixkanaka hondatzen dituzte. Gertakari eskasa ote da hedabide handiek halako egoerenganako interes guti izatearen zergatia?

Egiturazko arazoekiko nahaspila

Klima aldaketak sorturiko arazoak gogorragoak dira egiturazko ahultasunak pairatzen dituzten eskualdeetan, eta Angolan hala gertatzen da. Lehortea baino lehen, egoera sozioekonomikoa prekarizatuz zihoan Huíla eta Cunene probintzietan. Alhapide komunal gero eta gehiago hazle industrialek bereganatu dituzte 2002az geroztik, gobernuaren oniritziarekin. Adibidez, Gambos-Chiange udalerrian, alhapideen %67 eskuratu dute abeltzain industrialek. 2019an Amnesty Internationalek argi utzi zuen lur emankorrenen lapurtzeek abeltzain txikiak ekonomikoki eta sozialki ahultzen dituztela, janaria ekoizteko eta lehorteei aurre egiteko gaitasunak murriztuta. Panorama horretan zabaldu dira lehortearen eraginak.

Horrez gain, azken hilabeteotan kolera zabaltzen hasi da berriz Angolan, eta kolpaturiko probintzietarik bat Huíla da. Ur edangarri eskasak gaitz horren zabalpena errazten du, eta janari eskasak nekaturiko gorputzetan are latzagoak dira ondorioak. Egoera ekonomikoak ere ez du laguntzen, monetaren debaluazioak inportaturiko janarien prezioa emendatu baitu. Nazioarteko Diru Funtsak Angolako Gobernuari eskatu berri dio gasoilarentzako dirulaguntza publikoak etetea, estatuaren finantzak hobetzeko gisan. Alta, badira garai hobeak finantza publikoen doiketak egiteko...

Azkenik, kolpe latza eman dio Angolari AEBek USAID laguntza humanitarioak eten izanak. Dirugabetu den ekimenetako batek, hain zuzen, laborantzarako ureztatze sistemak hobetzeko asmoa zuen. Badira garai hau baino garai hobeak halako egitasmoetan eragiteko, are gehiago eteteko, baina AEBetako buruzagitzak erakutsi duenez, ondorioez axola gutxi.

ARGIAren 2894 zenbakiko Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen erreportajean aipatzen genuen bezala, Hego Sudanen 2019tik soberan dute euria, hain zuzen, garai beretik Angola hego-mendebaldeari eskas zaiona. Bi kasuetan erruduna ezaguna da: klima aldaketa, eta horrek dakarzkien euri zikloen desoreka. Peter Gleick ur zikloaren adituak dioenez, oraingoz klima aldaketak sorturiko hondamendien %90 inguru ur eskasari edota uholdeei lotua zaie. Angola oi, qu'povo sabe? (“Angola, oi zer daki herriak?”) abesten zuen Cesaria Evorak. Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa pairatzen duen herrialdeaz pixka bat jakinarazi nahi genizuen bederen. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


2025-07-09 | Itxaro Borda
“Azpian lur hotza”

Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]


2025-07-03 | Nicolas Goñi
Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte

Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]


Erregistratutako ekainik beroena izan da aurtengoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Iluntasunean argi, argi etorkizunean

Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]


2025-05-23 | Elhuyar
Ipar globaleko konpainia gutxi batzuk dira baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazken arduradun nagusiak

Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]


2025-05-21 | Nicolas Goñi
Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko

Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri  honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta... [+]


2025-05-16 | Elhuyar
Europako hiriak huts egiten ari dira klima-aldaketarako egokitzapenetan

Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]


2025-05-14 | Jesús Rodríguez
Kolapsoaren entsegu bat

Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


2025-04-30 | Nicolas Goñi
India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana

Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]


Eguneraketa berriak daude