ELA

Mikel Noval: "AHTa egiteko 10.000 milioi euro bideratzea ez da lehentasun bat"

  • Ekainaren erdialdean ELAko kongresuan Mikel Noval deustuarra berriz aukeratu zuten Gizarte Politikako, Azterketa Bulegoko eta Ingurumeneko arduraduna izateko. Beste lau urtez jardungo du karguan eta bere bulegoan hartu gaitu Indarberritzen leloa zeukan kongresuaz eta kongresuaren ondorioez berba egiteko. 

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko uztailaren 04an - 10:37

Kongresuaren leloari erreparatuta nahitaezko galdera: indarberrituta atera al da ELA? 

Kongresua aprobetxatu dugu militanteekin egoeraren inguruko hausnarketa sakonagoa egiteko eta sindikatua indarberritzeko. Aurretik egindako hausnarketa baten ondorioz, kongresuan bide beretik jarraitzeko helburuarekin atera ginen. Langile klaseak, eta gizartearen gehiengoak oro har, oso egoera zaila bizi du eta gure helburua da tresna baliagarria izatea jazotzen ari garen eraso neoliberalari aurre egiteko, hau da, lantokietan, prekaritatearen aurkako borroka antolatzeko eta aurrera eramateko tresna izan behar dugu gizarte ereduaren inguruan politikak aldatzeko, baita subiranotasun prozesuan aurrera egiteko ere. 

Gizarte Politikako, Azterketa Bulegoko eta Ingurumeneko arduraduna izateko aukeratu zaituzte berriz kongresuan eta bertan esan zenuen gizarte politikak goitik behera aldatu behar direla. Zein izango litzateke aldatuko zenukeen lehena? 

Guk uste dugu arlo sozialean eman behar diren aldaketak eman daitezen zergetan eta diru bilketan aldaketa bat gertatu behar duela. Aztertzen bada Europa mailan zer egoeran dagoen herri bakoitza ikusten da toki bakoitzean errealitate ezberdina dagoela, ezin dela Europako ongizate estatuari buruz hitz egin, eta hori guztiz lotuta dago zergekin. Ez badago dirurik ezin da osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan ditugun beharrak bete, eta ELAk beti planteatu du gizarte ereduaren gainean eztabaidatzean lotura bat egon behar dela inbertsioa eta diru-sarreren artean. Askotan esan dugu, gainera, zergetan dagoen egoera onartezina dela eta bi ondorio dituela: batzuek ordaintzen dugu eta beste batzuek ez, eta ez dela diru nahikorik biltzen gizartean dauden beharrak asetzeko. 

Zein da zuen planteamendua? 

ELAk programa oso bat dauka non planteatzen dituen aldaketak inbertsio sozialetan zein zerga sisteman. Gainera, hemengo erakundeek aldaketak egiteko eskuduntzak dauzkate, iruzur fiskalaren aurkako borroka egiteko edo sozietateen zerga beste modu batean arautzeko, adibidez, baina ez dago borondate politikorik eta azkenean aplikatzen diren politikak neoliberalak dira. 'Neoliberalismo lokala, planteamendu globala' aplikatzen ari da esparru guztietan eta horri aurre egiteko aldaketa sakonak egin behar dira, ez bakarrik diru-sarreretan, gastuetan edo inbertsio sozialetan; baizik eta aldaketa kulturalak edo beste motatakoak, kongresuan planteatzen ditugunak.   

Kongresuko Ponentzia Orokorrean argi diozue aliatuak bilatu behar dituzuela, baina nor? 

Ponentzian argi diogu gu sindikatu bat garela eta gure lehengo aliatuak sindikatuak izan behar direla. Norekin ikusten dugun aliantza hori? LABekin, UGT eta CCOOrekin ez dagoelako eredua aldatzeko aukerarik. Prozesu bat egiten ari gara aliantza lantzeko eta sendotzeko sindikatu batek dituen esparru guztietan: lan-esparruan, gizarte ereduan eta subiranotasun prozesuan. Gure aliatu nagusia LAB bada ere, beste sindikatuekin ere (STEILAS, ESK…) aliantzak egiteko aukera planteatzen dugu ponentzian eta bi baldintza jartzen ditugu: goitik beherako aldaketa egin behar dela defendatzea eta Euskal Herriaren markoa defendatzea. 

Sindikatuez gain beste eragile batzuekin aliantzak egiteko asmoa duzue. 

ELAk oso argi dauka, gainera, esparru sozialean eragile sozialekin ere elkarlana egin behar dugula beharrezkoa delako esparru sozial-sindikal potente bat, autonomoa, botere politiko eta ekonomikotik zein alderdi politikoetatik independentea eta mobilizaziorako indar gaitasun propioa daukana. Horregatik Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan buru-belarri gaude. Adibidez, bihar (elkarrizketa ekainaren 28an egin genuen) diru-sarrera bermatzeko errentaren aldeko dinamika baten mobilizazio bat izango dugu, gero egongo dira TTIP/ CETAren aurkakoak eta abar.  

Gauza jakina da legeak legebiltzarretan egiten direla, beraz aliantza politikoak ere ezinbestekoak zaizkizue. 

Asko hitz egin dugu azkenaldi honetan eta ponentzian jasotzen da. Gure ustez ezkerrean dauden alderdi politikoek planteamendu argi bat egin behar dute eta momentuz ez dago halakorik. Ezker politikoa behar dugu, koherentea, planteamendu alternatibo bat, argia eta garbia, egiteko eta defendatzeko. Ez ditugu babesten EAJri akordioetara iristeko ezkerretik egiten zaizkion eskaintzak, politika neoliberal hutsa egiten duelako. Adibidez, Arabako aurrekontuetan EH Bilduk akordio bat egin zuen EAJ eta PSE-EErekin eta onartu ziren aurrekontuak neoliberalak ziren. Guk argi esaten dugu elkarlan bat egin nahi dugula politikariekin, baina gure planteamendua da mugimendu sozialetik eta sindikaletik politika interpelatzea eta planteamendu alternatibo batera bultzatzea. Noski, ezkerrean dauden alderdi politikoen gainean hitz egiten ari gara. 

Nori buruz ari zara? 

EH Bilduri eta Elkarrekin Ahal Duguri buruz, eta eztabaida estrategikoa daukagu beraiekin. Zentzu horretan ezberdina da guk momentu honetan daukagun aliantza esparru sindikal eta sozialetan; Kartan egiten ari garen interpelazio politikoa oso argia delako. Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen inguruan mobilizazioak egin ditugu, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen inguruan eta zerga politikaren inguruan ere bai. Funtsean, Kartan dugun programa soziala oso argia da, badaukagu planteamendu bat eta alderdi politikoei eskatzen diegu hori defendatzeko. 

EHUko Udako ikastaro batean AHTri diru publikorik ez jartzea eskatu zenien euskal erakunde publikoei. Zergatik ez dugu Euskal Herrian AHTrik behar? 

Laburbilduz, proiektu horrek ez die erantzuten hemen Euskal Herrian ditugun mugikortasun arazoei. Pertsonen mugikortasun beharrak eta garraioak dakartzan mugikortasun beharrak ez dira asetzen AHTrekin. Proiektu horrek ez dio erantzuten hemen dauden beharrei. Behar handiak ditugu.

Ez al da beharrezkoa Bilbok eta Madrilek bi ordutan lotuko dituen abiadura handiko tren bat? 

Ez da lehentasun bat eta horretarako 10.000 milioi euro bideratzeak ez dauka ez hanka ez buru. EHUko Ekopol taldeak egindako txostenean aztertuta dago, non errentagarritasun soziala eta ekonomikoa eta ingurumenean izango duen eragina aztertzen diren. Gainera, proiektua babesten dutenek esaten dutena ontzat emango bagenu ere, ematen dituzten datuetatik ez litzateke bat bera beteko. Zu edo ni agian inoiz Madrilera joango gara, baina hilean nik bidaia pilo bat egiten dut metroan, eta AHTa egiteko 10.000 milioi euro bideratzea, beste leku batetik kendu behar direnak, ez da lehentasun bat. Gainera, AHTren eztabaida bere osotasunean egin behar dela aipatzen dugunean, ikastaroan komentatzen zuten bezala, azterketak serio egin behar direla eta serio egin direnean 'aukera kostua' kontuan hartu dela diogu. Pentsa zer egin daitekeen 10.000 milioi eurorekin eskoletan. Baina hemen dago elite finantzario eta politiko bat erabaki duena hemen bai ala bai egin behar dela AHT eta ez buru ez hanka izateaz gain, guk ordaindu behar dugu, ordaindu beharko dugu, eta etorkizunean frogatuko da astokeria bat izan dela. 

Berbaldi berean aipatu zenuen AHTren inguruan ez dela eztabaidarik egon. 

AHTrekin kritiko izan garen mugimendu sozial, sindikal eta politikoak behin eta berriro salatu dugu ez dela eztabaidarik egon. Momentu batean AHTa egin behar zela erabaki zen, eta horren inguruko eztabaida sortzen saiatu gara. Ez dago informaziorik. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak webgunean ematen duen informazioa faltsua da eta ez da planteatu, egin behar zen bezala, alternatiba dagoenik. Protesta soziala egon dela? Bai, baina ez da eztabaidarik egon. Guk orain dela 20 urte planteatu genuen eztabaida ireki behar zela erabakitzeko zeintzuk diren hemen ditugun arazoak eta aurreko egunean portu, ubide eta bide ingeniaritza dekano batek esan zuen horrelako proiektu bat diseinatzean arazo bati erantzuna emateko diseinatu beharko litzatekeela eta hemen ez dela planteatu zein den arazoa. 

Alternatiba bila

Kongresuko ebazpenetan jasota dagoenez, alternatiba sozial eta ekologikoarekin parte hartzeko konpromisoa hartu eta Goiener eta Fiare proiektuetan sartu zarete. 

Kongresuan planteatu dugu kapitalismo honekin ez goazela inora, kapitalismo eta bizitzaren artean gatazka bat dagoela eta horrek hainbat ondorio eta hanka dituela. Orduan, guk bai planteatzen dugu politikak aldatu behar direla eta pentsatzen dugu Euskal Herrian badaudela ekimen alternatibo benetan interesgarriak eta potenteak martxan, eta Goiener horietako bat da. Oso adibide potentea da eta jendeak proiektua ezagutu behar du, jende gutxik ezagutzen duelako. Gainera, ELA aldaketarekin konprometituta dago, eta pedagogia egin behar dugu jendeak proiektu alternatibo hauek ezagutu eta parte har dezan, eta kongresuan aprobetxatu genuen hauek aurkezteko eta argibideak emateko jendeak alta eman dezan. Elkarlanean gaude hainbat eragile sozialekin eta azkenean bat egiten dugu ereduan. 

Hurrengo Alternatiben Herria ere martxan duzue, Iruñean 2018ko ekainaren 2an egingo dena. Zer berrikuntza ekarriko duzue? 

Azkenean Bilbon egin zena prozesu baten emaitza izan zen, ez zen aurretik sinatutako zerbait izan, eta ikusi zen parte hartu zuten eragile piloak antolatu nahi izan zuena. Berrikuntza baino, Bilbon egin genituen akatsak edo mugak gainditzeko aukera izango dugu eta benetan espero dugu arrakastatsu izatea eta jende eta eragile asko inplikatzea, Goiener bezalako proiektuak ezagutzera eman daitezen eta jendeak parte har dezan. ELAn Bilboko Alternatiben Herriaren balorazioa egin genuenean konturatu ginen militante askorentzat oso positiboa izan zela ekimen interesgarriak ezagutzeko aukera izan zutelako eta prozesuak elkarlanerako ematen dituen aukerak eta hortik aurrera horiek sendotzeko balio izan zuela Bilboko Alternatiben Herriak. Ez dakit Iruñekoa desberdina izango den, prozesua martxan jarri da, denboraz hasi gara eta espero dugu ondo ateratzea. 

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ELA
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Asier Guerra Herrero, Cecosako langilea
"Eroskin higadura fisiko handia jasaten dugun langileontzat gutxieneko baldintzak lortu ditugu"

Elorrioko Eroskiren produktu ez-galkorren biltegiko Cecosa azpikontratako langileek oso baldintza kaskarretan dihardute: biltegiaren azken katebegian egiten dute lan zama handiekin, eta Espainiako estatuko hitzarmena aplikatzen zaie. Abenduaren 11tik 16ra grebara jo zuten eta... [+]


2024-01-04 | Jon Torner Zabala
Jende gutxiago dago langabezian, baina prekarietatea "pandemia" bilakatzen ari da

Hego Euskal Herrian, 2023ko abenduan urtebete lehenago baino 4.641 langabe gutxiago zegoela jakinarazi berri du Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Sindikatuek, dena den, datu horren itzalean dagoen errealitateaz ohartarazi dute. ELAk, adibidez, gogorarazi du lau lan... [+]


2023-12-07 | Gedar
Aste honetan greba egingo dute Gipuzkoako Lidleko langileek

Ostegunean eta larunbatean izango dira lanuzteak, Lidl supermerkatuetako beharginen lan-baldintzak hobetzearen alde.


Eguneraketa berriak daude