Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

  • ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuetako ordezkariak HELaren sinadurekin. LAB sindikatua

2025eko abuztuaren 22an - 10:47
Azken eguneraketa: 12:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek 138.495 sinadura erregistratu dituzte ostegunean Eusko Legebiltzarrean, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban gutxieneko soldata propioa ezartzea ahalbidetuko duen Herri Ekimen Legegilea (HEL) bultzatzeko. Hiru hilabete eskasean lortutako "arrakasta izugarria" azpimarratu dute sindikatuek, izan ere, HELa tramitatzeko sinadura kopurua urrundik gainditu du. Legebiltzarreko eztabaida lehenbailehen irekitzera dei egin diete alderdiei, eta herritarren borondatea aintzat hartzea eskatu diete.

HELak proposatzen du Eusko Legebiltzarrak eska dezala Langileen Estatutuaren 27. artikulu bat aldatzea, artikuluak, estatu osoan gutxieneko soldata berdina izan behar dela zehazten du. Aldaketak, autonomia erkidegoei beren gutxieneko soldata finkatzeko eskumena emango lieke, uste baitute euskal errealitate sozioekonomikoa ez datorrela bat Espainiako Estatu osokoarekin. Sindikatuek azpimarratu zuten helburuak lan pobreziari aurre egitea eta bizi baldintzak hobetzea direla, eta 138.495 sinatzaileei "entzuteko" eskatu diete alderdiei, Berriak jakinarazi duen arabera.

1.500 euroko gutxieneko soldata proposatu zuten ELAk eta LABek, Confebaskek ez zuen ezta negoziatu ere

ELA eta LAB sindikatuek gogorarazi dute hilean 1.500 euro gordineko (21.000 euro urtean, hamalau ordainketatan) proposamena aurkeztu zutela gutxieneko horretarako erreferentzia gisa, indarrean dagoen Estatuko Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino handiagoa. Confebaskek gutxieneko soldata negoziatzeari uko egin zion, eta ez zen ezta bilerara aurkeztu. Hori horrela ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregik salatu du Confebaskek ez duela errespetatu herritarren borondatea.

Eusko Legebiltzarrean onartzen badute ekimena, Madrilera joango da proposamena, Igeregik azaldu duen moduan: "Hemen onartuko den beste hipotesirik ez daukagu guk. Madrilera iritsitakoan ikusi beharko da hemengo alderdientzat ezinbesteko ekimen bilakatzen den eta Madrilekin dauzkaten akordioetan sartuko ote duten". 

Helburua Hego Euskal Herria osoan onartzea da, hala ere, nahiz eta Nafarroan milaka sinadura lortu, Nafarroako Parlamentuak ez zuen onartu eztabaida aurrera eramatea. Sindikatu abertzaleek haien partetik, Nafarroako alderdi politikoei eskatu diete proposamena eztabaidara eramatea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soldatak
Eguneraketa berriak daude